Pentsioak babesteko martxa

Bilbotik Madrilera doaz oinez 30 pentsiodun atzoz geroztik, 1992ko Burdinaren Martxa errepikatuz. Baina orduan ez bezala, ziur daude helburuak lortuko dituztela.

Errenta duinen aldeko martxa egingo duten 30 pentsiodunak Arriaga plazatik abiatu ziren atzo Madrilera bidean. Jendearen babesa izan zuten. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Jaka horia soinean zeraman, eta eskuetako batean, megafonia. Kaletik oihuka zihoan pentsioduna: «Horrela Madrilera arte!». Pentsiodunak ez zeuden Bilboko udaletxeko plazan, astelehenero batu ohi diren legez; Arriaga plazatik ateratzen ari ziren. Madrilerako bidea hartu berritan zeuden, 400 kilometroko ibilbidea izango duen martxaren lehen urratsak egiten. Inguruan begira zituzten herritar batzuk, zer gertatzen ari zen oso ziur jakin gabe. Pentsiodunetako batek hala esan zien arte: «Pentsiodunak oinez goaz Madrilera gure aldarrikapenak eramatera». Hori entzun bezain pronto hasi ziren txalotzen eta animatzen ingurukoak, eta pentsiodunak indartuta segitu zuten hiru aste iraungo duen martxan.

Urriaren 15ean iritsiko dira helmugara, eta bide osoan irudia behin eta berriro errepikatuko dela uste dute martxan doazen pentsiodunek. «Igarotzen dugun herrixka, hiri edo errepideetan elkartasuna topatzea espero dugu; hori izango da Madrilera iristeko beharko dugun erregaia». Luciano Gomez Luki gogobetez eta itxaropentsu abiatu zen, bidean lagunduko dien gainerako 30 pentsiodunak bezala. Izan ere, pentsio duinak lortzeko borroka irabaziko dutelako ziurtasuna dauka. «Denboran irauten ari gara, eta azkenerako pentsio duinak lortzeko helburua beteko dugu». Gainera, eremu geografiko ugaritatik atxikimenduak lortzen ari direla aipatu zuen, etahorrek agerian uzten du haien eskaera «zabala» dela.

Bilbotik abiatu zen martxaz aparte, Rotatik (Andaluzia, Espainia) beste zutabe batek hartu zuen Madrilerako bidea. Urriaren 15ean bat egingo dute bi taldeek, eta biharamunean manifestazioa egingo dute. Mobilizazioarekin bat egin dute dagoeneko Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Espainiako 250 pentsiodunen plataformek. «Astelehenero elkarretaratzen jarraituko dugu helburua lortu arte, frankismo ostean demokrazia lortu zutenak baikara hemen gaudenak, eta ez dugu etsiko pentsio sistema justu bat lortu arte», aldarrikatu zuen Javi Martinezek martxa abiatu baino lehen.

Burdinaren martxa, berriro

Iraganean eskubide sozialen alde borrokatu zen belaunaldi bateko ordezkari asko baitaude gaur egun pentsiodunen mugimenduan. Eta mobilizazio molde batzuk errepikatzen ari dira, gainera. Horren lekuko Madrilera martxa egitea. 1992an Bizkaiko Labe Garaien eta Asturiasko Ensidesaren itxieraren aurka, Burdinaren Martxa egin zuten siderurgiako langileek. Orduko hartan ere bi zutabe abiatu ziren, eta Madrilen topo egin ostean manifestazio bateratu eta jendetsua egin zuten. Martxa horretan bertan parte hartu zuen Lukik berak ere; beraz, bigarrenez egingo du ibilbide bera: «Orduko hartan ere eskubide sozial bategatik egin genuen martxa, lanerako eskubidea bermatzeko, eta orain ere berriz errepikatuko dugu bide bera».

Oraingo honetan, ordea, duela 27 urte baino sasoi hobearekin dagoela onartu du. «Atleta naiz orain, mendi lasterketetan parte hartzen dut, eta gainerako kideak ere ondo prestatuta daude». Baina fisikoki bakarrik ez, ilusio aldetik ere hobeto doazela zioen atzo lehen urratsak egiten hasi baino lehen.

Duela bi hamarkadako martxan, gainera, langileek ez zituzten euren helburuak lortu eta milaka lanpostu suntsitu ziren. «Batek baino gehiagok esan izan dit martxa hau berriz egin beharra neukala, Burdinaren Martxan eskuratu ez genuen helburua oraingo honetan lortu ahal izateko». Bidea errepikatuko du, eta etapa batzuk ere orduko berak izango dira, gainera. «Errepidean goazela nostalgia apur bat sentituko dut akaso, baina ilusio handiz noa, pentsioen borroka hau irabaziko dugulako». Iraganean ez bezalako aurreikuspenak zituen.

Oihartzuna errepikatzera

Burdinaren Martxa hark oihartzun mediatiko handia lortu zuen garai hartako prentsan, eta antzeko zerbait lortzea espero dute egiten ari direnarekin ere. «Martxa hari omenaldi bat egin nahi izan diogu», zioen Martinezek. Orduko hartan bezala, gainera, Espainiako Gobernuan sozialistak zeuden boterean, baina ez zion horri garrantzirik eman nahi izan. «Gure leloetako batek dioen bezala, berdin du nork gobernatzen duen, pentsioak defendatu egin behar dira. Orain, gainera, hauteskunde garaia izanda euren belarriak eskainiko dizkigute».

Apiriletik gobernurik ez izateari, gainera, ez dio garrantzirik eman Martinezek: «Ez dago aitzakiarik pentsioak eguneratu ez ditzaten; gu hilero ari gara gure zergak ordaintzen, eta horregatik ez dugu atzera pausorik emango alde horretatik». Alderantziz, 400 kilometroak egin arte aurrera besterik ez dute egingo aldarrikapenak Madrilera eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.