Albistea entzun

Langabezia igo egin da Hegoaldean, eta afiliazioak behera egin du

Langabezia tasa %9,82 da, baina ekainean baino 682 langabe gehiago daude. Jaurlaritzak esan du uztaila hilabete zaila izan dela azken urteetan, eta zin egin du udazkenean suspertuko dela
Tamaina handiagoan ikusi

Iñaut Matauko Rada -

2023ko abuztuak 3

Hego Euskal Herrian ekainean baino 682 langabe gehiago daude uztailean (135.329), hezkuntzako kontratuak amaitu egin direlako, batez ere. Hala ere, langabezia tasa hamarren bat baino gehiago apaldu da, eta %9,82 da orain, biztanleria aktiboa handitu egin dela eta. Iazko urtearekin alderatuta, baina, datuak onak dira: 2022ko uztailean baino 7.308 langabe gutxiago daude. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak eman ditu datuok.

Azken urteetan uztailean langabeziak behera egin badu ere, historikoki gora egin izan du hilabete horretan, 2008ko krisiaren aurretik bereziki. 2001etik 2009ra urtero egin zuen gora langabeziak, baina, ordutik hona, urte gehienetan behera egin du, udako lanen kontratazioagatik batez ere.

Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan egin du gora langabeziak: 655 langabe gehiago Bizkaian, eta 211 Gipuzkoan. Nafarroan, 114 langabe gutxiago erregistratu dituzte, eta Araban, berriz, 70 gutxiago.

Sexu arrakalak bere horretan jarraitzen du, Hego Euskal Herriko 135.329 langabeetatik 79.967 emakumeak baitira: langabeen %59,1. Ekainetik, gora egin du ehunekoak, langabeen %58,9 baitziren orduan.

Mugagabe gutxiago

Kontratazioak behera egin du iazko uztailarekin alderatuta, orduan baino %8,4 kontratu gutxiago sinatu baitira 2023ko uztailean. Gainera, ekainarekin alderatuta, kontratu mugagabeek behera egin dute. Izan ere, ekainean sinatutako kontratuen %24,31 ziren mugagabeak, eta uztailean, berriz, %21,51.

2021aren amaieran Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutako lan erreformak legez kanpo utzi zituen aldi baterako kontratu mota asko, eta, ordutik, gehitu egin dira kontratu mugagabeak. Hala ere, enpresek bi modu dituzte ohiko kontratu mugagabeak ez egiteko: etenak dituzten kontratu mugagabeak egin daitezke lehenik eta behin; bestalde, askok kontratu mugagabeak sinatzen dituzte, eta, handik gutxira, kaleratu egiten dituzte, ez zaielako garesti ateratzen kaleratzeagatik ordaindu behar duten kalte ordaina: lan egindako urte bakoitzeko 33 soldata egun.

Langabezian egoteagatik inolako dirurik jasotzen ez dutenen kopuruak behera egin du. Maiatzean, langabeen %53,64k ez zuten inolako diru sarrerarik, baina ekainean langabeen %51,22 dira. Sari arrunta jasotzen dute langabeen %28,2k, eta subsidioa, berriz, %18,54k.

Azken hilabeteetan goia jo du Gizarte Segurantzaren afiliazioak, baina hori ere behera egiten ari da gutxinaka. Ekainean 1.308.513 kotizatzaile zituen Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian, baina uztailean 1.304.910era egin du behera, 3.603 gutxiago. Hala ere, iazko uztailarekin konparatuz gero, afiliatuen kopuruak 21.839an egin du gora.

Erregimen guztietan apaldu da afiliazioa: erregimen orokorrean, etxeko langileenean, autonomoetan, nekazarietan, itsasoko langileetan... 2023ko maiatza izan da Gizarte Segurantzak kotizatzaile gehien izan duen hilabetea Hego Euskal Herrian: 1.309.116.

Jaurlaritza, lasai

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gora egin du langabeziak, eta behera afiliazioak, baina Eusko Jaurlaritzarentzat datuak onak dira oraindik ere. Hala azaldu du Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak: «Uda ez da izaten garairik onena Euskadiko enplegurako. Baina datu guztiek jokalekurik onenean mantentzen gaituzte duela hamabost urtetik hona». Esan du urteko lehen sei hilabeteetako datuak «oso onak» izan direla, «apartekoak», eta gehitu du «zaila» dela erritmo horri eustea; hala azaldu du uztailean langabeen kopuruak gora egitea.

Azken bi urteetan egoera antzekoa izan dela adierazi du Gurpegik, eta orduan ere azkar suspertu zela gehitu du. Beraz, Jaurlaritzak uste du udazkenean «susperraldi ekonomiko» bat egongo dela. Hala, «enplegua galdu dutenak eta oraindik aukerarik aurkitu ez dutenak» gutxinaka lan merkatuan sartuz joango direla uste du Gurpegik.

Nafarroan, langabeziaren bilakaera hobea izan da, eta Mari Carmen Maeztu Eskubide Sozialen kontseilariak esan du datu horiek iradokitzen dutela lan merkatua «osasun onean» dagoela.

ELA sindikatuak adierazi du egoera joan den urtekoa baino hobea dela, baina nabarmendu du lau gaztetik bat langabezian dagoela. Bestalde, adierazi du biztanleria okupatuaren kopuruak 2008koaren azpitik jarraitzen duela.

LABen ustez, afiliazio datuek azaltzen dute ekonomiaren tertziarizazioa sakontzen ari dela, eraikuntzak eta industriak kotizatzaileak galdu dituztelako, eta zerbitzuek irabazi.

Bi sindikatuek nabarmendu dute langabezia handiagoa dela emakumeen artean, baita egoera «prekarioenean» daudela ere.

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa ere pozik agertu da datuekin, eta adierazi du Pedro Sanchezen gobernuak onartutako erreformek eragin ona izan dutela lan merkatuan.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

afarroako Volkswageneko sindikatuek deituta, langileen elkarretaratzea Landabengo fabrikaren aurrean ©Idoia Zabaleta (Foku)

Nafarroako Volkswagenek laurehun lanpostu kenduko ditu bi urtez

Jokin Sagarzazu

Auto elektrikorako trantsizioa egiteko proposatu du murrizketa hori zuzendaritzak. 2027tik aurrera gaur egun baino langile gehiago beharko dituela esan du.

Emakume bat etxebizitza iragarkiei begira, Bilbon. ©Luis Tejido / Efe

Hipoteka gutxiago eta txikiagoak

Iker Aranburu

Urteko lehen zazpi hilabeteetan %15,1 murriztu dira etxebizitzak erosteko maileguak Hego Euskal Herrian.

Ertzaintzaren errepide kontrol bat ©Andoni Canellada (Foku)

ESK-k salatu du langile bat kaleratu dutela «Ertzaintzaren presioengatik»

Jokin Sagarzazu

Marokoarra da eta, aurretik, Poliziaren «salaketa faltsu» batengatik epaitu eta absolbitu egin zuten.

Petronorrek Muskizen duen findegia. Hidrokarburoen ekoizpena industria kimikoaren barruan sar daiteke. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Kimika, osagaiak nahastu ezinda

Imanol Magro Eizmendi

Industria kimikoaren patronalaren arabera, ezin da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmena negoziatu, Espainiakoak eragotzi egiten baitu. Sindikatuek, aldiz, legezko arazoa bainoago borondate kontua dela diote. Espainiako hitzarmeneko soldata txikiena urteko 16.892 euro gordinekoa da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.