Suhiltzaileek salatu dute «babesgabe» daudela lan eskaintzaren auzian

Langileen ordezkariek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean. Probak bateratzearen aurka azaldu dira. «Umiltasuna» eskatu diete arduradun politikoei, «gaizki egindakoak» onartzeko

Suhiltzaileen ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Arabako eta Gipuzkoako suhiltzaileen LEP lan eskaintza publikoaren afera Eusko Legebiltzarrera iritsi da berriro ere, eta suhiltzaileen ordezkariek agerraldia izan dute Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean. Han azaldu dutenez, ez daude ados erabilitako azterketa ereduarekin, haien ustez ez datorrelako bat lanbideak eskatzen duenarekin, eta «babesgabe» daudela salatu dute, erabilitako irizpideak aldatu egin direlako prozesuak iraun duen bitartean.

Ekaitz Oianguren ELA sindikatuko udal eta foru administrazioko arduraduna, Javier Cordero suhiltzailea, Mikel Lopez de Santiago Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileen ordezkaria eta Unai Badiola Gipuzkoakoa agertu dira batzordean. Esan dutenez, azaroaren 20an argitaratu ziren probaren oinarriak; hurrengo egunean, oinarri horiek aldatu egin zituzten, horren berri eman gabe, eta azaroaren 26an egin zen azterketa. Hor proba psikoteknikoek ohi baino nagusitasun handiagoa hartu zuten, lanbidearekin zerikusi zuzena duten proben kaltetan. Ondorioz, oso hautagai gutxik gainditu zuten, 1.169tik 182k, eta, hori ikusita, «irizpideak berriro aldatu» eta beste baremo batekin zuzendu zituzten probak. Azkenean, 287 hautagaik gainditu dute.

Bestelako irregulartasun batzuk ere salatu dituzte suhiltzaileen ordezkariek. Esan dutenez, beste azterketa batzuetan tokiko geografiak garrantzi handia hartu izan du, beharrezkoa delako suhiltzaileek herrialdeko udalerriak, errepideak eta abar ezagutzea. Oraingoan, zortzi galdera baino ez dira izan arlo horretakoak: bat oker zegoen, eta existitzen ez den herri baten ingurukoa zen. Proba batzuk euskaraz egiteko aukera ere ukatu zaie hautagaiei; hori azterketa euskaraz prestatu zutenentzat «bidegabea» dela adierazi dute, eta «hizkuntza eskubideen urraketatzat» jo.

Probak Arkautin

Baina arazoa lehenagotik zetorren, langileen ordezkariek esan dutenez. Oraingoan, LEP bateratua egin da Arabako eta Gipuzkoako aldundietako suhiltzaileentzat, eta Arkautiko akademiari egokitu zaio prozesua zuzentzea. Sindikatuak ez zeuden ados erabaki horrekin, eta uste dute gertatutakoak «berretsi» egin duela iritzi hori. Salatu dute Arkauti «urrun» dagoela suhiltzaileen lanbidearen beharretatik, ez duela horren ezaugarrien berri, eta sindikatuei ez dietela utzi LEParen oinarriak negoziatzeko inolako aukerarik.

Langileen ordezkariek iragarri dute helegiteak aurkezteko asmoa dutela, eta «umiltasuna» eskatu diete arduradun politikoei, «gauzak gaizki» egin direla onartzeko.

EAJko Irune Berasaluzek eta PSE-EEko Txarli Prietok esan dute ulertzen dutela azterketa gainditu ez dutenen arrangura, baina zalantzak agertu dituzte suhiltzaileek adierazitako zenbait konturen inguruan. Prietok galdetu du oinarriak aldatu izanak norbaiti kalte egin ote dion, eta Berasaluzek esan du ez zaiola neurriz kanpokoa iruditzen suhiltzaileei proba psikoteknikoak egitea.

EH Bilduko Mikel Oterok eta Elkarrekin Podemos-IUko Gustavo Angulok, berriz, bat egin dute suhiltzaileen kezkekin, eta salatu dute Arkautik atzera bota dituela aurkeztutako erreklamazio guztiak, horren inguruko azalpen gehiago eman gabe.

«Errespetu falta»

Gipuzkoako Foru Aldundia ere mintzatu da aferaz, eta adierazi du ulertzen duela azterketa gainditu ez dutenen «dezepzioa», baina «arbuiatu» egin du «prozesua ezbaian jartzeko edozein saiakera». Haren ustez, emaitzak «administrazio publikoaren beste kategoriek dituzten emaitzekin homologa daitezke». Gainera, azterketa gainditu duten 287 hautagaiei egindako «errespetu falta» iruditzen zaio iradokitzea hautagai horiek ez dituztela betetzen dagozkien baldintzak.

Arabako suhiltzaileek elkarretaratzea egingo dute gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, 11:30ean, LEP bateratuaren prozesua salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.