Koronabirusa

Europa, gotortuta: muga gehienak itxita

Euskal Herrian kontrolak ezarriko dituzte mugan, eta lan egiteko soilik zeharkatu ahalko dituzte herritarrek. Hilabetez Europatik irten eta sartzeko debekua aztertuko dute gaur estatu kideek

Europako Batzordeko buruak: Vestager presidenteordea eta Von der Leyen presidentea. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Birusaren aurka gotortu da Europa. Batasuneko estatuen arteko muga ugari itxita egongo dira gaurtik aurrera: hala erabaki zuten atzo Espainiako eta Frantziako gobernuek, adibidez, eta lurreko garraioaren kasuan. Hala, Espainiako eta Frantziako herritartasuna dutenek soilik zeharkatu ahal izango dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga, lanerako eta «ezinbesteko arrazoiengatik».

Europako kanpoko mugei dagokienez, berriz, horiek ixtea espero da gaurko, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak estatuburuekin bideokonferentzia bidez egingo duen bileraren ostean. Dagoeneko, Europako herritarrek mugatuak zituzten bidaiak munduko herrialde ugaritara; AEBek, adibidez, Europatik zetozen hegaldiak debekatu zituzten aurreko astean. Orain, asmoa da inork inora ezin atera izatea, eta Europan sartzea ere debekatzea. «Zenbat eta gutxiago bidaiatu, orduan eta gehiago eutsi ahal izango diogu birusari», azpimarratu zuen atzo Von der Leyenek.

Aurrekaririk gabea litzateke neurria, eta gutxienez hilabetez egongo da indarrean. EB barruko muga guztiak itxita ikusteko, berriz, 1993ra egin beharko litzateke atzera, Schengengo Ituna indarrean sartu zen urtera. Hainbat estatuk hartu duten erabaki horrek herritarren zirkulazio askea bertan behera uztea dakar.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak azaldu duenez, Schengengo Itunaren 28. artikulua baliatu dute horretarako: adierazi du horrek ahalbidetzen diela barne mugetan kontrolak aldi baterako berrezartzea—ez du esan zenbat denboraz— alarma egoeran edo halako unetan. Frantziak zehaztu du hamabost egunez ezarri duela mugen ixtea, gaur eguerdian hasita.

Europako Batzordeak begi onez hartu du erabakia, baina gogoratu du estatuek mugaz gaindiko langile deiturikoen sarrera ahalbidetu eta erraztu behar dutela. Ez bakarrik osasun eta elikadura sektorean enplegatuta daudenei, baita funtsezko beste zerbitzu batzuetako langileei ere, hala nola haurren arretari, hirugarren adinekoen zaintzari eta ezinbesteko azpiegituretako langileei.

Grande-Marlaskak ziurtatu duenez, Espainiako Estatuaren menpeko lurretara igarotzen utziko diete soilik Espainiako herritartasuna dutenei, lanerako muga igarotzea behar dutenei, eta «ezinbesteko arrazoiak» ziurtatzen dituztenei. Barne ministroak azaldu du militarrak mugara bidaltzea aztertzen ari direla.

Salgaiak, salbuetsita

Europako kanpoko mugei dagokienez, kontinentean sartzeko debekutik salbuetsita geratuko dira kanpoan bizi diren herritar komunitarioak, haien senideak, diplomazialariak eta iraupen luzeko egoiliarrak. Baita mugaz gaindiko langileak, medikuak eta ikertzaileak ere. Gainerakoak ezingo lirateke EBko lurraldera sartu beren estatu kideetako bateko nazionalitatea ez badute. Debekuak ez die eragiten EBrekin loturak dituzten herrialdeetako herritarrei, hala nola Erresuma Batukoei, ezta Schengen eremuko beste batzuei ere: Norvegia, Suitza, Islandia eta Lichtenstein.

Era berean, ez EBren kanpoko mugetan eta ez barrukoetan ere ez zaie betorik jarriko salgaien garraioari. «Merkantzien fluxuak jarraitu egin behar du funtsezko produktuak bermatzeko eta gure lantegiek behar dituzten osagaiak eta elikagaiak jaso ditzaten», azpimarratu du Von der Leyenek.

Batzordearentzat, barneko eta kanpoko mugen kudeaketa funtsezko elementua da birusari eusteko. Astearte honetan onartuko ditu EB barruko mugako kontrolerako gidalerroak, denentzat berberak izan daitezen. Schengen eremuko arauek aurreikusten duten moduan, mugako kontrolak «aldi baterako eta salbuespenez» ezarri behar direla gogoratu du Von der Leyenek, eta «modu proportzionalean» egiteko eskatu die estatuei, «EBko beste herrialdeetako nazionalen eta herritarren artean bereizketarik egin gabe», eta betiere koronabirusaren epidemiarekin lotutako arrazoi medikoetan oinarrituta. Batzordeak, halaber, balizko barne kontrolak aglomeraziorik ez eragiteko moduan antolatzea gomendatu du, horrek «kutsatzeko arriskua areagotuko lukeelako».

Halaber, Bruselak eskatu du kontrol horiek ez dezatela oztopatu ondasunen zirkulazio askea, bereziki funtsezko produktuen hornikuntza katea, hala nola botikenak, ekipamendu medikoenak, elikagaienak edo produktu galkorrenak. Batzordeak gogoratu du ezin dela esportazioaren gaineko kontrol gehigarririk ezarri barne merkatuaren barruan, ezta baimendutako produktuak sartzeko ziurtagiri berririk eskatu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.