Koronabirusa. Brasil

Iristen ez denaren esperoan

Azken astean, batez beste, 1.525 lagun hil dira egunero Brasilen COVID-19aren eraginez. Gobernuaren «lehentasuna» txertaketa masiboa da, eta ez du bestelako neurririk hartuko

Sao Paulo estatuak ezinbestekoak ez diren establezimenduak ixteko agindu du, Brasilgo Gobernuari kontra eginda. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Hego Amerikako herrialderik handiena ari da hartzen une honetan koronabirusaren kolperik latzenak. Gogor jo duteCOVID-19aren aldaera berriek, eta inoiz baino kasu eta heriotza gehiago ari dira erregistratzen. Brasilgo Gobernuak, ordea, uko egin dio neurri murriztaileak ezartzeari, «txertaketa masiboa» martxan dela argudiatuta. Orain arte, herrialdeko 210 milioi biztanleen %5,3k jasan dute gaitza, eta %4k hartu dute txertoren baten lehen dosia.

Brasilek iazko otsailaren 26an baieztatu zuen lehen COVID-19 kasua, eta, ordutik, 11 milioi kasu baino gehiago baieztatu dituzte. Azken egunetan izandako gorakada da langa hori gainditzearen arrazoietako bat. Osasun Ministerioaren datuen arabera, egun milioi bat lagun baino gehiago daude osasun langileen zaintzapean: gaixotu direnen %9. Azken zazpi egunetako batezbestekoari erreparatuz gero, datuak orain arte inoiz ikusi gabeak dira: eguneko 66.381 kasu atzeman dituzte. Azken hamalau egunetako intzidentzia tasa, berriz, 100.000 biztanleko 5.259 kasukoa da.

Heriotzek ere ez dute etenik. Martxoaren 3an jo zuten goia: egun bakarrean 1.910 hildako erregistratu zituzten. Eta aste osoari erreparatuz gero, azken zazpi egunetan, batez beste, 1.525 lagun hil dira egunero, astebete lehenago baino %24,5 gehiago, eta duela hilabete baino %51 gehiago. Pandemiaren hasieratik baieztatu diren kopuru handienak dira. Datu horiek kontuan izanik, 266.398 dira iazko otsailetik hildakoak; gaitza atzeman dieten herritarren %2,4. Hortaz,AEBetan soilik hil da jende gehiago: 525.816 lagun.

Olatuaren goiko muturra iristeko dago, gainera. Hala uste dute herrialdeko adituek, zeren Amazonia eskualdean atzemandako aldaera berria, ustez kutsakorragoa eta hilgarriagoa dena, herrialde osora zabaldu baita. Horrez gain, ospitaleetako egoera ere larria da. Globo egunkariaren arabera, Rio de Janeiron COVID-19 kasuak artatzeko ZIU zainketa intentsiboetako unitateen %47 itxita daude, langile faltagatik.

Egoera epidemiologikoa gero eta okerragoa izan arren, astelehenean herrialdeko presidente Jair Bolsonarok baztertu egin zuen konfinamendua ezartzea, bere jarraitzaileen aurrean eginiko hitzaldi batean: «Nire armada ez da kalera aterako jendea etxean geratzera behartzeko».

Pandemiaren hasieratik, Bolsonarok neurri murriztaileak hartzearen kontrako jarrera erakutsi du. Jokabide horren ondorioz, talkak izan ditu hainbat hiri eta estatutako agintariekin. Haietako batzuek gaitzaren aurkako neurriak ezarri zituzten iazko udaberrian, eta gauza bera egiten ari dira orain ere. Besteak beste, Sao Paulon eta Rio de Janeiron, beharrezkoak ez diren negozio guztiak ixteko agindu dute.

Brasilgo presidenteak bereari irmo eusteko argudio nagusietako bat konfinamenduak herrialdeko ekonomian izan dezakeen eragina da. «Jar zaitezte etxera ezer eraman ezin duen familiaburuaren lekuan», azaldu zuen presidenteak. 2020. urtea %13,9ko langabezia tasarekin amaitu zuten, hau da, 14 milioi langabe ingururekin.

Orain, horientzako diru-laguntza programa bat prestatu du gobernuak, eta Brasilgo Kongresuak aste honetan onartzea espero dute.

50 milioi dosi ekainerako

Paulo Guedes Ekonomia ministroak adierazi du «txertaketa masiboa lehentasuna» dela gobernuarentzat, eta hura gauzatzeko lanean ari direla. Betiere, jarduera ekonomikoa «mugimenduan» mantenduta.

Orain arte, Osasun Ministerioaren arabera, 8,5 milioi herritarrek hartu dute txertoren baten lehen dosia, eta 2,8 milioi inguruk beharrezkoak diren biak. Txertaketa erritmo hori, ordea, ez da behar bezain handia, adituen ustez. Horregatik, agintarien esperantza txertaketa plana bizkortzea da. Eduardo Pazuello Osasun ministroaren esanetan, hil honetan 28 milioi dosi banatuko dituzte estatuen artean.

Astelehenean, Osasun Ministerioak jakinarazi zuen Bolsonaro Pfizer enpresaren arduradunekin bildu zela, eta ekainerako enpresa hark txertoaren 14 milioi dosi bidaltzea adostu zutela. Hura da Anvisa Osasun Zaintzako Agentzia Nazionalaren onespena duen bakarra. Iaz, ordea, Brasilgo Gobernuak uko egin zion AEBetako enpresa farmazeutiko horren 70 milioi txerto jasotzeari, hark jarritako baldintzak zirela medio.

Orain arte, Sinovac eta AstraZeneca enpresen txertoak esportatu dituzte; oraingoz, hamabi milioi dosi inguru jaso dituzte, espero baino zortzi milioi gutxiago. Astelehenetik, baina, Osasun Ministerioari lotutako Fiocruz laborategia AstraZenecaren txertoaren dosiak egiten ari da, eta martxoaren amaierarako eguneko milioi bat dosi egitea espero dute. «Lehen produkzio lerroa martxan dago, eta egunean 300.000 dosi fabrikatzen ditu. Aste honetan jarriko da martxan bigarrena», azaldu du laborategiak, komunikatu baten bidez.

Sinovac etxearenak ere ari dira fabrikatzen, Butantan institutuak Txinako enpresa horrekin eginiko akordio bati esker. Bi txerto horiek, baina, larrialdietan erabiltzeko baimena besterik ez dute oraingoz, ez baitute Anvisaren behin betiko onespenik.

Hiru txertoen artean, urteko bigarren hiruhilekorako 50 milioi dosi izatea espero du gobernuak. Eta horiei, urte bukaerarako, Johnson & Johnson enpresaren Janssen txertoaren 30 milioi dosi gehitzea, Globo hedabidearen arabera. Gainera, Brasiliak akordioak ditu Modernaren eta Errusiaren txertoak ere jasotzeko.

Horiez gain, Bolsonarok jakinarazi zuen Brasil bere txerto propioa sortzeko lanean ari dela, eta atariko proben emaitzak Israelgo Gobernuari erakutsiko dizkiola. Izan ere, Brasilgo Gobernuak akordio bat sinatu zuen atzo Israelekin, besteak beste, «birusari aurre egiteko medikamentuen eta bestelako irtenbideen ikerketan eta garapenean sakontzeko». Brasilgo Atzerri ministro Ernesto Araujok «eredugarritzat» jo zuen Tel Aviven «pandemiaren kontrako borroka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.