Nigerko presidenteak «demokrazia eta askatasuna» babestera deitu du

Militar talde batek adierazi du Bazoum atxilotu eta kargutik bota duela, eta konstituzioa eten duela. Gobernuak erantzun du ez dela estatu kolperik izan

Nigerko presidente Mohamed Bazoum, joan den ekainaren 22an Parisen eman zuen hitzaldian. LUDOVIC MARIN / EFE.
ander perez zala
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Nigerko militar talde batek gobernuaren kontrako kolpe bat eman du, eta, herenegun gauean adierazi zutenez, Mohamed Bazoum estatuburua atxilotu eta kargugabetu dute. «Segurtasun egoeraren okertzea» eta «gobernantza ekonomiko eta sozial txarra» argudiotzat hartuta, armadako goi kargudun horiek esan zuten «erregimena amaitu» dutela, eta herrialdea kudeatzeko CNSP Aberria Babesteko Kontseilu Nazionala eratu dutela. Baina, aldi berean, Atzerri ministro Hassoumi Massoudouk bere burua «behin-behineko gobernuaren presidente» izendatu zuen atzo, eta, sare sozialen bitartez, herritarrak mobilizatzera deitu zituen. Gerora, Bazoumek ere mezu bera helarazi zuen, «demokrazia eta askatasuna» babesteko.

Amadou Abdramane koronelak eman zuen gertaturikoaren berri, herenegun gauean, atzean armadako bederatzi goi kargudun zituela. Azaldu zuen mugak itxi dituztela, etxeratze agindua ezarri dutela, eta «errepublikako erakunde guztien» funtzionamendua eten dutela, baita konstituzioa ere; adierazi zuen, aldi berean, «kargugabeturiko agintarien ongizatea» bermatuko dutela, nahiz eta ez zuen jakinarazi Bazoum non dagoen —Efe berri agentziak, iturri militarrak aipatuta, atzo esan zuen presidentetzarako jauregian dagoela—. Eta ohartarazpen bat egin zuen: atzerriko esku hartzerik ez egiteko.

Gertakari horren ondoren, bi aldeak, gobernua eta militarrak, kontakizun borroka batean murgildu ziren atzo. CNSPkoek diote estatu kolpe arrakastatsu bat eman dutela, baina Massoudouk France 24 telebista kateari esan zion ez dutela halakorik egin; Jeune Afrique aldizkariak ere ideia hori argitaratu zuen, behin-behineko gobernuko iturriak aipatuta. Barne Ministerioak, bien bitartean, manifestazioak debekatu ditu. Atzo goizean kolpearen aldeko mobilizazio bat egin zuten Niamei hiriburuan, eta, presidentearen alderdiaren egoitzara sartzeko ahaleginean, istiluak izan ziren, eta hainbat pertsona zauritu ziren.

Baliteke CNSPkoek aipaturiko «segurtasun egoeraren okertzeak» jihadisten kontrako operazioei egitea erreferentzia, horien kontra ari baitira borrokan herrialdeko hego-mendebaldean eta hego-ekialdean, bi frontetan. Hain justu, Mendebaldeko estatuen aliatuetako bat da Niger muturreko islamisten kontra, Sahel eskualdean.

Nazioarteak, oro har, kolpea gaitzetsi du, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek nabarmendu zuen Afrikako Sahel eskualdea—Burkina Faso, Txad, Mali, Niger eta Nigeria— «oso-oso problematikoa» bihurtu dela.

Lehen zantzuen arabera, ematen du barne dinamikek eta gatazkek azaltzen dutela gertaturikoa. Militarren agerraldiaren aurretik, horien eta gobernuaren arteko negoziazioak izan ziren, baina bi aldeak ez ziren ados jarri; antza, Omar Tchiani jeneral eta Presidentetzaren Guardiaren burua asteon ziren kargugabetzekoa—Mahamadou Issoufou presidente ohiak (2011-2021) izendatu zuen—, eta hura litzateke, Salifou Mody jeneralarekin batera —joan den apirilean bota zuten armadako buruzagitzatik—, kolpearen sustatzaileak.

Atzo goizean, ikusteko zegoen kolpistek zer babes zuten armadan, eta hori argitu egin zen eguerdian, militarren buruzagitzak jakinarazi zuenean estatu kolpearen alde daudela.

Datozen egunak erabakigarriak izango dira argitzeko zein izango den herrialdearen geroa; azkenean armadakoek boterean gelditzea lortzen badute, Afrika mendebaldean eta erdialdean 2020tik hona izandako zazpigarren kolpea litzateke, eta Nigerko laugarrena, 1960an independentzia lortu zuenetik.

Trantsizio demokratikoa

Bazoumek jaso zuen babesik handiena 2021eko bozen bigarren itzulian, botoen %55,67 jasota —lehen trantsizio demokratikotzat jo zuten—. Hasiera-hasieratik agerian geratu zen haren agintaldia ez zela erabat egonkorra izango, inbestidura saiorako bi egun falta zirenean estatu kolpe saiakera bat gelditu baitzuten.

Kolpea arrakastatsua izan ote den zalantzan dagoen honetan, bitartekaritza lana egitekoak dira Benin, Nigeria eta Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoa. Horren presidente Bola Tinubuk hau adierazi zuen herenegun gertaturikoaz: «Nigerko alde guztiei argi geratu behar zaie Ecowaseko buruzagitzak eta demokrazia maite duten guztiek ez dutela onartuko herrialde honetan demokratikoki hautaturiko gobernua ezgaitzen duen egoerarik. Gure esku dagoen guztia egingo dugu demokrazia irmoki ezarrita dagoela bermatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.