Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Espainia

Amaierarik gabeko kanpaina

Laugarren hauteskunde orokorrak dituzte 2015. urtetik. Inkestek aurreikusten dute PSOEk irabaziko duela, baina berriz ere babesa beharko du gobernua osatzeko

Pedro Sanchez PSOEren hautagaia, Viladecansen (Bartzelona) egin zuen ekitaldian, herenegun. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen Francoren diktadura amaitu zenetik Espainian egingo den hauteskunde kanpainarik motzena; astebete soilik iraungo du, hauteskundeak errepikatzeari buruz 2016an onartutako legeak ezartzen duen moduan. Hauteskunde kanpainak ia urteroko kontua bihurtu dira jada: 2015. urtetik egin diren hauteskunde orokorretan laugarrenak izango dira hilaren 10ekoak.

Helburua da behingoz gobernu egonkor bat osatzea eta gehiengoaren babesa duen presidente bat izendatzea. PSOEren eta PPren kanpainako lemek mezu argi hori dute: sozialistek Orain bai dioena hautatu dute, eta popularrek, berriz, Elkartzen gaituen guztiagatik. Boz hauetarako, hautagaiek alde batera utzi dituzte apirileko kanpainaren ezaugarri izan ziren mezu erasokorrak.

Kanpaina aurreko azken egunetan argitaratu dituzte hautesleen asmoen inguruko inkesta nagusiak. CIS Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroaren ikerketak pare bat ondorio argi utzi ditu: botoa emango ez duten hautesleeen %35ek ez dute bozkatuko politikaz «nazkatuta» daudelako, eta handia da oraindik botoa erabaki ez dutenen kopurua. Parte hartzearen apirileko aurrekaria historikoa izan zen —hautesleen %75,5ek bozkatu zuten—, baina ikusteko dago errepikapenak zer ondorio izango dituen. Hauteskundeen azken errepikapenean, 2016an, %3 soilik jaitsi zen parte hartzea.

CISek eginiko inkestak aurreikusten du PSOEk gorakada handia izango duela: 133 eta 150 diputatu artean lortuko dituela dio—123 lortu zituen apirilean—, eta, Unidas Podemosen 37-45 diputatuei gehituz gero, indar subiranisten babesik gabe gehiengoa lortzeko adina izan daitezke (176). CISena, ordea, ez dator bat beste inkesta gehienekin, eta kontuan izan behar da azken asteetan Espainiako politikan protagonista izan diren bi gertakariren aurretik egin zutela: Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaia jakinarazi baino lehen, eta Francoren hilobia oraindik Erorien Haranean zela. El País egunkariak eginiko inkesten batez bestekoaren arabera, PP eta Vox alderdiak aterako lirateke indartsuen azken bi gertakari horietatik; Santiago Abascalen alderdia hirugarren indarra izango litzateke, UPrekin lehian.

Sanchezi Espainiako Hauteskunde Batzordeak eman dio kanpainako lehen ezustekoa. Jarduneko presidenteari espediente bat ireki zion, herenegun, La Sexta telebista katearrekin elkarrizketa bat egiteagatik Moncloako jauregian. Presidentearen bizilekuaren «erabilera elektoralista» egitea egotzi zion PSOEko hautagaiari batzordeak. Sanchezek erantzun zuen hauteskunde batzordeak baimentzen duela Moncloan elkarrizketak egitea, «bere aurrekoek egin zuten moduan»; Mariano Rajoy presidente ohiari buruz ari zen, 2016an ez baitzuten zigortu arrazoi beragatik.

Kanpaina hasierako beste eztabaida nagusiak PP zipriztindu du; eldiario.es egunkari digitalak herenegun argitaratu zuenez, popularrekin lotura duen komunikazio agentzia bat dago PSOE eta UPri botoa ez emateko eskatzen duen kanpaina baten atzean. Sozialistek bidali diote salaketa hauteskunde batzordeari, «intoxikazio kanpaina» aztertzeko, eta Pablo Casado PPko liderrak esan du haiek «garbi» jokatzen dutela.

Katalunia eta federalismoa

Kataluniako afera da hauteskunde kanpainako gai nagusia. Duela egun batzuk, hainbat hedabidek argitaratu zuten PSOEk bere programatik kanpo utzi zuela estatu federal bat osatzeari eta Espainiaren nazio aniztasunari buruzko puntua. Sanchezek, ordea, argitu zuen zabaldu zen programa hura amaitu gabe zegoela, eta estatu federala dela euren proposamena. PPk, berriz, konstituzioko 155. artikulua aplikatzearena kendu du programatik.

Espainian bipartidismoa hautsi zenetik lehen gobernu egonkorra osatzea ez da erraza izango, eta ez dirudi jokalekuan aldaketa nabarmenak izango direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.