5G hedagailu andana ipini dituzte Ipar Euskal Herrian

Frekuentzien agentziak zabaldu maparen arabera, laurogei 5G hedagailuz goiti baimendu dituzte. Kasik denak Lapurdin dira, eta Free konpainiak du baimen gehien, oraingoz

Iñaki Etxeleku.
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Duela urte bat, ingurumen elkarteak asaldatu ziren Frantziako Gobernuak osasun krisia dela kausa etengabe luzatzen duen larrialdi egoera baliatuko zuelakoan 5G teknologiarako hedagailuen baimentzeko. Hala gertatu da geroztik. Asalduraren iturri nagusia 2020ko martxoaren 26an Frantziako Ekonomia eta Finantza Ministerioak atera dekretua zen. Alabaina, dekretu horrek larrialdi egoera baliatu du uhin elektromagnetikoen inguruan herriko etxe eta elkargoek zuten ahalmena kentzeko. Dekretuko lehen artikuluak hala dio argiki: «Herri batean instalazio irrati-elektriko baten erabiltzeko eta aldatzeko informazio txosten baten egiteko betekizuna ezeztatua da osasun larrialdian». Geroztik, beraz, besteak beste sakelako telefoniaren konpainiek hedagailu moldaketak egin ditzakete herriko etxeak, elkargoak abisatu gabe. Frekuentzien Frantziako Agentzia Nazionalaren baimenik ere ez dute gehiago behar. Bizkitartean, jadaneko baimenduak izan diren 5G hedagailu berriak agentziak biltzen ditu bere Internet atarian, eta mapa batean ikusgai dira. Horri esker jakin daiteke Ipar Euskal Herrian berean Free, Orange eta SFRek bidea zabal-zabala dutela laurogei 5G hedagailuz goitirentzat, oraingoz. Non diren ere agertzen da. Frekuentzia horietarako enkanteak irailean ireki ziren, eta ez konpainiek, ez administrazioak ez dute denborarik galdu. Lehen baimenak urritik abendura artean jin dira.

Joan den martxoko dekretuak badu beste erranaldi adierazgarri bat lehen artikuluan, beti: «Lehenago aipatu informazio txostena auzapezari eta herriarteko lankidetza erakundearen lehendakariari helaraziko zaio osasun larrialdia bururatu eta hilabetera». Hots, konpainiak ez dira behartuak tokiko hautetsien abisatzerat. Ekainera arte luzatu den larrialdi egoerak irauten dueno hala segi dezakete.

Moratoria eske

Ez dira denak ados horrekin. Zenbait herriko etxek bozkatua dute 5G hedagailuen baimentzeengibelatzeko eskaera, Cade eta Hendaiako ACE elkarteek eginlanaren ondorioz.

Hendaiako herriko kontseilua izan zen lehena luzamen eskaera bozkatzen, joan den agorrilaren 26an. Zenbait egun berantago, Biriatuk eta Uztaritzek (irailaren 25ean) eta Azkainek (irailaren 29an) erabaki bera bozkatu zuten kasik hitzez hitz, argudio berekin. Laurek Klimaren Aldeko Herritar Itunak egin galdea aipatzen dute: «Itunak eskatzen du 5Garen kalteak neurtzea zuntz optikoari konparatuz baimenak eman baino lehen, eta ez ondotik». Itunak aholkatu du, halaber, ingurumenarentzat eragin gutien duen teknikaren lehenestea, eta eztabaidaren luzamena gomendatu.

Cade elkarteak, 5Garen geldiarazteko landu duen manifestuan, esplikatu du teknologia berri horrek energia xahutzea emendatuko duela. Hori baliatu dute Hendaiak, Biriatuk, Uztaritzek eta Azkainek ere. Senperek urriaren 8an bozkatu zuen, erranez «eginahala herriko etxe mobilizatzeko ez dela berantegi» eta «Euskal Elkargoari gomit» egiten ziotela «berdin egitera». Maule-Lextarreko kontseiluak abenduaren 7an bozkatu zuen. Energia xahutze handiagoa aipatzen du bere deliberoan, baita sakelako tresneria guziaren osoki berritzerat behartuak izatea ere 5Garekin.

Baina Telefonia konpainiak hasiak dira 5G hedagailuak ezartzen. Ipar Euskal Herrian laurogei gunetan baino gehiagotan erdietsi dituzte baimenak. Oraintxe, Free konpainiak ditu gehien, erdiak pasa. Ondotik datoz Orange eta SFR konpainiak. Bouyguesek bakarra du, maparen arabera. Baimendu hedagailu horiek lehenagotik hedagailuak zituzten guneetan dira, haga, teilatu eta mendi tontorretan. Lapurdi itsasaldean dira gehien-gehienak ageri.

Cade elkarteak luzamen eskaera bozkatzea galdegina dio Euskal Elkargoari, lehendakari eta gaiak hunki lehendakariordeei gutuna idatziz. «Osasun, ingurumen eta gizarte arrazoiengatik, bizimolde arrazoiengatik, hots, 5Garen hedapena gibelatzearen alde agertzea» eskatu dute. Ez da deus deliberorik jin oraino elkargotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.