Gizon bat atxilotu du Poliziak Mutrikun, Bilbon bikotekidea hiltzea leporatuta

Maguette Mbeugou da hildako emakumea; 25 urte zituen. Gizonaren aurkako salaketa bat jarrita zegoen Udaltzaingoan, genero indarkeriagatik. Mobilizatzera deitu dute gaurko

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Maguette Mbeugou zuen izena, senegaldarra zen, 25 urte zituen, eta adingabe biren ama zen. Indarkeria matxistak Euskal Herrian eragindako azken hildakoa da. Bilbon hil zuten, atzo eguerdian. Bikotekidearen aurkako salaketa bat ipinita zegoen Bilboko Udaltzaingoan. Hark hil zuela uste du Ertzaintzak; Mutrikun (Gipuzkoa) atxilotu zuten arratsaldean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 13:30 aldera, bizilagunek Poliziari deitu zioten, biktimaren etxean «zerbait arraroa» gertatu zela ohartarazteko. Atxuri eta Santutxu arteko Ollerietagoiena kaleko 25. zenbakian bizi zen. Etxera joan ziren ertzainek hilotz topatu zuten. Lepoa moztua zuen, eta hainbat zauri zituen gorputzean. Hilketa gertatu zenean umeak etxean zeudela baieztatu du Segurtasun Sailak.

Bilboko Udalak eta mugimendu feministak gogor gaitzetsi dute Mbeugouren hilketa, eta hainbat mobilizaziotara deitu dute gaurko. Bilboko udaletxeko eskaileretan elkarretaratzea egingo dute, 10:30ean. 20:00etan, berriz, mugimendu feministak deitutako manifestazioa Bilboko Atxuri auzoko Gizakunde plazatik abiatuko da, Eraso sexistarik ez. Autodefentsa feminista lelopean.

Bilboko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek adierazpen bat adostu dute: adierazi dute «ulergaitza» egiten zaiela gertatutakoa, eta elkartasuna azaldu diete familiako kideei. «Maguetteren hilketa genero indarkeriaren agerpen gorena da, baina egunero emakumeen kontrako indarkeriaren jarrera eta kasu asko agertzen dira, eta guztiak dira salatzekoak». Eudelek ere bestelako indarkeria motak azpimarratu ditu hedabideetara bidali duen oharrean. Emakundek gogora ekarri du hilketa matxisten atzean andreen eta gizonen arteko ezberdintasuna dagoela. Bizkaiko Diputazioak arlo pribatuan ere matxismoaren aurkako jarrera erakusteko eskatu du. Gaurko protestetan parte hartzera deitu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek.

Zazpigarren hildakoa

Mbeugourena Euskal Herrian aurten izandako zazpigarren hilketa matxista da, gutxienez. Apirilaren 20an, Florentina eta Maria Jose ama-alabak labankadaz hil zituen bigarrenaren senarrak, Gasteizen; 63 eta 43 urte zituzten, hurrenez hurren. Apirilaren 28an, 32 urteko Roxaneren gorpua agertu zen Donibane Garaziko (Lapurdi) errepide bateko bazterrean. Bikotekide ohiak aitortu zuen hark harrapatu zuela istripuz, baina prokuradoreak nahita aritzea egotzi zion. Maiatzaren 2an, Rejane Delattre agertu zen tiroz hilda Bidarten (Lapurdi); 70 urte inguru zituen; senarra espetxeratu zuten, hilketa egotzita.

Ekainaren 21ean, berriz, Sophia Losche 28 urteko alemaniarra agertu zen bortxaz hilda, Asparreneko (Araba) gasolindegi batean. Kamioilari batek hartu zuen sorterrian, autostop egiten ari zela, eta hil egin zuen. Abuztuaren 25ean, Huarten (Nafarroa), Natalia Balyuken senarrak larrialdietara deitu zuen, emazteak dutxatik erorita min hartu zuelakoan. Hilaren 27an hil zen, ospitalean, 38 urte zituela. Haren zauriak eraso batekin bateragarriak zirela antzemanda, senarra atxilotu zuten, eta espetxeratu.

Argitu gabe dago beste hilketa bat. Abuztuaren 4an, 41 urteko andre baten gorpua aurkitu zuten Baionan. 17 urteko semea atxilotu zuen Poliziak, baina aske geratu zen, prokuradorearen ustez ez zegoelako nahikoa zantzu hilketa izan zela ziurtatzeko. Haren bulegotik BERRIAri adierazi diotenez, autopsiak ez du eman «emaitza definitiborik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.