'Aita Mari'-k 172 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan

Larrialdian ziren, neurriz gain kargatutako txalupa kaskarretan. ISHk Europako Batasunaren eta estatu kideen jarrera salatu du

Aita Mari ontzia, artxiboko irudi batean. DOMENECH CASTELLO / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
ISH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari erreskate ontziak 172 pertsona erreskatatu zituen herenegun gauean Mediterraneo itsasoan. Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak dira gehienak, eta Tunisiatik abiatu zirela uste dute. Neurriz gain kargatutako txalupa kaskarretan zeuden, larrialdian. Lehen ebaluazio medikoaren arabera, guztiak daude arriskutik kanpo. Aita Mari-ko kideek ohar batean adierazi dutenez, Nadir monitorizazio ontziarekin eta Italiako kostazainekin batera egin dute operazioa.

ISHren hitzetan, Sea Watch behaketa hegazkinak eman zuen abisua. 294 pertsona zeuden txalupetan, Lampedusatik (Italia) hego-mendebaldera, Itsas Bilaketa eta Salbamendu eremuan. Maltako eta Erromako koordinazio zentroei «berehala» jakinarazi zieten zer egoeratan zeuden, baina Maltako agintariek «ez zuten erantzunik eman», eta hasieran «italiarrek uko egin zioten esku hartzeari». Ondorioz, salbamendu txalekoak banatu zizkieten migranteei, eta 170 pertsona Aita Mari ontzian sartu zituzten, segurtasuna bermatzeko.

ISHk gogoratu du itsasoko zuzenbideari buruzko nazioarteko hitzarmenaren 98. artikuluaren arabera itsasertzeko estatuek salbamendu zerbitzu egokia izateko betebeharra dutela, eta lankidetzan aritu behar dutela itsasoko segurtasuna bermatzen duten inguruko estatuekin. «Itsas Salbamendu Humanitarioak eskatzen du legea bete dadila, eta neurri instituzional eta proportzionalak aplika daitezela larrialdi humanitarioari arreta emateko». Babes eta asilo politikak betetzeko ere eskatu dute, nazioarteko itsasoko legeak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta Giza Eskubideen Europako Konbentzioa errespetatuta.

Horrez gain, asteazkenean izan zen beste larrialdi batean Italiak eta Maltak izan zuten jarrera salatu du ISHk. «Ez dute koordinaziorik eta erreakziorik izan, nahiz eta jakinaren gainean egon». Gobernuz kanpoko erakundearen erranetan, hiru pertsona hil ziren: gizon bat, emakume bat eta haur bat. «Airborne hegazkinak hainbat alerta jaso zituen, ontzian ura sartzeagatik laguntza behar zutela esanez, baina hegazkin hori berandu iritsi zen». Hildako hirurez gain, beste 44 erreskatatu zituzten azkenean. «Egun berean, Kanarietako ibilbidean 37 hildako izan ziren, eta, Espainiako eta Marokoko agintariek ez zutenez ezer egin, desagertuta daude».

Estatuei kritika

Gogor mintzatu da ISH Europako estatuen politikari buruz. «Lotsatu egiten gaitu ikusteak Europako Batasunak eta haren estatu kideek, Greziak, Italiak, Maltak eta Espainiak, migratzaileei eta errefuxiatuei sorospena ez emateko politika kriminalak dituztela». Gogorarazi dutenez, «laguntza ez eskaintzeagatik» bostehun lagun baino gehiago hil ondoren gertatu da ezbeharra, eta mundu guztiaren aurrean. «Horrelako krimen larriak gertatuta ere zigorrik behar ez dela uste dutenen ikuspegitik bakarrik uler daiteke».

Azken egunetako aktualitatearekin lotu dute albistea ISH erakundekoek, AEBetako eta Kanadako erreskate zerbitzuak beren baliabide guztiak erabiltzen ari baitira Titanic ontziaren hondakinak bisitatzera joan eta Atlantikoko iparraldean galduriko itsaspekoa aurkitzeko. «Milaka dolar erabiltzen dira, erlojuaren aurkako baliabideak mobilizatzen dira, eta ehunka ordu ematen dira albistegietan, konexioetan, elkarrizketetan, hipotesietan, mapetan, itsas hondoaren diseinua duten proiektuetan, urpeko turismoan istripua izan duten bost pertsonaren salbamenduaren berri emateko. Posible al da axolagabekeria maila honetara iritsi izana? Antzeko sakoneran geratuko dira mundu osoan senideek eskatzen dituzten bostehun gorpuak, eta badirudi erakunde batek ere ez duela interesik horiek berreskuratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.