CAF «Palestinaren aurkako aktibo eta protagonista» izango dela dio batzordeak

Ordezkari sindikalek salatu dute CAFek ezingo duela bermatu beharginen segurtasuna Jerusalemgo tranbiaren lanetan. «Langileak gatazka eremu batera joango dira»

Jerusalemgo tranbia. CLAUDE VILLETANEUSE.
xabier martin
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Zapatan hartxintxar bat sartu zaio CAF konpainiari, inoiz baino azkarrago doan honetan. Herenegun, 110 milioi euroren eskaeren berri eman zuen, eta irailean, 700 milioi euroko kontratu erraldoi batena, Frantzian. Kontua da 9.000 milioi eurotik gorako eskaera-poltsa errekor horretan badela bat gaiztotzeko bidean. Jerusalemgo tranbiaren eskaerak jatorrian du bekatua, eta Beasaingo langile batzordea prest dago bere iritzia argi baino argiago gera dadin: «CAF ez da trenbide sistema huts baten hornitzailea izango bakarrik: Palestinako herriaren aurkako politiken alderdi aktibo eta protagonista ere izango da». Hala dio batzordeak aho batez onartu duen agiriak, eta horixe bera helarazi diote zuzendaritzari, Israelgo Estatuaren asmoak gauzatzeak ekar ditzakeen arriskuekin asaldaturik.

Batzordeak berak azaldu du proiektuaren berezitasuna dela azpiegitura hori «Palestinako lurretan legez kanpo eraikitako Israelgo koloniak lotzeko» erabiliko dela. «Agintariek okupazio hori legezkotu eta iraunkortu nahi dute, biztanleei normalizatutako azpiegiturak eskainita». Ordezkari sindikalek gogoratu dute NBE Nazio Batuen Erakundeak legez kanpokotzat hartzen dituela Jerusalem Ekialdeko okupazioak; «hala, indar okupatzaileak ezarritako lan hori ere legez kontrakoa da nazioarteko zuzenbideari dagokionez».

CAFeko presidente Andres Arizkorretak, ordea, berriki azaldu du egoeraren «azterketa etikoa eta legezkoa» egin duela enpresak, eta azterketa horrek «berretsi» egin duela «CAF nazioarteko legeekin eta giza eskubideekin betetzen ari dela». Arizkorretak iragarri du enpresa ez dela sartuko balorazio politikoetan.

Handiek uko egin zioten

CAFeko langile batzordeak Isralego proiektuaren arriskuaz ohartarazi du orain baino lehen. Otsailean, zuzendaritzari eskatu zion lehiaketa horri uko egiteko, eta Palestina Askatzeko Erakundeak esker ona azaldu zien langileei. «Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat, eta haiek ere zuek erakutsi duzuen duintasun, irmotasun eta etika maila bera izatea espero dugu», adierazi zuen Saeb Erekat PAEko idazkariak.

Ordurako, Europako enpresa garrantzitsuenak joanak ziren proiektu horretatik, lizitazioa egin aurretik, hala nola Alstom, Siemens eta Systra (Frantziako SNCFen adarra), Kanadako Bombardier eta Australiako Mcquarie ere bai. Boikotaren ondorioz, bi talde baino ez ziren geratu: bata, CAFena, eta bestea, enpresa hauena: Shikun & Binui eta Egged (Israel), CRRC (Txina), Comsa (Espainia), Efatec (Portugal) eta MPK (Polonia).

«CAFeko zuzendaritzak, nazioarteko legediari ere aurka eginez, negozioa egitea erabaki du», dio batzordeak. Eta negozio horrek ondorio larriak eragin ditzakeela uste du: «Inork ezingo du CAFeko langileen segurtasuna bermatu obran bertan lan egin behar izanez gero. Langileek gatazka eremu batera joan beharko dute; beraz, CAFeko zuzendaritzak bere langileak jartzen ditu arazoaren erdigunean».

«Ekar litzakeen ondorioak eta CAFeko etorkizuna aintzat hartuta», batzordeak otsaileko eskaera berritu du irmotasunez: «Garaiz gaudela uste dugu. Berriz ere eskatzen diogu zuzendaritzari ez dezala parte hartu Jerusalemgo tranbiaren proiektuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.