Emakumeen Nazioarteko Eguna

ELAk eta LABek ere eskatu dute zaintza sistema ez dadila «negozio» izan

Bi sindikatuek adierazi dute bat egingo dutela mugimendu feministak iragarritako greba orokorraren deialdiarekin. LABen arabera, sistemak «erabat» aldatu behar du

Tentsio momentuak izan ziren LABek antolatutako manifestazioa Sabin Etxearen aurretik pasatutakoan. GORKA RUBIO / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Kalera atera dira sindikatuak. Mugimendu feministaren moduan, denek ala denek izan zuten zaintza hizpide atzo, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Atzo goizean iragarri zuen Euskal Herriko mugimendu feministak greba orokorra egingo duela zaintza eskubideen alde, eta eskatuko duela zaintza ez dadila izan «negozio». ELAk eta LABek gutxira adierazi zuten bat egingo dutela deialdiarekin; Steilasek ere babesa agertu zion agerraldian.

ELAk Bilbon egin zuen ekitaldi nagusia, Campos antzokian, eta, ondoren, manifestazioa, Feministak garelako, publikoaren alde! lelopean. Leire Gallegok «kezka» adierazi zuen «azken urteotako murrizketen eta pribatizazioengatik», eta «doako» zaintza sistema «duin eta publikoa» aldarrikatu du. «Pribatizaziora jotzen denean, zaintza esfera pribatura mugatzen da; familietan geratzen da, emakumeen bizkar», azaldu zuen.

Pankarten bidez, ikusgaitasuna eman nahi izan zieten borrokan ari diren hainbat sektoreri; Osakidetzan, zaintza lanean —zahar etxeetan bereziki— eta garbiketan ari diren kideei, kasurako.

«Ez dago aitzakiarik»

LABek Euskal Herriko hiriburu nagusietan egin zituen kontzentrazioak, eta Bilbon manifestazio nagusia, bandera gorriz eta morez lagunduta. «Borroka sindikalaren» garrantzia azpimarratu zuen Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean, eta erantsi zuen zaintza sistema publiko-komunitarioaren bidean «ezinbestekoa» dela.

Bilboko udaletxetik ekin zion manifestazioari sindikatuak. Sabin Etxetik pasatutakoan «tentsio momentuak» egon zirela adierazi zuen LABek, eta militante bi identifikatu zituela Ertzaintzak. Aranburuk berak dozenaka ertzainek inguratuta egin zuen berbaldia, eta salatu zuen «tamalgarria» zela horrela egin behar izatea.

Koordinatzaile orokorraren esanetan, egungo zaintza sistemak «aldaketa erabatekoa» behar du, eta andreen «gainbalioa lapurtzen» du. Gizonei ardurak beren gain hartzeko ere exijitu zien: «Ez dago aitzakiarik».

Etxeko langileez ere aritu zen Aranburu, eta «inork egin nahi ez duen lan hori» egiten dutenekiko «zor patriarkal, klasista eta koloniala» dagoela aldarrikatu zuen: «Gizarte moduan, ezin dugu onartu eskubideen zapalkuntza hau».

UGTk eta CCOOk batera egin zuten kontzentrazioa Iruñean, eta negoziazio kolektiboetan ipini zuten arreta, «enpresetako desberdintasunak konpontzeko tresna onena» direlakoan. Marisol Vicentek, Nafarroako UGTko Politika Sindikal eta Berdintasuneko idazkariak, genero arrakala salatu zuen: «Emakume nafarrok gizonek baino 7.000 euro gutxiago irabazten ditugu; uste dut salatzeko moduko kopuru bat dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.