EHUk ikerketan duen lidergoa indartu nahi du, plan berri batekin

II. Ikerketa Plana onartu du EHUk. Bost erronka ezarri dituzte datozen hiru urteetarako. Nazioartean bikaintasuna lortzea eta Euskal Herrian erreferentzia izatea lortu nahi dute

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateak II. Ikerketa Plana onartu du aste honetan. 2019tik 2022ra egongo da indarrean, eta 180 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Gaur egun, langileen soldatak barne, EHUk urtean 164 milioi euroko inbertsioa egiten du ikerketan. Nekane Balluerka errektoreak eta Jose Luis Martin Ikerketa errektoreordeak atzo aurkeztu zuten. Planaren helburua da «nazioarteko ikerketan bikaintasuna lortzea»; baita EHUk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «ekoizpen zientifikoaren bultzatzaile nagusi moduan duen rola sendotzea» ere. Izan ere, Balluerkaren esanetan, ikerketak unibertsitate baten izaera markatzen du, eta, era berean, indartu egiten ditu unibertsitatearen gainerako eginkizunak: «Ikerketa gure unibertsitate proiektuaren nortasunaren ezaugarria da, eta, plan honen bidez, apustu hori indartuko dugu, kontziente baikara unibertsitate bikaina izateko modurik onena dela».

Errektoreak nabarmendu du azken urteetan ikerketak hazkunde «esponentziala» izan duela eurenean. Gaur egun, 286 ikerketa talde daude EHUn. Urtero 3.000 artikulutik gora argitaratzen dituzte nazioarteko aldizkari zientifiko garrantzitsuenetan. Joan den ikasturtean, 342 doktoretza tesi irakurri zituzten; horietatik 116, nazioartekoak. Helburua da 400 tesira iristea —eta horietatik 136, nazioartekoak—. «Oraindik asko dugu hobetzeko», ohartarazi du. Horretarako baliabide ekonomikoak ezinbestekoak direla esan du errektoreordeak; erakunde publikoetatik iritsitako finantzaketa bai, baina baita unibertsitateak berak lortutako kontratuen bidez jasotakoa ere. Bide horretatik joan den ikasturtean bederatzi milioi euro lortu zituztela gogoratu du Balluerkak; 40 milioira iritsi nahi dute.

EHUk Plan Estrategikoa onartu berri du udan, eta, han, unibertsitatearen ardatz nagusietako bat bihurtu zuten ikerketa. Ikerketa Plana hori indartzera dator. Horretarako, bost erronka nagusi ipini dituzte: ikertzaile berriei eta prestatzen ari direnei laguntzea, eta ikertzeko kultura sustatzea; Euskal Herriarekin konprometitutako jakintza eta berrikuntza bultzatzea eta, horretarako, ikerketa unibertsitateko prestakuntzan giltzarria izatea; diziplina anitzeko eta mugako ikerketa sustatzea, jarduera zientifiko eta teknologikoaren nazioartekotzea areagotzen laguntzeko; EHUk nazioartean duen lekua indartzea; eta, azkenik, unibertsitatearen lidergoa indartzea, jakintza sortzeko eta zabaltzeko eragile gisa eta euskal gizartearekin lankidetzan aritzeko eragile gisa, gizartearen lehiakortasuna eta garapena lortzeko.

Erronka horiek lortzeko, helburu eta ekintza batzuk jaso dituzte planean. 25 helburu ipini dituzte, eta 55 ekintzaren bidez erdietsi nahi dituzte. Nahi duten hori lortu dutela baieztatzeko erabiliko diren adierazleak ere zehaztu dituzte planean: 26 dira. Adibidez, berdintasuna eta genero ikuspegia ikerketan sustatzeko, belaunaldi ordezkapena bultzatuko dute ikerketa talde eta proiektuen lidergoan. Martinek eman du datua: «Ikerketa taldeen soilik herenek dute emakume bat buru; gure helburua da gizon eta emakumeen kopurua parekatzea». Era berean , hainbat jakintza arlotan diharduten ikerketa taldeen eta ikertzaileen arteko lankidetza bultzatuko dute, taldeen diziplina anitzeko izaera indartuz eta ikusgarritasuna bultzatzeko proposamen bateratuak eginez. «EHUren nazioartekotzeari beste bultzada bat eman nahi zaio, datorren hamarkadan gizartean, ekonomian eta ingurumenean sortu diren erronka berriei aurre egiteko», nabarmendu du.

Bilbo eta unibertsitateak

Osteguneko Bilboko Udalaren osoko bilkuran, unibertsitate pribatuak babestea leporatu zion oposizioak Juan Mari Aburto alkateari. Atzoko prentsaurrekoan kazetariek iritzia eskatu zioten arren, Balluerkak ez zuen eman nahi izan udalaren politikei buruzko iritzirik. «Nik soilik gureaz hitz egin dezaket, publikoaz, eta guk Bilbon dugun presentzia handitu nahi dugu». Gogora ekarri zuen Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea Bilbora ekartzeko proiektua, eta zehaztu zuen finantzaketa publikoa falta duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.