Handienen artean ez egotea

Analista ezagun batek salatu du General Electricek zulo handia ezkutatzen duela kontuetan. Azken urteak gogorrak izaten ari dira ikur izandako konpainia horrentzat.
Bere jarduera energiara, energia berriztagarrietara, hegazkingintzara eta medikuntza negozioetara murriztu du General Electricek.
Bere jarduera energiara, energia berriztagarrietara, hegazkingintzara eta medikuntza negozioetara murriztu du General Electricek. EFE

Irune Lasa -

2019ko abuztuak 22
General Electric konpainiaren kontuetan 34.000 milioi euroko zuloa dagoela salatu berri du Wall Streeteko analista ezagun batek, eta AEBetako konpainiaren akzioen balioa beherantz eraman —%15, une jakin batean-. Salatzailea, Harry Markopolos, Bernie Madoff ezagunaren iruzurra publiko egin izanagatik da ezaguna. Eta Markopolosek berak ekarri du Enron auzia gogora, bere 170 orrialdeko txostenean, GErena hura baino zulo handiagoa dela esanez.

Bere garaian —2001. urtean—, esan zen Enron handiegia zela erortzeko, baina erori egin zen. Markopolosek dioena egia bada, General Electric are handiagoa litzateke erortzen uzteko, besteak beste 280.000 langile dituelako mundu osoan. Salaketak, hasieran merkatuak asaldatu bazituen ere, ez du indar gehiago hartu, oraingoz.

Dena den, erortzeko handiegia izan edo ez, General Electricek distira asko galdu du azken urteetan, eta jada ez dabil, garai batean bezala, handienen artean.

Finean, konglomeratu industrial erraldoiak, petrolio konpainiatzarrak eta banku boteretsuak jada ez dira kapitalismoaren ikur nagusiak. Aro hori pasatu zen, edo azkenetan da. Ikusi besterik ez dago milurtekoaren hasieran zeintzuk ziren munduko lehen konpainiak merkatu kapitalizazioaren araberako sailkapenean eta zeintzuk diren orain handienak.

Teknologikoen atzean

Egia da duela hogei urte lehen postu horietan agertzen hasiak zirela Microsoft, Cisco eta Intel teknologikoak, baina 2000ko urteetan oraindik General Electric bazen nor Bill Gatesen taldearen pareko izateko; GE hainbatetan izan zen konpainiarik handiena burtsako balioan, eta orpoz orpo zituen Exxon Mobil, Shell, Citigroup eta sokakoak.

Ia hogei urte pasatu direnean, Apple, Microsoft, Amazon eta Google (Alphabet) teknologikoak dira nagusi balio handieneko hamar konpainien sailkapenean, Warren Buffet-en funtsarekin (Berkshire Hathaway) eta Facebookekin batera, eta Txinako Alibaba eta Tencent ia gainean dituztela. Burtsan egongo balitz Saudi Arabiaren Aramcok izango lukeen balioa bazter utzita, petrolio konpainia bakarrak eusten dio noizean behin munduko balio handieneko lehen horietan agertzeari, Exxon Mobilek.

Eta General Electric ez dago hor. 2000. urtean, munduko konpainiarik handiena zen kapitalizazioan. Gero, azken bi hamarkadatan, urte askotan lortu du zerrendan egotea, baina 2009-2012 tartean erori zen lehen hamarretatik, 2008ko finantza krisiak GE Capital gogor kolpatu zuenean, baina konglomeratuak handienen artera itzultzea lortu zuen, 2017. urtean berriz jausi zen arte.

Beste data esanguratsua iazko ekainaren 26an iritsi zen, General Electric Dow Jones indizetik kanpo gelditu zenean. 1896an eratu zen Dow Jones Industrial Average indizea, eta AEBetako burtsan kotizatzen duten 30 konpainia inportanteenak —hasieran hamabi ziren— hartzen ditu. Hasierako haietako bat izan zen General Electric. Bi urteren ostean, indizetik kanpo geldituko zen, baina 1907an itzuli zen, eta konpainia ehun urtez jarraian egon zen Charles Dowk sortutako indizean; hasierako urte haietatik gelditzen zen bakarra zen.

Nahiko garbi dago azken urteetan gainbeheran joan dela General Electric. Haren negozioetako askok ez dute esperotako mozkinik ematen, akzioek erdia balio dute, eta, aldi berean, konpainiak 100.000 milioi dolarreko zorra du bere kontuetan; zor eramangarria ustiapen ratioari begira, eta betiere GEren kontularien arabera.

Egoerari buelta emateko asmoz, berregituraketa abiatu zuen, eta 2016az geroztik hainbat desinbertsio egin ditu General Electricek —Euskal Herrian ere Ortuellako (Bizkaia) GE Renewableren lantegia itxi zuen 2017an—. GEk, besteak beste, saldu egin du petrolio zerbitzuetako Baker Hughes enpresan zuen partea, eta martxoan saldu zuen, 21.400 miloi dolarren truke, botikagintzako bere alorra. Taldea arinduta, eraginkortasun handiagoa izatea espero dute GEren buruzagiek.

Bestalde, ikusteko dago oraindik Harry Markopolosen salaketak zer bide egiten duen, biderik hartzen badu. Analistaren arabera, osasun aseguruen negozioan aitortzen ez dituen galera itzelak lituzke General Electricek, eta konpainiaren kontuek ez dituzte behar bezala jasotzen petrolio zerbitzuen alorreko salmenta txarraren ondorioz izandako galerak. Zazpi hilabeteko ikerketan 34.000 milioi euroko zuloa atzeman duela dio Markopolosek, eta hori izozmendiaren punta bakarrik dela. General Electricek ukatu egin ditu guztiak. Markopolosen salaketaren atzean funts bat dagoela gaitzetsi du, argitalpena burtsan dirua irabazteko asmotan egin dela.

Burtsako jokaldia

Markopolosek aitortu du funts batekin adostu duela bere txostenaren argitalpena. Trukean, analistak partea jasoko du funts horrek burtsan zorpetze bidez egin dituen operazioen (short selling) etekinetatik.

Zorpetutako salmentetan inbertsiogileek akzioak maileguan hartzen dituzte epe jakin batean itzultzekotan, eta, berehala, saldu egiten dituzte. Akzioaren salneurria jaisten denean, akzioak merkeago erosi, eta itzuli egiten dituzte, hala, bi prezioen arteko aldea poltsikoratzen dute. Operazio arriskutsuak izaten dira, gerta daitekeelako behera egin beharrean akzioen balioek neurrigabe egitea gora, eta bat-batean dirutza bat balio duten akzioak zor izatea.

Denbora gutxian egindako operazioetan, inbertsiogileek akzio baten balioak behera egingo duela egiten dute apustu, eta argi dago Markopolosekin hori izan dela kasua. Beste kontu bat da salaketa egiazkoa den ala ez.

Kiebra jotzeko moduko zuloa izan edo ez, ez da lehen aldia General Electrici leporatu diotela kontuak oso modu nahasian ematen dituela, eta burtsako agintarien ikerketaren bat ere izan dute horren kontura. Garai batean, handienen artean zegoenean, GEk pairatzen ez zituen ajeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna