Koronabirusa

Erromak ez du Atenas izan nahi

Eurotaldea gaur bilduko da berriz, krisi ekonomikorako erantzun bateratu bat bilatzeko. Iparraldeko estatuek zorpetzea kontrolatzeko neurriak nahi dituzte laguntzen truke

Roberto Gualtieri Italiako Ekonomia ministroa, gobernuaren egoitzan, Erromako Chigi jauregian. RICCARDO ANTIMIANI / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Olioak urarekin bezala. Aurreko hamarkadako zor subiranoaren krisian gertatu zen moduan, bananduta jarraitzen dute Europaiparraldeko eta hegoaldeko estatuek; mesfidantzaz begiratzen diote elkarri. Herenegun, hamasei ordu baino gehiago negoziatzen aritu ostean —atzoko ordu txikietan amaitu zituzten elkarrizketak—, Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroak ez ziren gai izan akordio bat lortzeko koronabirusaren eragin ekonomikoa arintzeko neurri bateratuen inguruan, eta gaur arratsaldean ekingo diete berriz elkarrizketei.

Funtsean, herrialdeek pilatuko dituzten zorrei aurre egiteko modu bateratu baten bila ari dira. Hiru proposamen dituzte mahai gainean: 2008ko krisian bezala, ESM euroguneko erreskate funtsa erabiltzea: 240.000 milioi euro inguru; Europako Berme Funtsa sortzea, enpresentzat likidezian 200.000 milioi baino gehiago emateko; eta 100.000 milioi euroko beste poltsa bat, estatuen lanaldi murrizketarako programa bereziak finantzatzeko —Hego Euskal Herrian, aldi baterako lan erregulazioak—. Hori dena maileguen bitartez banatuko litzateke estatu kideen artean; nola finantzatu eta estatu hartzaileei zer baldintza jarri eztabaidatzen ari dira.

Herbehereak eta Italia jokatzen ari dira partida nagusia. Aurrenekoak laguntza horiek ditu herrialde hartzaileentzako baldintza ekonomiko zehatz batzuekin lotu nahi ditu; bigarrenak, aldiz, betebehar horiek ahalik eta gehien arintzea nahi du. Horren inguruko liskarra izan omen da blokeo puntu nagusia. Lehia hori betiereko berdinketan amai ez dadin lanean ari dira beste estatu batzuk. Bilera amaitzean, Frantziako eta Alemaniako ministroek marra gorriak mugitzeko eskatu zieten Herbehereei eta Italiari.

Lagundu bai, erreskatatu ez

«Prest gaude erreskate funtsa osasun gastuetarako erabiltzeko. Baina laguntza ekonomikorako erabiltzen den neurrian, uste dugu [jasotzen duten estatuek] neurri ekonomikoak hartu behar dituztela», adierazi du Wopke Hoekstra Herbehereetako Finantza ministroak. Herbehereen arabera, maileguek bi fase izan beharko lituzkete: lehenengoan, utzitako dirua baldintzarik gabe jasoko lukete hartzaileek; bigarrenean, zaintza sistemak finkatuko lituzkete.

ESM erreskate funtsari dagokionez, blokeoa edozein estatu kidek ezar dezake. Batasuneko gobernu guztien babesa behar du martxan jartzeko, eta estatuek baldintzak jar ditzakete; kide batzuek, gainera, euren parlamentuen oniritzia behar dute.

Italia, gainera, ez dago prest mailegu horiek erreskate baten moduko programa baten bidez jasotzeko: hau da, ez ditu nahi baldin eta horrek aurrekontuetan erreforma eta murrizketa sakonak egitea exijitzen badio, 2008ko krisian besteak beste Greziak egin behar izan zuen moduan.

Erromak ez du Atenas izan nahi, baina, Europaren babesik gabe, zaila izango luke bere zorra finantzatzeko modua aurkitzea, hegoaldeko estatuen artean Italiak baitu arrisku saririk handiena, eta alde nabarmenarekin. Akordiorik ezak, halaber, euroeszeptikoen jarrera indartuko luke, bereziki Italiako Gobernuan egon diren baina egun oposizioan dauden Matteo Salvini eta haren taldekideena.

Koronabonuen aukera da mahai gainean duten beste egitasmoa. Hamar bat herrialdek eskatu dute hori, tartean Italiak, Espainiak eta Frantziak. Baina Herbehereak, Alemania, Austria eta Finlandia zor mutualizatu hori—kide guztien artean partekatua— jaulkitzearen kontra daude. Ez dute nahi beraiek hartu behar izatea ordaintzeko ardura baldin eta estaturen batek ezin badu bere zorra ordaindu. «Uste dugu horrek konponbide baino arazo gehiago sortuko dituela EBrentzat. Beste herrialdeen zorrak bermatu beharko genituzke, eta hori ez da zentzuzkoa. Eurotaldearen gehiengoak, gainera, ez du babesten», adierazi du Hoekstrak.

Berri agentziek kontsultatutako diplomazia iturrien arabera, Parisek eta Madrilek erdibideko beste proposamen bat egin dute zorra jaulkitzeko: zati handi bat EBren aurrekontuari lotzea proposatu dute. Baina horri buruz ere ez dute akordiorik egin.

Adosteko dagoen hirugarren puntua Europako Batzordeak egindako proposamena bat da: lanaldiak murrizteko programak finantzatzeko funts komun bat sortzea, Sure izenekoa. Horrek 100.000 milioi euroko mailegua izango luke.

ESMarekin ez bezala, kasu horretan, maileguak ez lirateke bazkideen presio eta ikuskapen bereziaren mende egongo, Europako Batzordearen babespeko mailegua izango bailitzateke. Bera zorpetuko litzateke herrialde eskatzaileari funtsak mailegatzeko merkatuan. Parte hartu nahi duten estatu kideen babesarekin egingo luke hori, baina ez lukete euren parlamentuaren oniritzirik beharko, eta, akordiorik balego, hori funtsezkoa litzateke blokeoak eragozteko.

Dena den, herrialde batzuek ziurtatu nahi dute funts hori koronabirusaren krisira mugatuko dela, eta ez dela izango mekanismo zabalago baterako lehen pausoa, adibidez Europa osorako langabezia aseguru bat sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.