Kataluniako prozesu subiranista. Nazioarteko erreakzioak

EBk dio «erabateko konfiantza» duela Espainiako lege sisteman

Bruselak ez du argitu prozesuari erreparatuko dion. Sturgeonen iritziz, «demokrata guztiei kezka» piztu behar lieke auziak. Epaiketak oihartzun handia izan du nazioarteko kazetetan

Nazioarteko hamaika hedabidek eraman zuten euren webguneetako azalera epaiketaren hasiera. BERRIA.
ander perez zala
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Europako Batasunak (EB), oraingoan ere, bizkarra eman die Kataluniako buruzagi independentistei. Erbestean dauden Generalitateko goi kargudunek Europan egindako birek eta elkarrizketek ez dute fruiturik eman EBren kasuan, talde komunitarioak ez baitu aldatu prozesu subiranistari eta epaiketari begirako jarrera. Kontakizunaren borrokaren ondorio izan da: 2017ko urriaren 1ean Katalunian independentzia erreferenduma egin zutenetik, buruzagi independentistek eta Espainiako Estatuak nazioartera eraman dute norberak egin duena azaltzearen eta justifikatzearen beharra. U-1eko polizien bortizkeriak independentisten alde jarri zuen balantza, eta munduan ohartu ziren Katalunian zerbait gertatzen ari zela; besteak beste, galdeketaren ondorengo egunetan presio handia izan zuten talde komunitarioan, baina EB Espainiaren alde lerratu da hasieratik, U-1eko bortizkeriaz ohartarazi zion arren. «Erabateko konfiantza dugu Espainiako lege sisteman», adierazi zuen atzo Jyrki Katainen Europako Batzordearen eurorako presidenteordeak, prentsaurrekoan epaiketaren hasieraz galdetu ziotenean. Are: «Gure babes osoa dute [Espainiako] erakunde legal eta demokratikoek, eta herrialdeko ordena konstituzionalak».

Ikusteko dago, ordea, EBk nola erantzungo duen epaiketak aurrera egin ahala, eta batez ere sententzia jakinaraztean. Izan ere, Katainenek ez zuen argitu atzo hasi zen epaiketari erreparatuko ote dioten: «Guretzat ez da auzi politiko bat. Ez dugu iruzkinik edo adierazpen politikorik egin nahi [epaiketaren] garapenaz». Ziurrenik, Kataluniako mugimendu independentistak espero zuen halako mezurik, U-1aren biharamunean honako hau kaleratu baitzuen Europako Batzordeak: «Espainiako Konstituzioaren pean, bozketa ez zen legezkoa izan»; izan ere, talde komunitarioarentzat auzi independentista beti izan da «Espainiaren barneko arazo bat».

Horiek horrela, EB ez zen aritu Kataluniako auziari buruzko balizko irtenbideez, eta ez zien mezurik helarazi hamabi akusatuei. Kontrara, hamabost bat eurodiputatuk ohartarazi zuten atzo Kataluniako prozesu subiranistaren epaiketa «ez dela [Espainiaren] barne arazo bat»; EB-Katalunia Elkarrizketarako Plataformako kideak dira, eta manifestu bat aurkeztu zuten, adierazteko epaiketak «alde politiko bat» duela. Irtenbidea zehaztua dute: elkarrizketa. «Espero dugu gure ekintzak lagungarri izango direla EBk interes handiagoa izan dezan epaiketa honetan. Epaiketa ez litzateke inoiz egin beharko Europan», adierazi zuen Ivo Vajgl eurodiputatu esloveniarrak eta plataformako presidenteak. Jose Bove eurodiputatu frantsesa bide beretik mintzatu zen, eta EBri eskatu zion parte har dezala «irtenbide demokratiko batean».

Manifestuaz gain, eurodiputatu horiek iritzi artikulu bat argitaratu zuten Europako zortzi hedabidetan, U-1aren epaiketaren «politizatzea» salatzeko: Erresuma Batuko The Times-en, Galesko Nation Cymru-n, Frantziako Liberation-en eta Kataluniako Ara-n, esaterako.

Politikari batzuen babesa ere jaso zuten hamabi buruzagi independentistek. Twitter sare sozialaren bidez, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak adierazi zuen epaiketak «demokrata guztien kezka» eragin behar liekeela. «Kataluniaren etorkizuna hautetsontzietan erabaki behar dute, ez auzitegietan. Nire desiorik onenak bidaltzen dizkiet gaur Kataluniako presidenteari eta epaiketari aurre egin behar dietenei. Espero dugu prozesua justua izatea». Eskozian zuzenean bizi dituzte prozesu subiranistaren ondorioak, Clara Ponsati Kataluniako Gobernuko Hezkuntza sailburu erbesteratua han bizi baita; Espainiak haren kontrako euroagindua aurkeztu zuen arren, gerora kendu egin zuen.

Korsikatik ere babesa helarazi zieten auzipetuei. Batetik, Gilles Simeoni Korsikako presidenteak ohartarazi zuen epaiketa «Europaren eta demokraziaren balioen aurkakoa» dela, eta herritarrei dagokiela hori «ozen esatea»; bestetik, Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidenteak «korsikar herriaren elkartasuna» bidali zien buruzagi independentistei.

Presentzia hedabideetan

Epaiketaren hasierak oihartzun handia izan zuen nazioarteko hedabide nagusietan, eta euren webguneen azalera eraman zuten albistea. Horietako batzuetan presentzia handia izan zuten buruzagi independentistek.

Alemaniako Suddeutsche Zeitung-ek Quim Torra Kataluniako presidenteari egindako elkarrizketa bat publikatu zuen atzo, eta ideia hau nabarmendu zuen: «Errepublika independentea helburu dugu oraindik ere». Erresuma Batuko The Guardian-ek, epaiketaren albistearekin batera, Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuaren iritzi artikulu bat argitaratu zuen: «Estatu errepresioaren ekintza asaldagarri bat da kataluniar independentisten epaiketa». Belgikako Le Soir ere epaiketaz aritu zen, eta Jordi Cuixart Omnium Culturalen presidentearen iritzi artikulu bat publikatu zuen: «Katalunia, demokraziaren aurkako prozesu bat».

BBC kateak lerroburu hau jarri zion albisteari: «Kataluniar 'matxinadaren' epaiketak Espainiako auzitegiak probatuko ditu». Frantzian, Le Monde egunkariak Espainiako egoera politikoarekin lotu zuen epaiketaren hasiera: «Espainian, independentista katalanen prozesua giro asaldatuan hasi da»; Ameriketako Estatu Batuetako The New York Times-entzat, «inoiz ikusi gabeko epaiketa bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.