2018. urte amaierako «sustoa» gainditu du Bizkaiko metalgintzak

Iazko azken hiruhilekoan sektoreak galdutako 600 lanpostuak berreskuratu ditu, eta beste 400 gehitu. Ingeniariak, galdaragileak eta soldatzaileak falta zaizkio. Aukera gutxi lan ituna berritzeko
FVEMeko buruak, atzo, Bilbon: Adolfo Rey Gomez, Jose Luis Lopez Gil eta Lander Artetxe Egia.
FVEMeko buruak, atzo, Bilbon: Adolfo Rey Gomez, Jose Luis Lopez Gil eta Lander Artetxe Egia. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko maiatzak 9
Urtea bide onetik hasi dute Bizkaiko metalgintzako enpresek. Gainditutzat jo dute iaz urte amaieran jasotako «sustoa», eta Jose Luis Lopez Gil FVEM Bizkaiko metaleko patronaleko presidenteak iragarri du epe erdian beste 1.447 lanpostu sortzeko moduan daudela. Are gehiago, zenbait lanpostu betetzeko langileak falta zaizkiela onartu du. Hori bai, langile berriak lan hitzarmen eguneraturik gabeko sektore batean hasiko dira beharrean, ituna berritzeko negoziazioak ez aurrera ez atzera daudelako.

Iragan urtea kezkatuta amaitu zuten FVEMekoek. Urtea ongi zihoan, urtarriletik irailera arte 1.148 langile batu zirelako Gizarte Segurantzaren metalgintzaren alorrera. Baina urteko azken hiruhilekoan estu ibili ziren hainbat enpresa, eta 629 langile galdu zituen sektoreak. Beherakada horri itzulia eman diote dagoeneko Bizkaiko metalgintzako enpresek: 2019ko urtarriletik martxora 986 lanpostu gehitzeko gai izan dira, eta uste dute hurrengo hilabeteetan ere joera horrek jarraituko duela.

Atzo Bilbon egindako agerraldian, Lopez Gilek nabarmendu zuen 2015. urtetik 5.283 enplegu berri sortu dituela sektoreak, eta hemendik abendura bitartean beste mila gehi ditzakeela. Edonola ere, onartu egin zuen «urrun» ikusten duela 2008. urteko kopuruetara iristea.

Iragarpen horiek metaleko patronalean izena emanda dauden 180 enpresaren artean egindako inkesta batetik atera dituzte. Enpresa horietatik %75ek diote espero zuten jarduera edo handiagoa izan dutela 2019ko lehen hiruhilekoan; aurrera begira, %30ek espero dute salmentak handitzea. Iragarpen hori ez betetzeko arriskuak «betikoak» dira, Lopez Gilen esanetan: brexit-a, AEBren eta Txinaren arteko gerra komertziala, eta Donald Trumpen gobernuak muga zerga bereziak ezartzea Europako autoen edo osagaien inportazioari.

FVEMeko kideak «kezkatzen» dituen beste kontu bat ere aipatu dute: langileak kontratatu nahi dituzten hiru enpresatik bik zailtasunak dituzte kualifikazio egokia duten pertsonak aurkitzeko. Zehazki, ingeniariak, galdaragileak eta soldatzaileak falta zaizkie. «Giza kapitala eta talentua nabarmendu beharreko balioak direla iruditzen zaigu, eta pertsona kualifikatuak erakartzeko lan egingo dugu». Horren haritik, industriaren eguna egingo dute bigarren aldiz, azaro inguruan. Iaz 600 gaztek hartu zuten parte.

Ituna, geldirik

Bizkaiko metalgintza lurraldeko industria garrantzitsuena da, 50.000 langile enplegatzen baititu. Langile horiek, ordea, ez dute lan hitzarmen berriturik. Indarrean duten azkeneko lan ituna 2011. urtekoa da, eta patronalak eta sindikatuek hemezortzi bilera egin dituzte azken urtean hitzarmena negoziatzeko. Baina orain arte ez dute emaitzarik ekarri: «Ez dugu ezertan aurrera egiten, eta guk ere hitzarmen duin bat sinatu nahiko genuke, baina jakin nahiko genuke zer den itun duin bat, baina ez sindikatu batentzat, gehiengo sindikalarentzat baizik», esan zuen Lopez Gilek.

Hitz horiekin, LABek joan den astean bidali zuen oharrari erreferentzia egin zion patronaleko buruak. Sindikatu abertzaleak jakinarazi zuen prest zegoela grebara deitzea «lan itun duin» bat lortzeko. «Baina, gaur-gaurkoz, sindikatuak ez dira ados jartzen hurrengo bileraren eguna zehazteko ere. Horrela zaila da».

Hitzarmena ez berritu arren, iaz sektoreko enpresen %62k beren langileen soldatak igo zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna