Espainiako Arartekoak azken hilketa matxistak aztertuko ditu

Asteartean izandako hiru hilketa aztertuko ditu, Bilbokoa eta Castelloko biak, erakundeek egoki bideratu ote zituzten jakiteko. Castellon aitak hildako bi haurren ama bizkaitarra da

Manifestazio jendetsua egin zuten asteazkenean Bilbon, Maguette Mbeugouren hilketa gaitzesteko. MONIKA DEL VALLE/ FOKU.
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Arartekoak azken hilketa matxistetako hiru aztertuko ditu. Horietako bat da joan den asteartean Bilbon gertatu zena, Maguette Mbeugouren hilketa, hain zuzen ere; bestea Castellon izan zen (Herrialde Katalanak): gizon batek bere bi alabak hil zituen. Bi kasuetan, emakumeek salaketak jarriak zituzten, baina epaileek ez zuten babes neurririk onartu, «indarkeria matxistaren froga nahikorik ez zegoelako». Hori ikusita, Espainiako Arartekoak esku hartzea erabaki du, erakundeek egoki jokatu zuten aztertzeko.

Astearte eguerdian topatu zuten hilda 25 urteko emakume senegaldarra, Bilboko Atxuri auzoko bere etxean. Iluntzean atxilotu zuten haren senarra, 2 eta 4 urteko alaben aita; gizonak amaren gorpuarekin utziak zituen haurrak egun oso batez. Atxilotua ostegunean eraman zuten epailearen aurrera; hark Basauriko (Bizkaia) espetxera bidali zuen.

Mbeugouk senarraren aurkako salaketa aurkeztua zuen Bilboko Udaltzaingoan; babes eskaera tramitatua zuen epaitegian, eta etxetik ihes eginda zegoen. Auziaz arduratu zen epaileak, ordea, atzera bota zuen emakumearen babes eskaera, eta absolbitu egin zuen haren senarra.

Kasu hori aztertzeko, Espainiako Arartekoak ofiziozko ikerketa bat hasi du hilketaren inguruan, eta informazioa eskatu dio Espainiako Fiskaltzari. Indarkeria matxistaren salaketarik bazegoen jakin nahi du, egiaztatzeko ea erasotzaileak urruntze aginduren bat zuen biktimarekiko eta haren alabekiko. Poliziak arriskuko balorazioa egin zion ere aztertu nahi du Arartekoak.

Herri defendatzaileak aztertuko duen beste kasua Castelloko hilketena da. Bilbokoaren egun berean, asteartean, gizon batek bere bi alabak hil zituen, 3 eta 6 urtekoak. Gero, bere buruaz beste egin zuen, leihotik botata. Bi haurren ama bizkaitarra da. Gurasoak bananduta zeuden, eta haurrak aitaren zaintzapean zeuden egun hartan.

Hilketa indarkeria matxistarekin lotu dute, umeak amarekiko mendeku gisa hil zituelakoan. Haurren amak salaketak jarria zituen bikotekide ohiaren kontra. Poliziaren aurrean adierazi zuenez, gizonak haurrak hiltzearekin mehatxatu izan zuen. Tratu txarrak jasan zituela ere salatu zuen.

Emakume bizkaitarrak ere, Mbeugouk bezala, babesa eskatu zuen epaitegian, baina epaileak ez zuen onartu. Apirilaren 6ko autoan adierazi zuenez, «salatzaileak argudio inkoherenteak eman zituen, etabere ekintzek ez zuten erakusten beldurra sentitzen zuenik». Horren ondoren, emakumeak helegitea jarri zuen, eta hori ere atzera bota zioten. Epaileak argudiatu zuen arrisku maila «txikia» zela.

Espainiako Arartekoak abiatu berri duen ikerketan argitu nahi du ea justizia administrazioak egoki jokatu zuen kasu horretan. Jakin nahi du zer azterketa egin ziren emakumearen arriskuari buruz, eta zer ondorio atera diren. Castelloko Auzitegiko presidente Jose Manuel Marcok, aldiz, babestu egin du epailea. «Modu egokian jokatu zuen», nabarmendu du.

Umeak babesteko beharra

Espainiako Arartekoak adierazi du «erabat kezkatzen» duela indarkeria matxistaren biktimen seme-alaben egoerak. Haren ustez, «beharrezkoa» da adingabeen kasuei agerikotasuna ematea: «Haiek ere biktima dira». Francisco Fernandez Marugan arartekoak adierazi duenez, ahalik eta azkarren babestu behar dira tratu txarrak jasaten dituzten andreak eta haien seme-alabak. «Indarkeria matxista desagerrarazteko, gizartearen kontzientzia landu behar da, eta administrazioak sentsibilizatu, bi ardatzekin lan egin dezaten: generoarekin eta haurtzaroarekin», gaineratu du. «Babestu behar dituztenek hil dituzte haur horiek».

Arartekoak badaramatza zenbait urte ume horiek nola babestu hausnartzen. 2014an, esaterako, Espainiako herri defendatzaileak proposatu zuen genero bortizkeria delituagatik inputatuek aukerarik ez izatea seme-alaben bisitak jasotzeko, arriskuak saiheste aldera. Izatez, Espainiako Gobernuak legez aitortua du tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen seme-alabak biktima zuzen gisara hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.