Jaurlaritzak lege berean sartuko ditu indarkeria matxista eta berdintasuna

Emakumeen aurkako indarkeriaren «erroa» berdintasunik eza dela agerian utzi nahi du Emakundek. Zenbait eragilerekin egon eta gero erabaki dute lege bakar batean biltzea

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaren aurkako lege bat iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak legealdi hasieran. Azkenean, ordea, Emakundek hobetsi du 2005eko EAEko Berdintasun Legea berritzea, eta arau berean bateratzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik eza, eta indarkeria matxista. Lege berean txertatzea baliagarri izango da bien arteko lotura islatzeko, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren ustez. Erantsi du horrek 2005eko araudiaren «filosofiari» heltzen diola. «Lege horrekin, erronka berriei aurre egin ahalko genieke, bereziki emakumeen kontrako indarkeriaren arloari».

Landaidak argitu du «lege berri bat» balitz bezala garatuko dutela proiektua, baina aurretik egindako lana aintzat hartuta. Horrez gain, araudia garatu ahal izateko memoria ekonomikoa ere jasoko dute: baliabide ekonomikoak, giza baliabideak, teknikoak... «Batzordean zaudeten talde guztien erantzukizuna izango da baldintzak ematea lege hori mugarri bat izan dadin», eskatu zien Landaidak Berdintasun Batzordeko legebiltzarkideei atzo.

Lege proiektua aurkezteko eperik ez du zehaztu. Ordea, abiapuntu moduan, hausnarketa prozesu bat hasiko du. Zenbait eragilerekin batzartu ondoren erabaki du Emakundek berdintasuna eta indarkeria matxista lege berean bateratzea. Bada, prozesu horretan parte hartu zutenekin biltzen hasiko dira.

Erronka partekatuak

Hausnarketa prozesuan parte hartu duten eragileek bat egin dute araudiak izango dituen erronka berriak zehaztean, Landaidak azaldutakoaren arabera. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik ezaren eta indarkeria matxistaren arteko lotura egiteaz gain, zehaztu dute 2005etik izandako lege aldaketetara egokitu behar dela araudia; besteak beste, adingabeen eta nerabeen babesera. Biktimen eskubideak erdigunean jartzeko eta haiek ahalduntzeko beharra nabarmendu dute, eta indarkeria matxistaren aurkako eragileen prestakuntza premia ere bai. Prebentzioan, sentsibilizazioan eta ikerketan ere sakondu nahi dute lege berriaren bitartez.

Legebiltzarreko taldeek begi onez hartu dute Landaidaren iradokizuna. PSE-EEk argitu du nahiago zuela indarkeria matxistari helduko zion lege bat. EH Bilduk, gaiari nola heldu bainoago, legeak behar dituen baliabideak bermatzeko premia nabarmendu du. Elkarrekin Podemosek ohartarazi du «jauzi kualitatiboa» egiteko garaia dela. PPk, azkenik, malgutasuna eskatu du errealitate berriei heltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.