Hamar urtean lehen aldiz, uztailean gora egin du langabeziak, Hego Euskal Herrian

Lan merkatua krisi aurreko joera berreskuratzen ari da. Beste sektoreak ez dira gai izan hezkuntzan galdutako enplegua berreskuratzeko. 5.400 afiliazio galdu dira

Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Lan merkatuak krisi aurreko joeren arrasto bat eman du uztailean. Lehen aldiz hamar urtean, gora egin du enplegu bulegoetan langabe gisa erregistratuen kopuruak: 153.626 dira, ekainean baino 1.087 gehiago. 2009ra egin behar da atzera uztailak langabezia handitu zuen azken urtea aurkitzeko, eta, orduan, maldan behera zihoan ekonomia, Lehman Brothersen porrotak eragindako izuaren ondorioz. 2009an gertatutakoa, ordea, ohikoa zen krisi aurreko urteetan: 2.358 langabe gehitu zituen 2007ko uztailak, 1.043 2006koak...

Jokaera horren arrazoia zerbitzuetan aurkitu behar da, eta hezkuntzan bereziki. Izan ere, ekainarekin batera kontratua bukatzen zaie langile askori sektore horretan, eta ez diete berriro kontraturik egiten irailera edo urrira arte. Hezkuntzaren eragina nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta datu batekin frogatu: arlo horretan, ekainean baino 1.690 lagun gehiago daude lanik gabe.

Azken bederatzi urteetan ere gertatuko zen irakasleen efektua, baina beste sektore batzuetan sortutako enpleguak gai ziren galera hori konpentsatzeko. Aurten, ordea, ez.

LANGABEZIA

Hamarretik sei, andreak

Araba izan da langabeziaren gorakadari izkin egin dion lurralde bakarra (-111). Eta azken urtean bilakaerarik onena izan duen lurraldean igo da gehien, Nafarroan (+515). INEren biztanleria aktiboaren inkestaren datuak eta SEPErenak erkatuz gero, Gipuzkoa da %10etik beherako langabezia tasa duen bakarra (%9,2), baina Nafarroa ez dago urrun (%10,3), eta %13ren inguruan dabiltza Bizkaia eta Araba. Tasa txikiagoa ematen dituzte INEk zein Eustatek. Bata zein bestea izan, tasa «onartezina» dela aldarrikatu du ELAk. «Soilik Espainiako Estatuak eta Greziak dute langabezia tasa handiagoa Europako Batasunean».

Zerbitzuetan pilatu da uztaileko langabezia (+1.555), beste alorretan jaitsi egin baita. Datu horri heldu diote gobernuek esateko igoera koiunturala dela. Uda amaitu ondoren, langabeziak beheranzko joera berreskuratuko duela uste dute.

Eta zerbitzuak izanik emakume gehien enplegatzen dituen sektorea, berriro ere emakumeei eragin die gehien. Jada langabeen %58,3 dira —iaz baino puntu bat gehiago—, eta %14,6ko langabezia tasa dute. Gizonenak, berriz, ozta-ozta gainditzen du %9a.

Jaurlaritzak nabarmendu duen beste datu bat da bere eremuangutxitu egin dela epe luzeko langabezia (-968), eta handitu, berriz, epe laburrekoa (+1.560). Ez da hilabete bateko kontua: azken urtean, %6,8 txikitu da epe laburrekoa, eta %8,1, berriz, epe luzekoa. «Ekonomiaren suspertzea aukerak ematen ari da langabe kronifikatuei», ziurtatu du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak.

AFILIAZIOA

Hilabete kaskarra

Irakasleen efektua —edo udan eteten diren kontratuena— antzematen da afiliazioaren datuetan ere. Izan ere, uztaila hilabete txarra izan da, ezbairik gabe. Ekainean baino 5.437 langile gutxiago Gizarte Segurantzan kotizatzen. Jaitsiera ikusgarria izan da nekazarien artean (kotizatzaileen %17 galdu ditu sektore horrek), eta aipagarria etxeko langileen artean (-%1).

Hori bai, aurreko urtearekin alderatuta, balantzea oraindik positiboa da (+27.783). Are gehiago, kontu ekonomikoen datuek ere erakusten dutenez, enpleguaren sorkuntzak ez du erritmoa jaitsi: 2016ko uztailetik 2017kora 28.800 afiliazio gehitu ziren.

KONTRATUAK

Behin-behinekoak, gora

Uda ez da ona izaten enpleguaren kalitatearentzat, turismo sasoian irauten duten enplegu asko dakartzalako berarekin. Horrela, ez da harritzekoa uztailean sinatutako kontratuen % 93.2 izatea aldi baterakoak. Analisi txarra egin du LABek: «Estatuan enpleguaren estazionalitatea handia zen lehendik ere, turismoan oinarritutako eredu ekonomikoa dela eta. Euskal Herrian geroz eta gehiago nabaritzen ari da turismo eredu jakin baten aldeko politikek enpleguan sortzen dituzten ondorioak: behin-behinekotasuna eta prekaritatea […] Datuek erakusten dute langileen artean errotazio handia dagoela». Antzera mintzatu da ELA ere, eta gogorarazi du 2018ko lehen sei hilabeteetan egin diren kontratu guztien %91,4 behin-behinekoak izan direla.

Baina bada beste datu bat ere: kontratu mugagabeak gehiago hazten ari dira aldi baterakoak baino. Zehazki, %21 urteko lehen sei hilabeteetan —%5 aldi baterakoek—. Datu positiboago horri heldu diote Iruñeko eta Gasteizko gobernuek. «Horrek erakusten du kuantitaboki ez ezik, kualitatiboki ere hobetzen ari dela lan merkatua», esan du Artolazabalek. Kontratu mugagabeen zati handi bat, edonola ere, lanaldi partzialekoa da.

LANGABEZIA SARIA

Estaldura pixka bat gora

Urte osoan lan egin ondoren udan beren kontratuak amaitzen dituztenen eskutik, pixka bat igo da langabezia sarien estaldura: maiatzean %37,7 ziren, eta ekainean %39,2 izan ziren. Baina datu horri buelta emanez gero, ikusten da egoera larria dela langabeentzat, hamarretik seitik gora ez dutelako beren egoerari lotutako laguntzarik jasotzen. «Estatuko sistemaren mugak agerian utzi dituzte azken datuek», onartu du Nafarroako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.