Koronabirusa

LAB:«Ez da kudeaketa arazo soila; sistema bera dago gaixo»

Itxialdia «kapitalaren neurrira» diseinatu dela salatu du sindikatuak, eta Eusko Jaurlaritzaren salbuespen neurrien aurrekontua «AHTaren metro gutxi batzuen» balioa adinakoa dela

Zahar etxe bateko langile bat egoiliar baten gurpildun aulkia bultzatzen. JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun

«COVID-19ak krisia areagotu egin du, baina arazo nagusiak aurretik zetozen. Jendea babestuko duen sistema publiko indartsu bat behar dugu. Eta sistema hori gidatzeko, geure burua gobernatu behar dugu, erreminta horiek gure esku izateko». Endika Perez LABeko gizarte ekintzako idazkariak esaldi horrekin laburbildu zuen atzo bere sindikatuak 40 eguneko itxialdiaren arrazoi eta ondorioen inguruan eginiko azterketa soziala, eta nabarmendu zuen «kapitalaren neurrira» harturiko erabakia izan dela.

LABek bost arlotan banatu du konfinamenduaren inguruko bere gogoeta. Lehenbizi, argi ikusi du «irizpide ekonomikoekin» diseinaturiko itxialdia dela, «eliteen» nahitara egokiturikoa: «Enpresa nagusien jabeek erabaki dute nola egin, eta ez osasun neurrien arabera». Jaurlaritzak baserritar azokekin eta Espainiako Gobernuak umeei kalera irteteko baimenarekin ordu gutxiren buruan erabakiz aldatu izana jarri zituen bere ustearen adibide gisa.

Hausnarketaren bigarren arloa bizi baldintzen alderaketa da, «ez baitira berberak guztiontzat». Zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboak zerrendatu zituen Perezek, eta Bilboko etxerik gabekoen egoitzan pertsona bat eta Zaballako kartzelan (Araba) beste bat hil direla gogoratu. Alde horretatik, gogor kritikatu zuen zahar etxeetako egoera, eta, bereziki, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eginiko «adierazpen lotsagarriak». Euskal presoen egoera ere salatu zuen, eta esan krisi hau Euskal Herriko kaleetan «autoritarismoa zabaltzeko» baliatu dela: «Kontrol sozialarekin, identifikazioekin... Aldiz, oraindik ez dugu polizia lantokietan ikusi ea segurtasun neurriak betetzen diren zaintzen».

LABen ustez, «dikotomia faltsu» bat sortzen saiatu dira itxialdi honekin: «Ez da osasunaren eta ekonomiaren arteko gatazka bat, osasun publikoaren eta batzuen irabazien artekoa baizik». Horren eredu, Eusko Jaurlaritzaren bi keinu hartu zituen hizpide: «Beharrezkoa ez zen produkzioa mugatu eta astebete eskasera atzera egin izana ospatzen ikusi genituen Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar eta Arantxa Tapia». Eta bestea: «Babes sozialerako neurriak ez dira lehentasuna izan, salbuespen neurrientzako aurrekontua AHTaren metro gutxi batzuena adinakoa dela». Nafarroako Gobernua «antzera» aritu dela ondorioztatu dute.

Krisiak «emakume aurpegia» duela nabarmendu du zuen sindikatuak hausnarketaren laugarren arloan. Zaintza lanetan ari direnen arriskua azaldu du, eta gogoratu emakumeak direla lan horietan ari diren gehienak. «Egoera salagarrian ari dira lanean gehienak, babes neurririk gabe, eta arriskua askoz handiagoa da». Indarkeria matxistaz ere mintzatu zen: «Itxialdiarekin ez da desagertu: astero daude salaketak, eta biktima asko euren erasotzaileekin daude». Azkenik, eta bosgarren gako gisa, LABek gogoratu zuen egungo egoera ez dela krisi honen kudeaketa arazo soila, baizik eta «sistema bera dagoela gaixo», eta arazoa aspaldikoa dela: «Sistema publiko indartsu bat behar dugu, larrialdi egoeraren aurrean erantzungo duena».

28an, salaketa eguna

Apirilaren 28a lan osasunaren nazioarteko eguna da, eta ELAk LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk, Etxaldek eta Nafarroako CGTk salaketa egunera deitu dute. Lantokietan «babes neurri egokirik» gabe dabiltzanei deia egin diete euren egoera ezagutarazteko, «mobilizazioak sustatuz» eta sare sozialetan bideoak eta argazkiak jarriz #bizitzadefendatu traolarekin. Leihoetan xingola beltzak jartzeko deia ere egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.