Salbuespenak salbuespen eta keinuak keinu, hizkuntza gutxituak ikusezin dira Espainiako Kongresuan. Orain arte, ezinezkoa izan da gaztelania ez beste edozein hizkuntza erabiltzea ganbera horretako eztabaidetan, osoko bilkuretan edo ekinbideen aurkezpenetan —ez, ordea, Senatuan—. Egoera hori aldatzeko urratsa eginen dute PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNG talde parlamentarioek, Kongresuko araudia aldatzeko lege erreforma proposamen bat aurkeztuta. Horren arabera, euskara, katalana, galiziera eta aranera erabili ahalko dira batzorde, bilkura eta eztabaida guztietan, bai ahoz, bai idatziz.
Sei indarrek adostutako idazkian —Junts akordiotik at geratu da—, ez dira espresuki aipatzen euskara, galiziera eta katalana. Horren ordez, testuan zehazten da diputatuek aukera izanen dutela «autonomia erkidegoren batean ofizialtasuna aitortua duen edozein hizkuntzatan» aritzeko. Horrek abagune bat zabalduko luke aranera ere zerrendan sartzeko, baina ez asturiera edo aragoiera, esate baterako.
Alderdion asmoa da erreforma bi asteren buruan onartzea, irailaren 26an eta 27an egitekoa den Alberto Nuñez Feijooren (PP) inbestidura saioan aplikatzeko. Helburu horrekin, presazko bidetik tramitatu dute proposamena, eta irakurraldi bakarrean eztabaidatuko dute osoko bilkuran, irailaren 19ko astean.
Erreforma aurkeztu duten taldeek gehiengo osoa dute Espainiako Kongresuan; hortaz, uste izatekoa da arazorik gabe onartuko dutela eta berehala sartuko dela indarrean. Une horretatik aurrera, diputatuek nahieran erabili ahalko dituzte euskara, katalana eta galiziera. Hala ere, apur bat gehiago itxaron beharko dute idatzizko komunikazioetan ere hizkuntza horiek erabiltzeko. Horretarako ganberako zerbitzuak «egokitu» beharko dituztela adierazi dute, eta proposamenean zehaztua dago «beharrezko baliabide materialak eta pertsonalak» jarriko dituztela itzulpen eta interpretazio zerbitzuetan.
Sei hilabeteko gehienezko epea ezarri dute aldaketa horiek egiteko, eta, denbora horretan, talde politikoek beraiek atxiki beharko dute gaztelaniazko itzulpena. Proposamena aurkeztu duten taldeen asmoa da «presazko deialdi bat» egitea itzultzaileak behin-behinean kontratatzeko eta entzungailuak erosteko, Feijooren inbestidura saioan jada euskaraz, katalanez, galizieraz edo araneraz aritu ahal izateko. Aurrerago, lehiaketa publikoa eginen dute itzultzaileen lantaldea osatzeko.
PP: «Aberrazio bat da»
PSOEren iturriek berri agentziei adierazi dietenez, sozialistekERCrekin eta Juntsekin hartutako konpromisoaren ondorio zuzena da Kongresuko araudia aldatzeko proposamena. Independentista katalanen babesari esker, Francina Armengol (PSOE) hautatu zuten Kongresuko presidente.
Hain zuzen, PSOEren bozeramaile Patxi Lopezek txalotu egin du erreforma: «Pluraltasunak aberasten du Espainia. Gure herrialdeko hizkuntzek ematen diguten kultur ondarea defendatzeko betebeharra dugu, eta hala egingo dugu», idatzi du X (Twitter) sare sozialean.
PPk, ordea, kritika gogorra egin dio ekinbideari. Alderdiko buru eta Espainiako Gobernuko presidentegai Alberto Nuñez Feijook esan du ez duela irudikatzen Espainiako Kongresua «entzungailuz beterik». Madrilgo erkidegoko presidente Isabel Diaz Ayusok, berriz, «astakeriatzat» jo du Kongresuan gaztelania ez beste edozein hizkuntza erabiltzea: «Zentzugabekeria hutsa da. Hau ez diot katalanaren aurka edo beste ezein hizkuntzaren aurka, baina proposamen honek espainiarren arteko elkarbizitza erasaten du, eta horregatik uste dut aberrazio bat dela».
Nuñez Feijoori eta Diaz Ayusori erantzun die EH Bilduko Jon Iñarritu diputatuak, X sare sozialean.«Kosmopaletismo elebakarraren» adibidetzat jo ditu Madrilgo presidentearen hitzak, eta Nuñez Feijoori ironiaz galdetu dio ea «Espainiako Senatuan interpreteak eta entzungailuak debekatuko dituzten», han aspalditik erabiltzen baitira euskara, katalana eta galiziera eztabaidetan.
Nestor Rego BNGko diputatuak ontzat jo du proposamena, «aspaldiko anomalia demokratiko» bat zuzentzeko aukera emanen duelako: «Ulertezina da ordezkari publiko batek ezin erabiltzea hautatu zuten herritar horiexen hizkuntza».
Hil honen bukaeran onartu nahi dute euskara Kongresuan erabiltzeko araudia
Ofizialtasuna aitortua duten hizkuntzei eraginen die arau aldaketak. Erreformaren presazko tramitazioa adostu dute PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNG taldeek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu