Koronabirusa munduan

Politika berdeak pandemiaren aurka

Mundu osoko 40 milioi osasun langile ordezkatzen dituzten 350 erakundek eskatu diete G20ko kideei balia dezatela krisia kutsaduraren eta klima aldaketaren aurkako neurriak hartzeko

Kubako mediku espezialistak Italiara iritsi berritan, pandemiari aurre egiten laguntzera ERNESTO MASTRACUSA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Zuzenean ikusi dugu zein ahulak diren gure komunitateak mehatxu orokor batek haien osasuna, askatasuna eta elikadura segurtasuna kolokan jartzen dituenean. Tragedia honek geruza asko ditu, eta horiek ugaritu egin dira desberdintasunen eta osasun sisteman egindako inbertsio eskasen ondorioz. Hamarkadetan ikusi gabeko heriotza, gaixotasun eta buruko arazoen lekuko izan gara», irakur daiteke mundu osoko 40 milioi osasun langile ordezkatzen dituzten 350 erakundek sinatutako gutun irekian.

Idatzia G20ko estatu kideei dago idatzia, eta eskatzen diete balia dezatela krisia kutsadura murrizteko eta klima aldaketa geldiarazteko neurriak hartzeko. «Ikusi ditugun ondorio horiek ez lirateke hainbestekoak izango osasungintzan inbertsio handiagoak egin, pandemiei aurre egiteko neurriak hartu eta ingurumenaren aldeko politikak bultzatu izan balira». Gutunean, gogora ekarri dute COVID-19a azaldu baino lehen ere jakina zela zer arazo eragiten zituen kutsadurak osasunean. «Ugaritu eta okertu egin dira hainbat gaixotasun; besteak beste, pneumonia, biriketako minbizia, bihotzekoak eta buxadurazko arnas gaixotasun kronikoak. Soilik horiek zazpi milioi heriotza goiztiar eragiten dituzte urtero. Aire kutsatuaren ondorioz, era berean, gero eta gehiago dira asmarekin edota behar baino pisu txikiagoarekin jaiotzen diren haurrak, eta horrek presio handiagoa eragiten dio osasun sistemari».

Susperraldia

Krisitik irteteko erabakiak eta neurriak hartzerakoan, aireko eta itsasoko kutsadura gutxituko duten politikak bultzatzeko eskatzen diete sinatzaileek agintariei. Sinatzaile horien artean daude 90 herrialdetako 45.000 mediku eta erizain. «Ekonomia eta gizarte osasuntsu bat nahi badugu, ahulenak zaindu behar ditugu. Langileek lan baldintza egokiak izan behar dituzte, eta neurriak hartu ingurumena zaintzeko. Hirietan, oinezkoek, txirrindulariek eta garraio publikoak behar lukete lehentasuna. Ingurumena zaintzen badugu, gure gorputzek ere errazago aurre egingo diete gaitzei, eta inor ez da pobrezian amilduko osasun sisteman inbertsio egokiak egiteagatik».

Koronabirusaren osteko gizartea eraikitzeko garaian ere esku hartu beharko litzatekeela nabarmendu dute osasun eta zientzia arloko adituek. Ekonomiari dagokionez, berriz, erregai fosilentzako laguntzak bertan behera uzteko eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko eskatu diete agintariei, eta erantsi munduko BPGak 100.000 milioi dolarreko gorakada izango lukeela horrela 2050erako. «Gobernuek datozen hilabeteetan egiten dituzten milioika dolarren inbertsioek osasuna babestea izan behar dute helburu. Mundu osoan milaka hildako eragin dituen krisi honek ikasteko balio behar du», ohartarazi dute sinatzaileek, eta gaineratu: «Badakigu bizitza osasuntsu batek planeta bera ere osasuntsu egotea dakarrela. Horretarako, politika berdeagoak behar ditugu, osasuna ardatz izango dutenak».

Gutuna bultzatu duten erakundeen artean daude, besteak beste, Medikuen Nazioarteko Elkartea, Erizainen Nazioarteko Batzordeak, Europako Arnas Elkartea eta Brasilgo Osasun Kolektiborako Elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.