Koronabirusa

Maizterrak, babesaren zain

Madrilek ez du atzerapenik onartu alokairuetan. EAEko etxebizitza publikoetan bizi direnek ez dute ordainduko, baldin eta langabezian edo zaurgarritasun egoeran badaude

Kaleratzeak Stop taldeak Donostian eginiko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Alokairuan bizi direnek hileko errenta ordaintzen jarraitu behar dute; ezin dituzte konfinamenduak eragindako «zeharkako kalteak» alegatu. Izan ere, hipotekekin ez bezala, ez dute hori arautu —alokairu publikoetan izan ezik—, eta bi aldeen esku utzi dute akordio bat egitea. Maizterrak babesteko neurri espezifikoak aztertzen ari da, baina, Espainiako Gobernua. Hala adierazi du Nadia Calviño Ekonomia ministroak. Gobernuko kideen artean jarrera kontrajarriak daude gai horren inguruan; Calviñok berak esana du hipotekak ordaintzeko onartutako atzerapena alokairuetara zabaltzea kaltegarria izan daitekeela ekonomiarentzat. Gogoratu du etxe eta lokalen jabe gehienak —%90etik gora— norbanakoak direla, eta errenta horiek dituztela diru iturri.

Dena den, gobernua urratsa egiteko prest azaldu da. Berri agentziek zabaldu dutenez, hurrengo bileretan jorratuko dituzten gaien artean daude alokairua ordaindu ezin dutenei ordainketak atzeratzeko aukera ematea eta lokalak alokatuta dauzkaten autonomoentzako diru laguntzak handitzea. Atzoko Ministroen Kontseiluak, halere, ez zuen erabakirik hartu. Oraingoz, berrogeialdiak iraun bitartean, etxegabetzeak eta horrekin loturiko auzibideak eten ditu.

Hainbat taldek salatu dute milaka herritar babesgabe daudela, eta irtenbide bat eskatu dute. Ohartarazi dute alokairuak ez ordaintzeagatik jarritako salaketak eta etxegabetzeak ugaritu egingo direla alarma egoera amaitzean. Hego Euskal Herrian, eskaera horrekin bat egin dute Gipuzkoako Stop Kaleratzeak erakundeak, Donostiako maizterren sindikatuak eta LABek, besteak beste.

Talde horiek bat egin dute Suspensionalquileres.org kanpainarekin. Etxeen eta lokalen jabeei entregatzeko dokumentuak prestatu dituzte —euskaraz ere bai—. Agiri horietan zehaztu dute koronabirusaren krisiagatik diru sarrerak nabarmen gutxitu zaizkiola maizterrari, eta apirileko errenta bertan behera uzteko eskaera jasotzen dute.

Zer aukera daude?

Krisiak iraun bitartean, errenta bertan behera uzteaz gain, badaude beste formula batzuk, betiere bi aldeek akordio bat lortuz gero: kontratuak aldatzea, errentaren prezioa proportzionalki murriztuz edo iraupen epea aldatuz; edo kontratuko klausula jakin batzuk kentzea, ordaindu beharrekoa murrizteko.

Eta lokalekin?

Egoera bera da. Negozioa itxi edo jarduera eten behar izan duten maizterrek kontratua aldatzeko edo eteteko eska dezakete. Adituen arabera, komeni da ixteko obligazioa modu frogagarrian jakinaraztea alokatzaileei —burofax baten bidez edo egiaztagiria duen posta elektroniko baten bidez—. Dena den, haiek ez daude behartuta kontratuak aldatzera, ordainketak barkatzera, edo atzeratzera.

Ipar Euskal Herrian, beste bat da egoera. Frantziako Gobernuak ezarritako neurrien arabera, alokairua pagatzeari utzi ahal izango diote maizterrek, baina soilik jabearen porrota ez badakar. Neurri horrek ez du balio etxebizitza bat alokatu dutenentzako.

Alokairu sozialeanzer laguntza daude?

Kasu horretan, autonomia erkidegoek —eta udalek— badute zer esana, haiek baitira alokatzaileak kasu askotan. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen alokairu gastuak konpentsatzeko laguntzak egokituko dituela. Alde horretatik, Iñigo Urkullu lehendakariakiragarri du apirilean eta maiatzean alokairua eta komunitate gastuak ordaintzetik salbuetsiko dituztela langabezian geratu diren maizterrak eta koronabirusak sortutako zaurgarritasun ekonomikoko egoera batean dauden maizter guztiak ere. Ez zuen gehiago zehaztu. Neurri horrekin bat egin du du Donostiako Udalak ere. Nafarroako Gobernuak, berriz, ez du erabakirik hartu oraingoz.

Akordiorik badago,zer egin behar da?

Idatziz islatzea da seguruena, gaizki-ulerturik egon ez dadin. Adituek gomendatu dute kontratuaren eranskin bat hitzartzea, ordainketan zer aldaketa egingo diren ezartzeko eta beherapenaren edo atzerapenaren data eta baldintzak zehazteko. Bi aldeek ezin badute elkartu dokumentua sinatzeko, posta elektronikoz egin dezakete — aplikazio batzuek sinadura elektronikoak ahalbidetzen dituzte—. Adituek diote oso garrantzitsua dela izapide hori betetzea, Ogasunak alokairuaren barkatzea dohaintzatzat har ez dezan.

Maizterrak badu eskubiderik?

Abokatuak egunotan aztertzen ari dira reubus sic stantibus deritzon klausula aplikatu daitekeen ala ez COVID-19a dela eta. Horrek aukera ematen du kontratu bat aldatzeko. Baina hiru baldintza bete behar dira: lehenik eta behin, kontratua betetzeko unean inguruabarrak nabarmen aldatzea, kontratua egiteko unean zeudenekin alderatuta; bigarrenik, aurrekoaren ondorioz desoreka neurrigabea eta gehiegizkoa gertatzea aldeek adostutako prestazioen artean. Eta, azkenik, hori guztia aurrez ikusi ezin diren zirkunstantziengatik gertatzea. Badago beste baldintza bat: bi aldeek adostu behar dute kontratua aldatzea.

Jabeak ez badu akordiorik nahi,auzitara jo daiteke?

Bai. Auzitegi Gorenak, hasieran, oso salbuespenezko kasuetan baino ez zuen onartzen klausula hori, baina, 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz, jarrera malgutu zuen, eta 2014an epai bat kaleratu zuen: klausula hori aplikatzea onartu zuen, krisi ekonomikoa behar bezain garrantzitsua izan zelako, eta aurreikusi ezinaizan zelako.

Beraz, auzitegiek klausula hori onar dezaten koronabirusaren krisiaren harira, horren ondorio ekonomikoei erreparatu beharko zaie. Hain handiak izan behar dute, ezen agerian utzi behar dute kontratua ez betetzeko arriskua. Eta, era berean, ondorio luzeak izan behar dituzte denboran, eta ez negozioen berezko arriskuetan sar daitezkeen aldi baterako zailtasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.