ELAk hamabost urtean euskaldunduta nahi du administrazio publikoa

Sindikatuak nahi du epe horretarako lanpostu guztiek hizkuntza eskakizunak ezarrita izatea, derrigortasun tasak desberdinak izan arren. Uste du PSE-EEk Jaurlaritzaren dekretua urardotu duela

Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun

Epe bat jarri beharra dago «administrazioa erabat euskalduntzeko», ELA sindikatuaren arabera, eta epea bera ere zehaztu du: hamabost urte. Ez da ausaz aukeratutakoa, ELAk dioenez: «Hamabost urte hauetan, langileen erdiek hartuko dute erretiroa, eta jende nagusiak daki gutxien euskaraz. Hortaz, erabaki traumatikorik hartu gabe, aukera dago administrazioa euskalduntzeko».

Helburu horri erantzuten diote Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko dekretuari sindikatuak egin dizkion zuzenketek. Hainbat dira, sindikatuak ez baitu uste egungo testuak modua emango duenik xede hori gauzatzeko. Gainera, salatu du PSE-EEren presioak apaldu egin duela dekretuaren anbizioa. «Alderdi sozialistak mugak ezarri dizkio dekretu honi, eta etsigarria iruditzen zaigu HPSk [Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza] muga horiek onartu izana».

ELAk «trantsizio» moduan euskaldundu nahi du administrazioa, gaurko argazki orokorretik abiatuta: «Langile askok ez dute euskararen gutxieneko ezagutzarik, eta, ondorioz, administrazioak ez du gaitasunik euskarazko zerbitzua modu orokortuan eskaintzeko, eta administrazioetako langileek ez dute euskaraz lan egiteko aukera errealik». Egoera hori iraultzeko, sindikatuak ezinbestekotzat dauka «administrazioetako behin-behinekotasun tasa izugarria gainditzea» eta egoera horretan dauden langileei «konponbide bat» ematea.

Langile finkoen erretiroak «aprobetxatu» behar direla uste du ELAk, «belaunaldi berriak euskaldunak direla bermatzeko», baina, betiere, behin-behinean dauden langileak kaleratu gabe eta baliabideak jarrita, «euskaraz ez dakitenak ez daitezen oztopo izan administrazioak euskaraz funtzionatzeko».

Horretarako, sindikatuak nahi du administrazioak formakuntza bere gain har dezala: «Behin-behineko gisa ari diren langile guztiek euskara ikasteko laguntzak izango dituztela bermatu behar da, matrikulak ordainduta eta liberazio partzialen bitartez».

Zirkuituak, epe motzean

Administrazioak gaurtik egin behar ditu euskaraz funtzionatzeko urratsak, ELAren ustez, eta, hamabost urteko epea begiz jo badu ere, dekretuaren eraginpeko administrazio guztietan euskarazko zirkuituak bermatzea nahi du, gehienez, dekretua martxan jarri eta bost urtera. «Edozein administraziotan, harreman guztiak hasi eta bukatu euskaraz egiteko bidea» litzateke. Hori berma dadin lanpostuen zerrendetan aldaketak egin beharko direla dio. Halakoetan, euskaraz behar beste ez dakiten langileentzat pareko lanpostuak eskaini beharko direla zehaztu du sindikatuak bere proposamenean.

Hizkuntza eskakizunei dagokienez, lanpostu guztietara zabaldu nahi ditu sindikatuak, batean eta bestean derrigortasun datak ezberdinak izan arren. «Eskatzen duguna da hamabost urtean bermatzea lanpostu guztietan hizkuntza eskakizunak egongo direla», argitu du Igeregik. Horixe bermatu behar luke derrigortasun indizeak, ELAren arabera. Egoki irizten dio indize hori kalkulatzeko moduari —euskaldunak+ia euskaldunak/2—, baina, lanpostu batzuetan euskaraz ez dakiten langileak izango direnez, uste du administrazioak horiek euskalduntzeko baliabideak jarri behar lituzkeela.

Bestalde, ELAren proposamenaren arabera, 50 urtetik gorako langileek ez lituzkete egiaztatu beharko hizkuntza eskakizunak, betiere «administrazio horretan hamar urteko antzinatasuna badute, euskara ikasteko ahalegina egin badute —ikastaroen aprobetxamenduaren bitartez— eta lanpostuak helburu duen hizkuntza eskakizuna baino bat gutxiago egiaztatuta badaukate».

Eskakizun asimetrikoez ere mintzatu da ELA; hots, mintzamenean eta idazmenean gaitasun desberdina izateko modua emango duten lanpostuez. «Ondo» iruditzen zaio dekretuan hori jasotzea, baina, aldi berean, «eskakizunen degradazio orokorturik ez izateko bermeak» behar direla dio. Orobat, eskakizun asimetrikoak ezarri ahal izateko, horretarako asmoa duen erakunde publikoak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aldeko txostena behar izatea galdegin du.

Zuzendaritza postuetarako irizpide jakinik ez egotea ere kritikatu du ELAk. Haren arabera, goi karguek ezarrita behar lukete euskara maila jakin bat: C1.

Jaurlaritzak egindako dekretuaren arabera, zenbait hautaprobatan merezimendu izango da euskara, eta lanpostuari ezarritako hizkuntza eskakizuna baino goragokoak ere baloratuko dira. Azken kasu horretan, goragoko mailarekin gehienez ere puntuazioaren %5 justifikatu ahalko dela dio dekretuaren zirriborroak. Bada, gehienezko muga hori %10era igotzeko eskatu du ELAk. Hautaprobei eragingo lieketen beste zenbait aldaketa ere eskatu ditu: hala nola, euskara lanbide izango duten lanpostuetan azterketa euskaraz egin behar izatea.

Osakidetzan neurri eske

Bestalde, ELA kritikoa da dekretua Osakidetzan aplikatzeko moduarekin. Izan ere, zirriborroaren arabera, egun indarrean dagoen plangintza aldia eta hurrengoa baliatu ahalko ditu Osakidetzak egun indarrean duen arauditik dekreturako trantsizioa egiteko. ELAren ustez, «euskalduntzea izugarri atzeratuko luke» horrek. Dekretuan ezarritakoa lortzeko 10 urteko epea ezarri behar dela uste du sindikatuak. Horrez gain, C1 maila egiaztatua duten langileen lanpostuetan derrigortasun data hori izatea nahi du, eta barneko eta kanpoko horniketa prozesu guztietan C1 maila meritu gisa baloratuko dela bermatzea, besteak beste.

Dekretuaren aplikazio eremua, planifikazioa eta erabilera irizpideak aldatzea ere nahi du ELAk. Halaber, salatu du ez dela aurreikusten eremurik «euskalgintzarentzat, sindikatuentzat eta bestelako eragileentzat», dekretuaren ezarpena eta jarraipena ziurtatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.