Erretretaren erreforma bozketarik gabe atera du Frantziako Gobernuak

Eskuineko diputatu batzuen botoa faltako zitzaiola uste zuenez, Macronek erabaki du arriskurik ez hartzea eta 49.3 artikulua baliatzea. Oposizioak, sutan, zentsura mozioekin erantzungo du

Elisabeth Borne lehen ministroa 49.3 artikulua iragartzen, aldekoen txaloen eta aurkako oihuen artean. C. PETIT TESSON / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki - Iker Aranburu
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun

Kontuak ez zaizkio atera Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteari. Kaleko legitimitatea galdua zuela ikusita, parlamentuarena lortzen saiatu da erretretaren erreforma aurrera atera ahal izateko, baina huts egin du, Senatuaren baiezkoa besapean izan arren. Asanbleako saioa hasi baino lehenago, ministroak bildu zituen Macronek, eta jakinarazi zien gobernuari lege bat bozketarik gabe onartzeko eskumena ematen dion konstituzioaren 49.3 artikulua erabiltzea hobetsi duela. Horrenbestez, erretretaren erreforma indarrean sartuko da, baldin eta gobernuak orain jasoko dituen zentsura mozioek aurrera egiten ez badute.

Mozioak astelehenean bozkatuko dira, eta aitzinera egiteko aukera bakarra da eskuin muturreko eta ezkerreko oposizioak bat egitea eta haiei LR Errepublikanoak alderdiko diputatu batzuk batzea. Bi ekuazioak zailak dira, baina ez ezinezkoak; 49.3 artikulua erabiltzea «demokraziaren aurkako erasotzat» jo dute alderdi desberdinetako diputatuek, eta mozio baten inguruan batzeko aukerak handitu ditu.

Gehiengo osorik gabeko legealdi honetan, atzo arte, hamar aldiz erabili du gobernuak 49.3 artikulua, baina gobernuak aise gainditu ditu zentsura mozioak, ezkerrak ez baititu eskuin muturrarenak sostengatu, ezta alderantziz ere.

LRko disidenteak

LRk ere ez ditu babestu, eta oraingoan ere ez duela egingo iragarri du Eric Ciotti eskuineko alderdiko buruak. Baina LR-ren barruan boto diziplina hutsaren parekoa da, eta Aurelien Pradie diputatu gazteak jakinarazi du ez duela aukera hori baztertzen.

Pradie eta haren inguruko diputatu talde bat izan da, neurri batean, Macron eta gobernua 49.3 artikulua hobestera eraman dituena. Izan ere, hainbat gaitan amore eman ondoren, gobernuak lortu zuen LRko buruzagitza erreformaren inguruan ados jartzea. Baina, kaleko presioak —eta Macroni mesede politikoak ez egiteko gogoak— bultzatuta, eskuineko diputatu asko ez zeuden prest beren alderdiaren agindua betetzeko. «Gobernuak herria entzun izan balu, ez ginateke egoera honetan egongo», justifikatu zuen Pradiek.

Eskuineko diputatu horiek gabe gehiengorik ez zuen erreformak, eta arriskurik ez hartzea erabaki zuen Macronek. Erreforma ez onartzeak «finantza arrisku oso handiak» ekarriko ditu, haren esanetan. Ukatu egin zuen 49.3 artikulua demokraziaren aurkakoa dela: «Boto bat izango da testuari buruz: zentsura mozioa. Ezin da geure herriaren etorkizunarekin jokatu». TF1 telebistako albistegian, Elisabeth Borne lehen ministroak LRko diputatu batzuen jarrerari egotzi zion 49.3 artikulua erabili «behar» izanaren ardura, eta berretsi egin zuen gobernuaren argudioa erretreta atzeratzeko: «Ahalegin bat» eskatzen die herritarrei, baina «ezinbestekoa» da erretreta sistema finantzatu ahal izateko.

LIOT taldearen aukera

Oposizioko bi talde nagusiek, Nupes ezkerreko koalizioak eta RN Batasun Nazionala eskuin muturrekoak, iragarri dute zentsura mozioak aurkeztuko dituztela, baina, izatekotan, LIOT talde txikiarenak du aurrera egiteko aukera. Hogei diputaturen talde horretan biltzen dira zentroko diputatu independente batzuk, eta Korsikako eta Bretainiako abertzaleak. Horregatik, errazago gerta dakieke mutur politiko desberdinetako taldeei haren mozioarekin bat egitea. RNk jakinarazi du zentsura mozio guztien aldeko botoa emango duela.

Gobernuak 49.3 artikulua erabiltzeak beste ondorio bat ere izan dezake: kaleko mobilizazioak indartzea. Bornek, oihuen eta La Marseillase-ren kantuen artean 49.3 artikuluaren erabilera iragartzen ari zenean, Asanblearen pareko Concorde plazan ehunka lagun batu ziren protesta egitera. Han ziren iluntzean, eta istilu batzuk izan ziren. Euskal Herrian ere protesta egitera batu ziren herritarrak, Baionan eta Hendaian (Lapurdi).

Ikusi gehiago:Pentsioak berrituta, alderdiekin negoziatu behar du orain Moncloak

Duela ia bi hilabete hasitako protestek jarraitu egingo dute. Sindikatuek bederatzigarren greba eta manifestazio egun batera deitu dute heldu den ostegunerako, baina ordura arte tokian tokiko protestak izango dira. Erreforma «demokrazia ukatzen duen» tresna batekin onartzea aurpegiratu diote gobernuari, eta haren bizkar jarri dute «krisi politikoa eta soziala».

Protestek eta zentsura mozioek erreforma atzera botatzen ez badute, beste bide bat aztertzen ari da ezkerra: erreferendum bat. 185 diputatu eta senatarik izenpetu behar dute eskaera, eta herritarren %10ek babestu behar dute aitzina egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.