LABek ama bakarren zaintzarako eskubideak aldarrikatu ditu

Espainiako Auzitegi Gorenak ukatu egin zion ama bakar bati bi gurasoz osatutako familiek duten 32 asterako baimena. LABek salatu du zigortu egiten dela familia eredu nuklearretik irteten dena

Gizarte Segurantzaren bulegoaren aurrean egin zuen protesta LABek, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak martxoaren 8an argitaratu zuen epaia. Ama bakar bati ukatu egin zion umearen beste gurasoari legokiokeen baimena gehitzea bere amatasun baimenari, eta, modu horretan, doktrina ezarri zuen antzeko kasuetarako. 32 asteko baimena dute bi gurasoz osatutako familiek. Guraso bakarrei, ordea, 16 astekoa baino ez die aitortzen epaiak. Gizarte Segurantzak ere antzera egiten du, ama bakarrek bi gurasotasun baimen hartzea ukatu izan baitu, LABek Gasteizen egindako elkarretaratze bateansalatu duenez.

LABek epai hura kritikatu dufamilia ereduak aldatzen ari direla argudiatuz: «Familia eratzeko aukera horien artean dago ama bakarra izatea. Baina sistema kapitalista (zis)heteropatriarkal honek, mekanismo guztiak familia eredu nuklearra indartu eta saritzera bideratzeaz gain, hortik kanpo kokatzen diren aukera guztiak zigortzen ditu. Sistemak tresna guztiak ditu —baita juridikoak ere— bere gain eredu hori erreproduzitzeko, eta hau adibide bat gehiago da. Izan ere, bere interes ekonomikoetarako behar-beharrezkoa dauka familia eredu nuklearra».

Uste dute «zapalkuntza» bikoitza gertatzen dela: batetik, gehienetan emakumeak direlako guraso bakarrez osatutako familien buruak; bestetik, zaindua izan behar duen haurra ere diskriminatzen delako, ez baitituzte gainerako familia ereduetan jaiotzen diren haurren eskubide berberak zainduak izateko eskubideari dagokionez.

Berdintasun planak

Egungo berdintasun planak ere hartu dituzte ahotan, uste dutelako berdintasun planetan familia ereduak aintzat hartuta ere familia eredu tradizionala dela nagusitasunez erdigunean kokatzen dena gero. «Berdintasun politika hauek ez daukate gaitasunik arautik aterako den eredurik babesteko. Horregatik, politika feministak behar ditugu. Teorian, eredu desberdinak aitortzen dira, baina ez dira bitartekoak jartzen eskubide berak izateko».

LABen irudiko, lau eremutan eragin behar da: zaintza sistema publiko komunitarioa landu behar da; Euskal Herritik eta Euskal Herrirako egingo den Gizarte Segurantza baterako lan kode bat landu behar da; marko propio bat landu behar da, zeinean eredu hegemoniko «(zis)heteropatriarkaletik haragoko aniztasuna» kontuan hartu eta eskubideak aitortuko diren; eta eskubideak gauzatzeko bitartekoak eta aldaketa legalak behar dira. Bestela, «zuriketarako neurriak besterik ez dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.