Greziako 'normaltasun' berria

2015eko ekainean Atenasek ezarritako 'corralito'-ak hiru aste iraun zuen; kapital kontrolek, berriz, lau urte, gaur arte. Bihartik aurrera, ez da murrizketarik izango.

Greziako herritarrak, banku bateko kutxa automatikoan dirua ateratzeko zain, ilaran, 2015eko ekainaren 19an, corralito-aren lehen egunean. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bihartik aurrera Grezia «normaltasunera» bueltatuko dela adierazi du Kyriakos Mitsotakis lehen ministro eskuindarrak. Kapital kontrolak erabat desagertuko dira greziarrentzat, 2015eko ekainetik lehenengo aldiz. Syriza ezkertiarraren gobernua kontrol neurriak ezabatuz joan da urtez urte, eta bideratuta zeukan indarrean geratzen ziren azken kapital kontrolak ezabatzeko plana ere; alabaina, uztaileko hauteskundeen osteko gobernu aldaketa dela eta, Demokrazia Berria kontserbadoreak jarri du paparrean corralito-a desegitearen domina. Normaltasunera bueltatzea hitzeman du Mitsotakisek, baina 2015eko ekainetik asko aldatu da Greziaren normaltasuna, nahiz eta herritarrek berriz ere askatasun osoa izan euren aurrezkiak nahieran erabiltzeko.

Preseski, normaltasunetik oso urrun zegoen Grezia 2015eko ekainean. Eurogunearen une kritikoenaren protagonista izan zen herrialdea: sekula ikusi gabeko beso borroka gogorra egin zuten Atenasek eta Bruselak —ordura arte inoiz ere ez zen benetan planteatu euroa hautsi zitekeenik—, eta Europak irabazi zuen.

'Grexit'-aren garaian

Syrizaren gobernuak ez zuen onartu nahi troikak mahai gainean jarritako hirugarren austeritate erreskatea, baina Greziaren finantzak hari batean zeuden. Zirt edo zart egin behar zuen, eta Alexis Tsiprasen gobernuak erreferendum batera deitu zuen erreskatea bai ala ez galdetzeko. Hein batean, euroa bai ala ez bilakatu zen galdeketa, Alemaniak ere lehen aldiz posibletzat jo baitzuen Grezia eurotik ateratzea.

Gainera, erlojuaren kontrako beso borroka bat izan zen: 2015eko ekainarekin amaitzekoa zen bigarren erreskatea, Atenasek 1.600 milioi euro bueltatu behar zizkion NDF Nazioarteko Diru Funtsari hilabetea amaitzerako, eta 6.700 milioi euro EBZri uda amaitzerako.

Greziak ez zeukan diru hori, banka likidezia maila oso larrian zeukalako, kapital ihes etengabean 2014ko udazkenetik —kapital ihesa 30.000 milioi eurotik gorakoa zen 2015eko udaberrirako—, eta EBZren larrialdiko likidezia lerroak mantentzen zuen bizirik.

Erreferenduma uztailaren 5ean zen egitekoa, eta oso posible zen herritar eta konpainia askok, grexit-aren beldur, kolpean diru asko ateratzea atzerrira bidaltzeko galdeketa baino lehen. Kapital ihes masiboa eragozteko ezarri zuen Atenasko gobernuak kapital kontrola, galdeketa baino lehen banka gehiago ez hondoratzeko. Erabaki zaila zen, ordura arte eurogunean bakarrik Zipren ezarri baitzen corralito-a, 2013an, eta gertaera hark eurogune osoan eragin zuen izu larria.

Greziako corralito-ak hiru aste iraun zuen: bankuak itxita egon ziren ekainaren 29tik uztailaren 20ra. Pertsona bakoitzak egunean 60 euro bakarrik atera zitzakeen kutxa automatikoetatik. Burtsa ere itxita egon zen hilabetez.

Arnasa enpresentzat

Erreferendumean ezetzak irabazi zuen, baina Tsiprasek bira kopernikarra eman zuen: bozetara deitu zuen, berriro irabazi, eta hirugarren erreskatea onartu zuen,austeritatearen faktura eta guzti.

Hiru aste iraun zuen corralito-ak, baina lau urte iraun dute, era batera edo bestera, kapital kontrolek gaur arte. Gobernua pausoz pauso joan da ezabatuz kontrolak: esate baterako, kutxa automatikoetan dirua ateratzeko mugak 2018ko urrian ezabatu zituen erabat.

Baina gaur arte indarrean jarraitu dute lau kontrolek. Greziako enpresek ezin izan diete atzerriko bezeroei egunean 100.000 euro baino gehiago ordaindu; greziarrek ezin izan dute atzerrirako bidaietan 10.000 eurotik gora eraman eskudirutan; herritarrek ezin izan dute atzerrira 4.000 eurotik gora bidali bi hilean behin; eta debekatuta zeukaten atzerrira ordainketak egitea bitxiak, artelanak, material pornografikoak eta zorizko jokoak pagatzeko.

Azken kontrolok ezabatzea arnasa da enpresen nazioarteko jarduera normalizatzeko eta aurrezkiak dituzten herritarren egunerokoa arintzeko. Nazioarteko inbertsioak erakartzea da gobernuaren azken helburua, hazkunde ekonomikoa sustatzeko.

Datu makroekonomikoen hobekuntza ekarri dute Tsiprasen gobernuaren murrizketek eta erreformek, baina aldagai asko dira corralito eta krisi aurrean baino okerragoak. Besteak beste, estatuak azpiegitura gako dezente pribatizatu behar izan ditu—Pireoko portua eta hainbat aireportu, esate baterako—; zor publikoa 2015ean baino ia 23.000 milioi euro handiagoa da —334.571 milioi euro guztira, BPGaren %181—; eta hiru herritarretik bat (%35) pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan dago. Horra hor normaltasun berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.