Karlos Trenor. 18/98 auzian zigortutako euskal preso ohia

«Preso politikoak dira, eta eskubidea daukate politikan parte hartzeko»

1998an atxilotu zuten Trenor, 63 urte zituela, eta hamazazpira zigortu zuten, 'Egin'-ekin eta Orain SA enpresarekin lotuta. Auzitegi Gorenak hamar urtera jaitsi zion gero kondena: «Bizirik irtetea zen helburua».

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2017ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Abenduaren 25ean irten zen Carlos Trenor abokatua (Madril, 1944) Ocaña II kartzelatik (Espainia). Bederatzi urtez eduki dute preso, 18/98 auziagatik. Auzia bera, ordea, duela ia bi hamarkada hasi zen, 1998an atxilotu zutenean. Lan arloko abokatutzatik erretiratuta dagoela dio orain. «Kartzelan inoiz baino lan gehiago egin dut, preso sozialen eskaerak-eta bideratzen», dio erdi brometan. Donostiako Egia auzoko bere bulegoan hartu du BERRIA.

Nola bizi izan duzu espetxea?

Lehen fasea da preso egotea; bigarrena, preso izatea. Hasieran zain zaude, Gorenak zer esango, baina, zure preso nortasuna barneratzen duzunean, burua barruan duzu. Jendea haserretu egiten da hau esanda, baina, niretzat, nahiko eramangarria da. Desdramatizatu behar dela uste dut. Hori bai, osasuna, gutxieneko oreka bat baldin baduzu. Bestela, kartzelan gaixo egotea erokeria da. Edo bakartze modulu batean egotea oso gogorra da. Jende askok gaizki pasatzen du, baina pare bat urte han ematea komenigarria da.

Asko ikasten dela diote batzuek.

Bai. Epaile eta fiskalek sartu behar lukete, sei bat hilabetez-edo, bost urtez behin, zer den jakiteko.

72 urterekin irten zara. Nola eragiten du adinak espetxean?

Sartzean, 1998an, hamazazpi urteko zigorra nuen. 63 nituen dagoeneko. «Baikorrak dira hauek, gero!», pentsatzen nuen [barre egin du]. Gero, Gorenak hamar urteko zigorra jarri zidan, eta pentsatu nuen posible zela. Beraz, helburua zen bizirik ateratzea. Eta, printzipioz, lortu dut. Adin batekin, garrantzitsuena osasuna da. Helduok beti ditugu ajeak, eta ahultasuna: arreta galtzen duzu, ez zara ohartzen gertatzen denaz... Funtsezkoa da laguntza, eta hori eskertu behar diot jendeari. Aitona banintz bezala tratatu naute: «Zuk ez hartu pisurik», «Entzun duzu deitu dizutela?»... Maila horretan oso giro ona dago.

Euskal Herriratzeko lehen eskaeren artean, zeurea zegoen, baina ezezkoa erantzun zizuten.

Bai, hurbiltzea eskatu nuen, eta azken hilabetean, besteekin ados jarrita, bigarren gradua.

Politikoki, nola ikusten duzu presoen gaia?

Kokatzeko: ezker abertzaleak estrategia aldatu zuen, eta pentsatu zuen akordio bat egongo zela presoen gaian. Horrek porrot egin zuen. Eskema horretan, presoei zer zegokien? Erresistentzia eta duintasuna. Eta horrek hor jarraitzen du. Une honetan inork ez du esaten akordiorik egongo denik. Poliki-poliki, [EPPK] kolektiboak erabaki batzuk hartu zituen, baina ez dira gauzatu. Orain hasi da.

Nola bizi izan duzu hori dena?

Pertsonalki, uste dut askoz gehiago egin behar zela gure aldetik, ezker abertzaletik. Ez begiratu arerioak zer egingo duen, baizik eta gure baliabide guztiak erabili. Legezko bideei buruz, konbentzituta nago ez dela ezer lortuko epe labur eta ertainean, baina pentsatzen dut bide guztiak erabili behar direla. Esperientzia dut abokatu gisa, langileekin. Legeak langileen aurka daude, baina zirrikituak badaude, eta noizbehinka lortzen duzu zerbait. Eta horrek beste giro bat sortzen du: «Egin behar da, lor daitekeelako». Ezezko borobilak jasoko dituzte, baina egin behar da. Juridikoki, gauza askotan arrazoi daukagu. Ez dute beraien legea betetzen, ezta eguneroko gauzetan ere. Konbentzituta nago, gainera, ezin dutela errespetatu. Ez dute baliabiderik. Eta hor politika sartu behar da.

Baliabideak, zer zentzutan?

Pertsonak. Preso sozialekin, adibidez, kasu gutxi batzuetan, gizarteratzea nahiko eraginkorra da. Baina gurekin? Ez da posible. Zer gizarteratze mota egin dezakete? Buru garbiketa? Askoz gehiago dakigu guk haiek baino.

Zertan egingo zenuke indar?

Hurbiltzea eskatu dugunean, adibidez, nabarmendu da gizarteratzearena. Ondo dago, baina nik nabarmenduko nuke gehiago parte hartzea. Preso politikoak gara, eta urrun bazaude, ezin duzu parte hartu herriko bizitza sozialean, politikan. Eta eskubidea dugu. Niretzat, kasik, urratzen den eskubide nagusia hori da.

Kaleko giroa nola sumatu duzu?

Astebete daramat kalean, eta uste dut presoen aldeko bost manifestaziotara joan naizela. Gabonak-edo izango dira, baina nik urteotan baieztatu dut elkartasuna badagoela. Handia. Hori hor dago. Nola artikulatu? Noski, errepresio bidez koordinazio guztia desegiten badizute, oso zaila da.

Preso ohiak Kalera Kalera dinamikan ari dira azkenaldian.

Uste dut, neurri handi batean, hori dela kolektiboak kanpoan behar duena: babes politikoa. Jakin dezaten: «Egiten duzuena onartzen dugu». Nortzuk? Guk. Barruan bazaude, ez dakizu: «Zer esango dute herrian hau egiten badut?». Barruan, behar da erresistentzia eta batasuna, beti izan dena. Baina baita ere eskaerak egitea, eskatzea, exijitzea... Kontraesanak sortuko dira, baina nahiko baikor nago momentu honetan. Duela hiru urte ez; ikusten nuen kontua ez zela mugitzen, inertzia hutsa zela... Nik atea hortxe neukan, baina ikusten nituen besteak, 30 urteko zigorrekin, eta... Orain baikorrago nago.

18/98 auzia. Zer izan zen?

Amaieraren hasiera izan zen. Madrilgo eskuindarrek galdu zituzten konplexuak: «Ja demokratak gara, egin dezakegu». Ezker abertzalearen erakundeak, Egin, AEK, Elkar... Denetarik ikusi dugu. Eliza ez zuten sartu, gutxigatik; Ikastolekin ere hortxe ibili ziren. Esperimentu bat izan zen.

Ia hogei urte dira 1998. urtetik...

Hori zen, agian, kartzela baino okerragoa. Jarraitzen dizute, polizia leku guztietan, dena enbargatuta, ezin mugitu ere egin... Nik bizitza konponduta neukan, baina, gaztea bazara, dena blokeatua duzu. Krudelkeria izan zen.

Egin-eko piezarekin lotuta zigortu zintuzten.

Ni Egin-en inoiz ez nintzen egon. Laguntza eman dut ahal izan dudanean, Euskaldunon Egunkaria-ri bezala. Abokatu laboralista izan naiz, eta, garai hartan, langile eta herri mugimendua Egin-ek bakarrik jorratzen zuen. Beti defendatu dut beharrezkoa zela hori. Eskatu zidaten sartzeko gero, eta baietz esan nuen.

Joxemi Zumalabe fundazioan aritu zinen gehiago, ezta? Desobedientzia zibilaren gaia jorratu zenuten, besteak beste...

Poliziek-eta desitxuratu egin zuten hori ere. Fundazioa ez zen desobedientzia zibilerako. Nahi zuena zen sakabanatuta zegoen herri mugimendua koordinatzen saiatzea, topaketak-eta antolatzea, eta beste gauza batzuen artean sortu zen desobedientziarena.

Gaur egun, tresna gisa, indar handiagoa izan dezake?

Instituzioek lidergoa hartzen badute, oso ona izan daiteke. Katalunian dago adibidea. Baina, esaten badute, adibidez, zergak Katalunian ordaindu behar direla, gero Madril etorriko da, eta eskatuko dizkizu. Eta, ordaintzen ez baduzu, enbargatuko dizkizu ondasunak. Desobedientzia beti da arau bat ez errespetatzea, eta ondorioak onartzea. Batez ere, instituzioek hasi behar dute. Auzitegi Konstituzionalak jartzen du muga, eta Katalunian esan dute: «Berdin dit Konstituzionalak zer dioen». Hori da desobedientzia.

Lan munduan aritu zara abokatugisa urte luzez. Krisi deitutakoak sortutako egoera segitu duzu?

Azken bederatzi urteetan barruan egonda... Ez dakit oso ondo. Argi dago asko jaitsi zela langileen borroka. Pertsonalki, pentsatzen dut saiatu behar dela antolatzen prekariatua, baina hori sindikatuek ezin dute egin, ez daude horretarako prestatuta. Nola sortuko den? Prekarioek pentsatu behar dute hori. 70 urte ditut, nola esango diot gazte bati zer egin? [Barre egin du] Etorkizuna, egotekotan, gazteen esku egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.