Marixol Iparragirre bakartuta daukatela salatu dute gertukoek

Sinadurak biltzen hasi dira, euskal presoa Euskal Herriratu dezatela eskatzeko. COVID-19a duen ala ez jakin gabe bakartu dute Brievako espetxean, badaezpadako neurri gisa

Marixol Iparragirreren aldeko kartel bat, bere jaioterrian, Eskoriatzan (Gipuzkoa). JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Marixol Iparragirre euskal presoak Brievako espetxean (Espainia) duen egoerarekiko «kezka sakona» adierazi dute haren senide eta lagunek. Izan ere, bakartuta daukate, badaezpadako neurri gisa, bisean biseko komunikazio bat izan eta gero. Iparragirreren gertukoek adierazi dute bakartze moduluan edukitzeko beharrik ez dagoela, ez baitago frogatuta koronabirusarekin kutsatu dela. Areago, salatu dute ez dagoela aurreikusita presoari PCR probak egitea, COVID-19a duen jakin eta, ezezkoa bada, ohiko bizimodua egiteko.

Egoeraren larritasuna dela eta, espetxeko zuzendariari gutun bat bidaltzeko asmoa dute euren kezka agertzeko, eta harekinbat egiteko sinadurak biltzeari ekin diote. Gutunean, Brievako presondegiko zuzendariari eskatzen diote han dauden presoak «lehenbailehen» eramateko euren bizilekuetatik gertu dauden kartzeletara; «beren erkidegora, eurek eskatu duten bezala».

Iparragirre bakartuta izatearen ondorioez ere ohartarazi dute haren gertukoek: 24 ordu egin behar ditu ziegan, eta hamar egunez patiora irten gabe.«Ulertzen dugu zaila dela izurri baten kudeaketa espetxe batean, baina uste dugu Marixolen oinarrizko eskubideak errespetatu beharko liratekeela, haren osasun egoera egiaztatuta eta patiora irteten utzita, bakarrik bada ere». Haren ziegaren hesia ere ez ixteko eskatu dute, bakartuta egon arren ez dagoelako zigortuta. Horrez gainera, azaldu dute hiru astez bisean bisekoak bertan behera utzi izanak «ziurgabetasuna» gehitzen diela azken sei hilabeteetan bizi izandakoari.

Ez da aurreneko aldia Iparragirre (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1961) bakartzen dutela. 2004tik iazko irailera arte Frantzian egon zen kartzelatua, Reauko espetxean, ETAren zuzendaritzako kide izatea leporatuta. Ezarri zioten zigorra bete zuen, baina Espainiaratu egin zuten; Madrilgo Soto del Real espetxean egon zen hasieran, eta han ere bakartuta eduki zuten.Iazko irailaren 30ean Brievako kartzelara lekualdatu zuten, eta han dago harrezkero, zenbait epaiketaren zain. Brievako kartzelan ere bakartze moduluan egon da maiz.

Hamabi epaiketa

Haren aurka hamabi kausa dauzkate irekita Espainian, eta beste horrenbeste epaiketa izango ditu. Aurtengo uztailean izan zuen epaiketa horietako lehena, eta urrian du hurrengoa. Uztaileko epaiketan, 122 urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, fiskaltzaren eskaerari men eginez. Ebazpenean epaileak leporatu zion ETAren komando bati «agindua ematea» Luciano Cortizo Espainiako armadako komandantea hiltzeko. Iparragirrek, epaiketan, ukatu egin zuen hilketarekin zerikusia eduki izana, eta, era berean, salatu zuen EPPKren ordezkaria izateagatik abiatu dituztela bere aurkako prozesuak.

Izan ere, EPPKren ahotsetako bat izan da Iparragirre azken urteetan, eta, Frantzian preso zela, besteak beste Parisko diputatu eta senatarien bisitak jaso zituen. ETAk bere desegitearen berri eman zueneko adierazpenari ahotsa jarri zion 2018ko maiatzean, Josu Urrutikoetxearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.