Hitzetatik ekintzetara pasatzeko deia

Maddalen Iriartek begi onez ikusi ditu Pedro Sanchezen hitzak, baina exijitu dio «salbuespenezko espetxe politika» amaitzeko. Josu Erkorekak, berriz, Madrili galdegin dio presoen aferan urrats gehiago egitea.

Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Igor Gonzalez Solaren heriotzaren inguruan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak adierazitako «atsekabea»eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak egindako iragarpenak berriro jarri dupresoen auzia mahai gainean, eta Euskal Herritik hainbat erreakzio eragin ditu. Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzar taldeko bozeramaileak begi onez jaso dituSanchezen hitzak, baina pauso gehiago emateko exijitu dio: «Mota horretako adierazpenak egin dituen Espainiako presidente bakarra da Sanchez. Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua da». Horrela mintzatu da Iriarte ETB1eko Egun on, Euskadi saioan.

Gonzalez Sola Martuteneko (Gipuzkoa) espetxean hilik agertu zenean EH Bilduk onartezintzat jo zuen gertatutakoa, eta Iriartek ere gaitzetsi egin du haren heriotza. Esan du Bilboko presoaren heriotza saihestu zitekeela, zigorraren hiru laurdenak beteak zituelako, kalean behar zuelako eta gaixorik zegoelako. Hori horrela, Iriartek nabarmendu du badela garaia «mendekuan oinarritutako salbuespenezko espetxe politika» alde batera uzteko, eta, besteak beste, presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatu du. Azken urteotan presoak gerturatzeko «mugimendu batzuk» egon diren arren, EH Bildukoak uste du ezinbestekoa dela pauso sendoagoak ematea.

Iriartek azpimarratu du bederatzi urte pasatu direla ETAk su-etena eman zuenetik, eta bi urte erakunde armatu gisa desagertu zenetik, etafuntsezkoa dela gaur egun elkarbizitzan pauso berriak ematea. Gehitu du, halaber, «elkarbizitzan aurrerapausoak» emateko aztertu beharreko gaia dela presoen afera.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak ere hizpide izan du Gonzalez Solaren heriotza Radio Euskadin, eta adierazi du garaia dela indarrean dagoen espetxe politika aldatzeko. Espainiako Gobernuari galdegin dio urrats gehiago egitea, orain artekoak ez direlako aski izan gizarte «normalizatua» lortzeko.

Besteak beste, gogoratu duGiza Eskubideen Europako Auzitegiak aitortzen duela euskal presoek beren etxetik gertu egoteko eskubidea: «Presoek duintasun sozialerako eta bizitza familiarra izateko eskubidea dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.