Mugarri bat, gehiago sortzeko

Euskara Aurrera-k gaurko antolatutako mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte «etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiak». Egitasmoak 2.200 sinadura pasa jaso ditu

Euskara Aurrera egitasmoaren aurkezpena, apirilaren 5ean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun

Euskaltzaleei egin diete deia, adierarik zabalenean; «etorkizuna euskaraz irudikatzen duten guztiei». Euskara aurrera lelopean gaur Donostian egingo duten manifestazioa «zabala eta askotarikoa» izatea nahi dute deitzaileek, azpimarratu dutenez. Antiguako tuneletik aterako da manifestazioa, 17:30ean.

Euskararen aldeko «herri bultzada» aktibatzeko bidean, mugarri izan nahi du mobilizazioak. Gizarte zibila aktibatu eta haren eta instituzioen arteko «akordio berria» galdegin dute deitzaileek. «Euskaraz bizi nahia egingarri egin», eta, funtsean, «Euskal Herri euskalduna» lortzea dute xede. Eskubideen eta aniztasunaren defentsa ere egin dute deialdiaren bidez, hizkuntza eskubideak bermatzeak ezinbestean horiek ere indartzen dituela iritzita. Euskarak «hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari» ekarpena egiten diola uste dute, eta, halaber, euskara «herri kohesiorako zuntza» dela. Horregatik, hizkuntza eskubideak errespetatzea «justizia eta demokrazia auzia» dela aldarrikatu dute.

Azken urteetan urrats handiak egin dira hizkuntza biziberritzeko prozesuan, deitzaileen arabera, baina, hala ere, normalizazio prozesua bururaino eramatetik urrun, azken urteotan euskara «makalaldian» dagoela ohartarazi dute: «Batetik, ez dute etenik euskararen aurkako erabaki politiko eta judizialek, eta horrek ez du laguntzen aurrera egin dezan. Bestetik, interkomunikatuta bizi garen garai ezegonkor hauetan kokatu nahian eta ezinean ari da gure hizkuntza, gero eta lausoago, pandemian ikusi dugun moduan».

Horregatik guztiagatik, egoerari parez pare begiratu eta tamainako erantzun bat emateko eskatuko dute gaurko mobilizazioan, herritarrak eta instituzioak bustiko dituena. Garden mintzatu zen Joanmari Larrarte Elkarreko zuzendaria, mobilizazioari atxikimendua adierazteko agerraldian: «Egungo hizkuntza politikak aski-ezak dira euskarak esku artean dituen erronkei erantzuteko».

Maldan behera doan elur bola baten antzera, astez aste atxikimendu gehiago bildu ditu egitasmoak. Hain justu, helburuetako bat manifestazioa «denena» izatea dela nabarmendu dute haren sustatzaileek, eta, «hein handi batean», lortu dutela hala izatea. Euskalgintzako eragileez gain, antolatzaileek nabarmendu dute «kulturgintzako, euskalgintzako eta kirol alorreko aurpegi ezagun askok» ere babestu dutela, izan agerraldietan parte hartuz, izan egitasmoak sareen bidez zabaldutako bideoak bidaliz. Horien artean dira, beste hainbaten artean, Oinatz Bengoetxea pilotaria, Itziar Ituño aktorea, Nerea Ibarzabal bertsolaria eta Kukai dantza konpainiako kideak. BERRIA Taldeak berak ere egin du bat manifestazioarekin.

Halaber, sinadura bilketa bat ere abian da egitasmoari atxikimendua erakusteko, eta dagoeneko 2.200 lagunek baino gehiagok sinatu dute.

Gazteen gidaritza

Gaurko mobilizazioak, halaber, irudikatuko du belaunaldi berri batek bere egiten duela euskararen aldeko borroka, bere molde berezituekin eta euskalgintzako gainerako eragileekin elkarlanean. Izan ere, gazteak izan dira mobilizazioaren sustatzaile nagusiak, hasieratik. Gainera, azken urteetan gazte mugimenduan euskararen bueltan aktibatutako gazteek borroka hori are egituratuago egiteko tresna bat sortu dute berriki: Gazte Euskaltzaleen Sarea. «Euskararen aldeko borrokan gazte ikuspegia txertatu» eta, aldi berean, «belaunaldi oso bat borroka horretara batu» nahi dute, Oihane Camon kideak BERRIAri adierazi zionez.

Belaunaldi perspektibarenak badu garrantzia sarearen ekinbidean, baita borroka moldeetan ere. «Euskaraz biziko den belaunaldia izan nahi dugu, eta uste dugu belaunaldi moduan heldu behar diogula auzi horri», azpimarratu zuen Camonek, eta sarearen egituraketan garrantzia izan dute lekuan-lekuan hizkuntza eskubideen alde egiten ari diren borrokek; NUPeko Euskara Taldeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikastearen alde egiten ari denak alegia, edo Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egin ahal izateko ikasleek abiarazitako mobilizazio zikloak, kasurako. Euskaraz bizitzeko oztopoak egunerokoan eta euren bizipenetan presente dituztela erakusten dute borroka horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.