Koronabirusa

Langileei tenperatura neurtzen

Momentuz, higienearekin eta lan bidaiekin loturiko neurriak hartu dituzte enpresek. Kontziliazio neurriak aztertzen ari dira, eta etxetik lan egitea indarra hartzen ari da.

Segurtasuneko langile bat, ahoa estalita, administrazioaren eraikin batean, erabiltzaileekin hizketan. RAUL BOGAJO / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Koronabirusaren arriskuak gutxitzeko estrategien bila ari dira lantokietan. Baina lanak bezainbeste neurri egon daitezke. Higienearekin loturikoez gain, enpresa batzuek atzerrira egiten dituzten bidaiak murriztu dituzte. Horrek guztiak eragin du bideokonferentzia eta gisakoen ugaritzea. Eta telelanarena.

Bizkaiko patronalak zirkular bat bidali zien atzo bere bazkideei. Etxean lan egiteaz gain, beste neurri batzuk aipatu zituen: besteak beste, lanaldia malgutzea, norberaren kontuetarako diren jaiegunak orain hartzea, oporrak aurreratzea, lanaldiak murriztea, borondatezko eszedentziak eskaintzea edo aldi baterako lan erregulazio txostenak. Egunkari honek kontsultatu dituen enpresa eta erakundeek azaldu dutenez, instituzioetatik jasotzen dituzten berri eta oharren arabera ari dira jokatzen; azpimarratu dutenez, baina, langileentzako babes neurriak eta lan jarduerak egun batetik bestera alda ditzakete.

Finantza erakundeetan, esaterako, antzeko neurriak dituzte banku guztiek. Kutxabanken, «momentuz», ez dute aurreikusten bezeroentzako bulegoak ixtea eta hango langileek «neurri berezirik» hartzea. «Informazio berrien zain gaude; ez badugu abisurik jasotzen, normaltasunez jarraituko dugu zerbitzua ematen, okindegi batean bezala».

Barne komunikazioa lantzen ari dira; prebentzioaren alorra, bereziki. Neurri zehatzen artean, bi: ez bidaiatzeko, eta aurrez aurreko barne bilerak eta formakuntza ikastaroak bertan behera uzteko. Enpresa barruko atal batzuetan telelana zabaltzeko aukera ere aipatu dute; «atal kritikoenetan», diruzaintzan, adibidez. Gauza bera aztertzen ari dira Laboral Kutxan ere.

Oreka ITk zerbitzu informatikoak eskaintzen dizkie beste enpresa batzuei, eta euren bezeroen protokoloen arabera ari dira jokatzen; horren araberakoa izango da etxetik lan egin ala ez. Administrazioan, Eusko Jaurlaritzak 227 funtzionario zituen etxean lanean krisiak eztanda egin baino lehen. Azaldu dutenez, aztertzen ari dira aukera hori nola zabaldu «lanpostu estrategiko» batzuetara, zerbitzuak bermatuz.

Baina arazo bat dago etxeko lanarekin. Hala gogorarazi zuen asteartean Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak: Euskal Herriko ehun produktiboa gehienbat industriala dela, eta lantegietako lana ezin dela kanpora eraman. Zer egin horrelakoetan? IMQ mutualitateak bere bezeroei gogorarazi die higienea funtsezkoa dela, bai langileen artean —eskuak garbitzeko baliabideak jartzeko eskatu die enpresei—, bai instalazioetan: gomendatu die garbiketa sakona egiteko heldulekuetan eta, eta ekipamendua edo lan tresnak garbitzeko, baita partekatzen diren gailuak ere, erabilera baten eta bestearen artean.

Eta badirudi enpresak kontzientzia hartzen ari direla. A&B Bioteknologiako laborategiak —eskuetarako garbiketa produktuak ekoizten dituen Arabako enpresa bat— jakinarazi du aste honetan bere ekoizpena %100 handitu duela; industrietara bidaltzeko, bereziki.

Kontrolak sarrera-irteeretan

Horietako bat da Siemens Gamesa. Asteartean, ohar bat bidali zien bere langileei: bulegoetakoei eskatu zien gutxienez hurrengo bi asteetan etxetik lan egiteko. Ekoizpeneko langileei, berriz, zenbait arau ezarri dizkiete: adibidez, bi metroko tartea gordetzea kantinan bazkaltzen daudenean eta erretzera ateratzen direnean. Neurri horiei gehitu dizkiete erakundeek gomendatutako besteak: adibidez, agurtzerakoan ez ematea musurik eta bostekorik.

Hala ari dira CAFen ere. Hango iturriek azaldu dutenez, oraingoz «neurri logikoak» baino ez dituzte ezarri. Higienearekin loturiko aholku eta protokoloez harago, bertan behera utzi dituzte arrisku gune diren herrialdeetara —eta bereziki Italiara— egin beharreko bidaiak, eta «ahal den neurrian» mugatu dituzte munduko beste edozein tokitarakoak. Bisitak ere ez dituzte jasotzen, eta bilerak bideokonferentzia bidez egiten dituzte. Telelanerako aukera, baina, oraindik ez dute proposatu.

Baina lantegiak ez daude bakartuta. Kanpotik ekarritako materialak behar dituzte, eta egiten dutena kanporatu behar dute. Konpainia batzuk galdetegiak egiten ari zaizkie garraiolariei, nondik datozen egiaztatzeko. Eta gorputzeko tenperatura kontrolatzen diete, sukarra duten ala ez jakiteko. Hala ari dira Siemens Gamesan, adibidez.

Eta asteazkenetik, baita Indar enpresan ere. Hara joaten den edonori —izan garraiolari, mezulari edo langile— neurtzen diote tenperatura. Eta 37,5etik gora gradu badituzte, ez diete sartzen uzten, edo etxera bidaltzen dituzte, enpresako beharginen kasuan. Argitu dute, baina, oraindik ez dela halakorik gertatu. Bestela, lantegira sartzen diren guztiek eskuak garbitu behar dituzte sarreran egokitu duten gunean.

Petronorren, berriz, protokolo bat dute, eta, horren arabera, langileen %10etik gorak gaixo agiria jasoko balute, aparteko neurriak hartuko lituzkete; besteak beste, lan dibisio jakin batzuk gelditu egingo lituzkete. Plana ez da bakarrik barruko langileentzat; enpresa kontratistentzat ere bada, eta Bilboko portuko Petronorren itsas terminalean ezarriko dituzte, handik irten eta hara iristen diren petrolio ontzientzat.

Baliteke koronabirusaren krisia mugarri izatea lan egiteko moduetan. Telelanaren gisako modalitateek denbora daramate zabaltzen, baina ekoizpen sisteman modu garrantzitsuan ezartzera iritsi gabe. Orain, halabeharrez, enpresa asko esperimentatzen ari dira horrekin. Ikusteko dago, baina, iraungo ote duen, eta zer baldintzatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.