Koronabirusa

Apirila badoa, maiatzaren beldurrez

Gastua murriztu denez, apirilean ez da izan jende askoz gehiago hil bukaerara iristeko arazoekin. Hipoteken geroratzeari buruzko galdera asko jaso dituzte bankuek. Kolpea maiatzean espero dute

GORKA RUBIO / @FOKU.
Irune Lasa.
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Nola dabil jendea hilabete amaierara begira? Martxo amaierako shockaren ostean, langile guztientzat ziurgabetasunez beteta joan da aurrera apirila; langabezian, erregulazioan, negozioa itxita... Ekonomiarentzako eta enpleguarentzako kalteak handiak dira, argi dago, baina, hala ere, oraindik goizegi da ziurtatzeko askoz jende gehiagok dituela zailtasunak hilabete bukaerara iristeko.

Horren esplikazioa nahiko sinplea da: herritar gehienen gastua asko jaitsi da konfinamenduarengatik, eta, bestela ere, saltoki gehienak itxita daudelako. Jendea oinarrizko kontsumora ari da mugatzen. Ez bidaiarik, ez jatetxerik, ez ile apaindegirik... Jatekoak, edatekoak, komuneko papera, eta, asko jota, gutiziaren bat.

Egia da kreditu eta ordainketa txartelen erabilera igo egin dela. Baina eragiketa kopuruetan soilik izan da hazkundea, eta ez da antzeman kreditu txartelak gastua geroratzeko erabiltzeko joera garbirik.

Eskudiruaren erabileraren jaitsieraren ondorio dira, gehienbat, txartelekin egindako operazioen hazkundeak. Kutxanbanken bezeroek, esaterako, askoz ere diru gutxiago atera dute kutxa automatikoetatik (-%45). Izan ere, udaberri arraroarekin, contactless txartelen loraldia iritsi da—entitate gehienek gainera, sinadurarik gabeko diru muga handitu dute, hogei eurotik 50era—. Ia ziur, esku diru gutxiago erabiltzea izango da koronabirusak behin betiko aldatuko duen ohituretako bat.

Saltokiak itxita

Operazio gehiago, baina gastu gutxiago. Laboral Kutxaren bezeroen artean txartelen bidez bezeroek egindako operazioen kopurua %1,7 baizik ez zen handitumartxoan, baina fakturazioa, txartelen bidez mugitutako dirua, %5,8 jaitsi zen.

Txartelen operazioek ere islatzen dute enpresa mordoa daudela itxita. Izan ere, merkataritza bezeroetan, joera bera izan da. Laboral Kutxaren merkataritzako bezeroen operazio kopuruak handitu egin ziren (+%12,5) aurreko urteko martxoarekin alderatuta, baina fakturazioa jaitsi egin zen (-%5,5), saltoki mordoa itxita dauden seinale.

Komertzioek txartelekin egindako operazioen zenbatekoak ere ematen du alarma egoerak sektoreetan jada martxoan izan zuen eraginaz eta geldialdiaz. Espainian, txartel bidez fakturatutako kopurua %58 handitu zen supermerkatuetan, eta %35, berriz,farmazietan. Aldiz, bidaia agentzien txartel bidezko fakturazioa %65 jaitsi zen, hotelena %66, jatetxeena %47, eta garraioena %67.

Hipoteken moratoria

Hilabetea bukatzen ari dela, jendea estu dabilenetz ikusteko beste aldagai bat hipoteka maileguen kuoten geroratzeak izan daitezke. Espainiako Gobernuak egoera zaurgarrian zeuden pertsonei ordainketa horiek geroratzeko aukera eman zien, hasieran hilabete batez (martxoaren 17ko dekretuan) eta gero hiru hilabetera luzatu zuen epea (martxoaren 31n).

Finantza entitateek adierazi dute jaso dituztela kontsultak, eta ez gutxi; bezeroek informazioa eskatu dute hipotekaren ordainketak atzeratzeko dituzten aukerez. Kutxanbankek, esaterako, izan ditu bezeroak galdezka, baina ez du daturik eman ez jaso dituen eskaera formalei, ezta onartu dituen eskaeren kopuruei buruz ere. Dena den, Kutxabankekazaldu du gaiaz galdetu duten bezero gehienek ez dituztela betetzen hipotekak geroratzeko Espainiako Gobernuaren dekretuak ezarritako baldintza guztiak.

Maileguen geroratzea eskatu ahal izateko, eskatzaileak «egoera zaurgarrian» egon behar du. Norbait egoera zaurgarrian dagoela aitortzeko lau baldintza bete behar ditu: langabezian gelditu izana, edo, autonomoen kasuan sarreren %40tik gora galdu izana; familia osoaren diru sarrerek ez gainditzea IPREM errenta adierazle publikoaren hirukoitza, 1.613 euro —muga handiagoa izango da familian haurrak eta ezinduak badaude—; familiaren diru sarrera guztien %35etik gora hartzea etxebizitza gastuek hipotekaren kuotak eta gastu zein hornikuntza orokorrek—; eta, azkenik, erakutsi behar da hipotekak familiaren errentan duen zama 1,3 biderkatu dela.

Hipotekaren kuoten moratoria eskatzeko baldintzetan hirugarrena da eskatzaile eta galdetzaile gehienek betetzen ez dutena, etxebitza gastuek familiaren sarreren %35 gainditzearena.

Hori gertatu zaie Laboral Kutxan hipoteken geroratzeari buruz galdetu duten bezero askori. Gehien-gehienek ez zituzten betetzen dekretuaren baldintzak. Euskal Herriko eta kanpoko bezeroak aintzat hartuta, Laboral Kutxak apirilaren 23an 67 bezerori geroratu zizkien ordainketak —62 hipoteka mailegu eta bost mailegu pertsonal—. 67 eskaeretatik, 41 langile autonomoen hipotekei eta maileguei zegozkien.

Dena den, Laboral Kutxak nabarmendu du bere eskaintzan dituen hipoteka maileguetan gehienek badituztela sei hilabeteko gabealdietarako aukerak, eta hori alternatiba ona izan daitekeela dekretuaren baldintzak betetzen ez dituztenentzat. Gabealdi horiek indarrean jartzea eskatu dute Laboral Kutxaren 784 bezerok Hego Euskal Herrian. Hori bai, egoera horietako bakoitzaren atzean egon daitekeen dramaz aparte, kopuru horiek ez dira inolaz ere esanguratsuak, entitateak emanda dituen hipoteka maileguen kopuruak kontutan hartzen bada.

Pentsio planak

Estutasun zantzuak ikusteko beste datu bat izan zitekeen ea jendeak eskatu duen Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetatik eta pentsio planetatik aurrezkiak berreskuratzea, horretarako baimena eman dutelako administrazio publikoek.

Kutxabankek joan den astearen bukaeran ez zuen horrelako operaziorik batere zenbatu, nahiz eta kontsultak izan dituen. Egia da eragiketa horretarako agiri jakin batzuk aurkeztu behar direla, ez soilik eskaera, eta garaiak ez direla onenak burokrazian murgiltzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, SEPEk ordaintzen ez duen soldataren partea daeskatu daitekeen bakarra (%30 inguru).

Laboral Kutxak joan den urtearekin alderatuta, halako eskaeren %5eko igoera bat izan du martxoan, baina kopuruak oso txikiak dira, bai eragiketenak, baita berreskuratutako aurrezkiaren zenbatekoenak ere. Ez da ahaztu behar, burokraziaz gain, aurrezki horiek berreskuratzeak zerga aitorpenean ondorioak dituela.

Martxoa shock batekin bukatu bazen, apirila ziurgabetasunean joango dela dirudi jendearen ekonomian. Ziurtasun handiagoa eta hodei beltzak benetan maiatzarekin batera iritsiko direla uste dute bankuek eta kutxek.

Izan ere, herritar gehienak gai dira bizpahiru hilabeteko kolpeari aurre egiteko, baina maiatzean jada hasiko dira askoren indarrak eta aurrezkiak ahitzen. Ziurgabetasunean ziurtasun bat: hurrengo hil bukaera gogorra izango da askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.