Osakidetzako iruzurrari lotutako salaketa gehiago jaso ditu ESK-k

Hautaprobetako iruzurren lekukotasun gehiago jaso ditu sindikatuak; izengabeak denak. Auzia salatu zuen medikuak dio giroa gaiztotu egin dela, eta «areriotasuna» nabaritu duela

Ezkerretik eskuinera, Patxi Nicolau, Julio Sanchez eta Manoel Martinez, atzo, ESKren Gasteizko egoitzan. J. FONTANEDA / FOKU.
Gasteiz
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
ESK sindikatuak uste du irregulartasun gehiago egon daitezkeela Osakidetzako oposizioetan. Auzia argitara atera zenetik, lekukotasun gehiago jaso ditu, eta iruzur zantzuak aurkitu ditu beste espezialitate batean ere: goi mailako ekonomia teknikarien probetan, hain zuzen. Jasotako lekukotasunak anonimoak dira, ordea. Sindikatuaren arabera, asko «beldur» dira salatzeko. Ildo horretan, giroa gaiztotu egin dela uste du iruzurra argitaratu zuen Manoel Martinez medikuak. Presioak salatu ditu: «areriotasuna» eta «indiferentzia» nabaritu dituela adierazi du.

Manoel Martinez anestesista da Arrasateko ospitalean (Gipuzkoa). Osakidetzako ustezko iruzurrak salatu zituen beste bi medikurekin batera, eta hedabideen aurrean hitz egin zuen atzo. Haren ondoan, ESK sindikatuko Julio Sanchez abokatua eta Patxi Nicolau ordezkaria izan ziren atzo, Gasteizen eginiko agerraldi batean.

Martinezek azaldu du «konpromiso etiko batek» gidatu duela aurpegia ematera. Ulertzen du jendeak beldurra izatea, baina beldur hori gainditu behar dela azpimarratu du: «Ez naiz damutzen, eta ez dut uste beste jarrera bat edukiko nukeenik». Adierazi du gainerako espezialitateetako jendeak zoriondu egin dituela, baina euren espezialitateko gehienek «indiferentziaz» tratatu dituzte: oso gutxik eman diote babesa, eta «areriotasuna» nabaritzen dela gaineratu du.

Hautaprobetako iruzurrak ospitaleetako langile guztiek ezagutzen zituztela azaldu du, eta betidaniko sistema dela: «Sistematikoa eta legez kanpokoa». Anestesistak salatu duenez, aukeratuak ez direnentzat guztiz baztertzaileak dira oposizio horiek: «Ez dira inola ere oinarritzen gaitasun, meritu eta berdintasunean».

Errudunak bilatzea eta euren lana egitea espero du Martinezek, eta, kasurik okerrenean, azterketak berriz egitea. Oposizio eredu berri bat behar dela azpimarratu du, «publikoaren sarbidea erraztuko duena, beharrezkoak diren baldintzak izango dituena eta kontratazio sistema publiko eta ireki bat eskainiko duena».

Hemeretzi espezialitate

Hemeretzi dira susmopean dauden espezialitateak. Kasu horien gaineko salaketak aurkeztu zituzten sindikatuek fiskaltzan. Jasotako lekukotza berriekin, salaketa hori handituko dutela jakinarazi dute ESK eta LAB sindikatuek orain. Osakidetzak, halere, lau espezialitatetan baino ez du zabaldu espedientea. Barne ikerketa bat abian du horien inguruan. Hurrengo ostegunean—uztailaren 19an— aurkeztuko ditu Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak emaitzak Eusko Legebiltzarrean.

ESK-k adierazi duenez, ez dute emaitza esanguratsurik espero txosten horretan. Nicolauren hitzetan, «kalteen nolabaiteko kontrol bat» egitea da asmoa, «kontua zuritzeko» egin baitute azterketa: «Osakidetzak aurrera ateratako ikerketak ez du balioko oposizio sisteman aldaketarik egiteko, ez eta horrelakorik berriz ez gertatzeko ere». Hori bera berretsi du Martinezek ere: «Sistemaren parte dira, eta asko dute galtzeko».

ESK-k beste behin Darponi eskatu dio dagozkion ardurak hartzeko eta dimisioa emateko. Lan-kontratazio eredu berri baten beharra ere aldarrikatu du sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.