Martxoak 8: greba feminista

Nafarroa. Pentsioak berdintzeko eskaria ere plazaren erdigunera

Oneka pentsiodunen taldeko kideek exijitu dute 65 urtetik gorako emakume guztiek izatea gutxienez 1.080 euroko pentsioa; haiek ere bat egin dute Martxoaren 8ko protestekin

Traktore eta guzi atera dira protesta egitera. #BARRA_ABILDUA#LAB.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Bandera, jantzi eta afixa moreen itsasoan, txapa zuriak. Esaldi argia, beltzez: Gutxieneko pentsioa: 1080 euro. Hemen eta orain. Iruñeko Gazteluko plazan egin dute hitzordua Oneka euskal emakume pentsiodunen elkarteko kideek. Irribarrea ahoan, eta borroka grina gogoan. Greba feministarekin bat egin dute, eta eguerdiko elkarretaratzean parte hartzeko joan dira bertara.

Edurne Garde izan da esnatzen lehena. Kamisetak prestatu nahi izan ditu bere kideentzat, eta, horretarako, oso goiz jaiki behar izan du ohatzetik: 04:30ean. Berak soinean darama goizean egindako kamiseta: elkartearen izena jartzen du, morez tindaturik. Ondoren, Antsoaingo (Nafarroa) emakumeekin batera gosaldu du. Osotara 80 lagun bildu dira; bazkaria ere haiekin egin du.

Ana Sarobek eta Maria Angeles Basainek, berriz, etxean gosaldu dute. Bakarrik bizi direnez gero, haiek arduratu dira dena prestatzeaz. «Kafetegian gosaltzen dut, baina, gaur greba izanda, nik egin behar izan dut. Ez dut beste ezer egin. Sofan etzan naiz, gero dutxa hartu, eta hona zuzenean», esan du Basainek. «Nik ere ez dut ezer egin. Atzo erosi nuen ogia, eta ekitaldia bukatuta ez dugu poterik hartuko, kontsumo greba dagoelako», erantsi du Sarobek.

Denak bat datoz: pentsiodunek protestetan egon behar dute gaurkoan. Alde batetik, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko, eta, bestetik, pentsiodun gisa dituzten eskakizunak plazaratzeko. «Ikus gaitzatela, guk eskatzen duguna urte osoan eskatzen baitugu. Gizonak inplikatzea nahi dugu, baina ez laguntzen, baizik eta elkarlanean», azaldu du Gardek. Esaldi batean laburbildu du grebara bat egiteko arrazoia: «Pobreziak emakume aurpegia du, eta miseriak, emakume zaharrarena».

Datuak ere eman ditu hori erakusteko: «Gutxiago kotizatu dugunez, soldata arrakala izugarria da pentsioetan. Nafarroan, 65 urtetik gorako 71.000 emakume bizi gara; horietatik, ia %80k 1.000 euro baino gutxiago irabazten dugu». Gogorarazi du emakume askok aberastasuna sortu dutela administrazioarentzat eta familientzat,soldatapeko lanik egin ez arren. Horiek laguntzak baizik ez izatea salatu du: «Gutxienez 1.080 euroko pentsioa exijitzen dugu emakume zahar guztientzat, kotizatu dutenentzat eta kotizatu ez dutenentzat». Sarobek zehaztapena egin du: «Hori baino gutxiago ezin da».

Diru sarreren afera, erdira

Onekakoek denbora asko daramate martxoaren 8an kalera ateratzen. Aldaketak ere ikusi dituzte aldarrikapenetan. «Jendea hasi da kontzientzia hartzen soldata eta pentsio berdintasunarekin. Otsoak bagina bezala aurkezten gaituzte, baina guk nahi dugun bakarra zera da: berdintasuna alor guztietan», esan du Carmen Barridak. Orain dela gutxi erretiratu da. Egoera etsigarria iruditu zaio: «Bizitza osoa lanean, eta erretiroa hartzean nire pentsioa ere gizonena baino txikiagoa da; eta ez zaitez alargundu, pentsioa %40 jaitsiko baitzaizu, nahiz eta gastu antzekoak izaten jarraitu».

Basainek kontatu du bere familian ikusi dituela emakumeak goi karguak alde batera uzten familia lehenesteagatik. «Ez dago erraztasunik, eta eskatzen zaiena gehiegizkoa da». Berak uste du bizitzeko moldea aldatu beharra dagoela. Aldarriak serioak izan arren, giro onean aritu dira Onekako kideak. Gazteluko plaza mukuru bete da konturatzerako, eta gainerako emakumeekin bat egin dute. Arratsaldean berriz ere elkartu dira, baina pankarta propioarekin, haien aldarriak eta nahiak argi azaltzeko. Basabe: «Gaurtik hasita, ea gutxika-gutxika berdintasuna lortzen dugun alor guztietan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.