Koronabirusa

Erietxeak presio eltze, laugarrenez

751 paziente daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan; horietatik, 171 ZIUetan. Aldaera britainiarraren eragina aipatu dute osasun agintariek, goranzko joera azaltzeko

Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Izurria ez da lehengo bera. Aldatzen ari da, SARS-CoV-2 birusaren erritmo berean. Euskal Herrian, 80 urtetik gorako adineko gehienak txertatuta daude dagoeneko—ziurrenik, horrek eragotzi du goraldi askoz bortitzago bat—, baina koronabirusaren mutazio berriek jokoaren arauak aldatu dituzte. Aldaera britainiarraren ondorioz, esate baterako, ospitaleratzeak ugaritu egin dira azken asteetan Hegoaldean, eta, gaitzaren aurreko olatuetan ez bezala, birusak indar handiagoz eragin die paziente gazteagoei.



Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzo 104 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta. Horiek aintzat harturik, guztira 751 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan erietxeraturik. Paziente horietako 580 gela arruntetan dira, eta 171, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Otsailaren 19tik izan den kopururik handiena da hori.

Presio asistentzialaren okertzea «kezkagarritzat» jo zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik: «Transmisio tasaren goranzkoak berekin dakar, egun gutxiren buruan, ospitaleratzeak ugaritzea, eta, gerora, isla izango du ZIUen okupazioan ere».

Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek ere aipagai izan zuen ospitale sarearen «tentsionamendua». Besteak beste, esan zuen herrialdeko ospitaleen okupazio mailak «hirugarren olatuan erregistratutakoak gainditu» dituela jadanik, eta, gainera, pazienteen soslaia aldatu egin dela laugarren olatuan: «Oro har, paziente gazteagoak dira, eta egoera larriagoan iristen dira erietxera».



Aldaketa hori aldaera britainiarraren ondorio dela gaineratu zuen Indurainek: «Atzemandako kasuen %98 eta %100 artean aldaera britainiarrekoak dira jada, eta hori erabakigarria izaten ari da; adin tarte askotan, bikoiztu egin da ospitaleratua izateko arriskua». Aldaera britainiarra «kutsakorragoa» izateaz gain, kontseilariak uste du «sintoma larriagoak» eragiten dituela: «Kutsatutakoen %10,3 ospitaleratuak izan dira, eta erietxeetan daudenen %18,4k, berriz, ZIUetara joateko arriskua dute. Kontu serioa da».

Izurriaren olatua «ezberdina» izaten ari dela nabarmendu zuen Indurainek, eta, aldaera britainiarraz gain, beste faktore bat ere aipatu zuen, kutsatzeen eta ospitaleratzeen igoera azaltzeko: neke pandemikoa. «Gizartearen egoera ezberdina da, eta neurriak ez dira lehen bezala betetzen ari, ziurrenik jendea nekatuta dagoelako. Ezin dugu ezikusiarena egin, fenomeno hori ere kudeatu beharko dugu, agertoki okerragoetara iritsi nahi ez badugu».

Neke pandemiko horren adibidetzat jo zuen, besteak beste, ospitalera edo larrialdietara jotzeari uko egiten diotenen jokabidea: «Osasun profesionalek nabaritu dute sintomak dituzten pertsona batzuek uko egiten diotela osasun sistemarekin harremanetan jartzeari, edo ez dietela aztarnariei esaten norekin egon diren».

Positiboak, gora

Ospitaleetako egoeraz gain, birusaren transmisioaren larriagotzea bistakoa da Hegoaldeko osasun agintariek argitaratutako gainerako datuetan ere. Osakidetzak eta Osasunbideak, guztira, 13.929 proba egin zituzten asteartean COVID-19a detektatzeko, eta horien %8,7k eman zuten positibo: 1.216k. Otsailaren 4tik aitzina Hego Euskal Herrian izandako daturik makurrena da hori. Kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Gipuzkoan detektatu ziren kasu positibo gehien: 456. Gainera, Bizkaian 419 atzeman zituen Osakidetzak, eta Araban, berriz, 123. Igoera nabarmena izan zen Nafarroan ere, eta 200 kasuren langa gainditu zuten: 213 positibo, guztira.

Transmisioari buruzko datuak ez ezik, heriotzei loturikoak ere ilunak dira Hegoaldean; eten egin da beheranzko joera. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 52 lagun hil dira gaitzak jota azken astean. Iragan asteetako datuen aldean, heriotza kopuruak nabarmen egin du gora; izan ere, otsail bukaeratik izandako kopururik handiena izan da aurreko astekoa, hau da, apirilaren 5etik 11ra bitartekoa. Zenbatekoa otsailaren 22tik 28ra arteko astean izan zen langa horretatik goitikoa azkenekoz; Osakidetzak eta Osasunbideak 71 heriotza jakinarazi zituen hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.