U30 greba orokorra. Erreakzioak

EAJ: «Erabateko porrota izan da. Gizarteak bizkarra eman die»

Hausnarketa sakona egiteko eskatu die alderdi jeltzaleak ELAri eta LABi, «hiritargoaren gehiengoa lanera joan delako». «Enpresen jarduna normala izan da», ziurtatu du SEAk

Herritar bat itsasgarriz betetako denda baten erakusleihoaren aurrean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Nagore Arin - Iker Aranburu
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Erakunde eta eragile politiko eta ekonomiko gehienek isilik erantzun diote grebari. Baina isiltasuna hautsi dutenen artean, EAJ nabarmendu da, argi eta garbi esanez grebaren deitzaileek porrot egin dutela, ez dutelako bete «Euskadi gelditzeko helburua».

JOSU ERKOREKA Eusko Jaurlaritzako bozeramailea

«Eragina askoz ere txikiagoa izan da 2013an baino»

«Erreferentzia puntu bat hartu beharko bagenu, 2013ko irailean egin zen greba orokorra hartzea izango litzateke egokiena. Modu nabarmenean ikusten da eragina askoz ere txikiagoa dela 2013an izan zena baino. Administrazio orokorrari dagokionez, gaurko eragina %16,9koa izan da, eta %26koa izan zen orduan. Beraz, hamar puntu gutxiagoko eragina izan du oraingoan. Erreferentzia hori argia, nabarmena eta nahiko gardena da».

EAJ

«Euskal gizartearen gehiengoak ulertu du greba politikoa dela»

«Erabateko porrota. Horixe da ELA eta LAB sindikatuek eta beste erakunde batzuek gaurko deitu zuten grebaren aurrean egiten dugu balantzea. Jarraipena oso mugatua izan da sektore publikoan eta sektore pribatuan, eta euskal hiritargoaren gehiengoa lanera joan da gaur, esandako sindikatuek ahalegin guztiak egin arren eta askotariko estrategiak baliatu dituzten arren Euskadi geldiarazteko, aurreko egunetan iragarri zuten bezala. Helburu hori ez dute lortu deitzaileek, ezta urrunetik ere. Izan ere, gizarteak eta defendatzen omen zituzten kolektiboek bizkarra eman diete, argi eta garbi. EAJk ELA eta LAB sindikatuei exijitzen die hausnarketa serio eta sakona egin dezatela, gaurko protestarekin defendatu nahi omen zituzten kolektiboek ez dutelako greba babestu gehiengo nagusi batez. Euskal gizartearen gehiengoak ulertu du gaurko greba politikoa dela, aldarrikapen ekonomiko eta sozialaren itxura eman nahi izan zaion arren. Gaurkoaren moduko egunek arriskutan jartzen dituzte jarduera ekonomiko, enpresa eta denden martxa eta enpleguak sortzeko ahalegina. Lasaitasuna eta konfiantza adierazi nahi die Euskadiko langile guztiei. Alderdi honek beren eskubide guztiak defendatzen jarraituko du».

CNT

«Pentsiodunen mareakduintasun erakustaldi erraldoia eskaini du»

«Berriro milaka pertsona ikusten ditugu kalean, prekaritatearen aurkako neurri argi, zehatz eta premiazkoak eskatzen. Pentsiodunen mareak, autonomiak eta zeharkakotasun printzipioekgidatuta, duintasun erakustaldi erraldoia eskaini du berriz ere. Haiekin batera, emakumeak, ikasleak, migratzaileak eta beste hainbeste biktima atera dira. Hau ez da gaur amaituko. Bestelako orainaldi bat eta etorkizun bat eraiki nahi ditugu».

SEA

«Grebaren arrakastaia hutsa izan da»

«Enpresen jarduna normala izan da. Goizean, txanden hasieran, pikete informatiboak izan dira industrialdeetan, eta, horren eraginez, hainbat langile ohi baino beranduago sartu dira lanera. Atzerapen horiek ez dute lanaldian eragin. Porrota izan da deialdia; jarrera horrek Arabako gizarteak arrazoi ekonomikoei eta langileek egunerokoan dituzten baldintzei erantzuten ez dien greba batekiko izan duen erantzun irmoa adierazten du».

UXUE BARKOS Geroa Bai

«Prekaritatea arazo bat da, baina greba ez daaurka egiteko tresna»

«Hain zuzen, badaude arrazoiak lan prekaritateari buruz gogoeta egiteko, horren jiran lan egiteko eta kezkatzeko; izan ere, arazo handienetako bat da. [...] Baina ez dut uste greba denik egoera horriaurre egiteko lan egiteko tresna. Hala ere, beti errespetatu behar da greba egiteko eskubidea; baita ez egitea erabakitzea ere».

MIKEL BUIL Nafarroako Ahal Dugu

«Hanka bat behar dugu instituzioetan,eta beste bat kalean»

«Geure militanteak eta botoa ematen digutenak kalean egotea behar dugu, eskubide sozialen alde presioa egiten. Gobernuan gaudenez, gure lana da eskubide horien alde presio egitea eta lan egitea, eta hori ari dira egiten gure kideak kalean. Hanka bat behar dugu instituzioetan, eta beste bat kalean. Greba deitzaileek eskatu dituzten mugarri handiak biltzen dituen akordio bat dugu, eta hori lortzeko egingo dugu lan».

MARISA DE SIMON Ezkerra

«Deitzaileek beste helburu batzuk dituzte. Ez da greba orokor bat»

«Kontua ez da greba babestea edo ez babestea. Pentsioak eta lanbide arteko gutxieneko soldata [Espainiako] Estatu osoko herritarrei eragiten dieten auziak dira, ez Nafarroako eta Euskadiko herritarrei soilik. Sindikatu deitzaileek eskubide osoa dute grebara deitzeko, baina beste helburu politiko-sindikal batzuk dituzte. Estatuko beste lekuekiko negoziazio esparru desberdin bat eratu nahi dute; hortaz, ez da greba orokor bat».

ARNALDO OTEGI EH Bilduko koordinatzaile nagusia

«Berdintasunaren eta askatasunaren abangoardian gaude»

«Zorionak gaurko [atzoko] greba orokorra prestatzen eta zabaltzen aritu zareten guztioi eta parte hartu duzuenoi. Betiko lekuan gaude beriz ere: berdintasunaren eta askatasunaren abangoardian. Goazen!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.