Hasi dira aho eta belarrien bila

Euskaraldirako izen ematea zabaldu dute: Interneten jarri dute aukera, eta postuak ipiniko dituzte herrietan. Mugimendu handia sortzen ari da: 400 udalerri baino gehiago batu dira

Hasi dira aho eta belarrien bila.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iritsi da herritarren txanda. Euskaraldiaren bueltan mugimendu handia sortu da hilabeteotan herri askotan, euskalgintzako eragileen bueltan. Euskal Herri osoko 400 udalerrik baino gehiagok bat egin dute Euskaraldiarekin, herri horietako talde euskaltzaleen eta udalen ekimenez. Entitateak ere ari dira bat egiten, eta beren kideen artean zabalduko dute Euskaraldirako deia. Herritarren garaia da orain, izan ere: izena emateko epea zabaldu dute. Beharrezkoa izango da ahobizi eta belarriprest modura 11 eguneko ariketa egiteko, eta komenigarria, Euskaraldiari buruzko azterketa bat egingo baitute. Bi hilabete falta dira Euskaraldirako: azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dute.

Iruñean ekitaldi bat egin zuten atzo, izena emateko garaia heldu dela iragartzeko. Euskal Herri osoko erakundeetako arduradunak elkartu ziren, eta euskalgintzako eragileetakoak. Hilabeteotan egindako bidea goraipatu zuten: elkarlanean ari direla eragile sozialak eta erakundeak, eta herriz herri oihartzun handia sortu duela Euskaraldiak. Mezua gehiago hedatzeko, kantu bat egin dute, eta atzoko ekitaldian eman zuten; Las Tea Partyk, La Basuk eta Ines Osinagak taxutu dute, Maddalen Arzallusen kolaborazioarekin.

Izena emateko webgune bat jarri dute, baina herrietan ere prestatu dituzte lekuak. Informazioa emango dute, batetik, ahobizi eta belarriprest rolei buruz, aukera ondo egiteko; bestetik, datu batzuk eskatuko dituzte izena ematean, ondorengo ikerketa soziolinguistikoa ahalik eta txukunen egiteko. Parte hartzaileei galderak egingo dizkiete 11 egun horien aurretik eta ondoren, egitasmoa nola joan den aztertzeko. Tartean, formazioa ere eskainiko dute herriz herri, hizkuntza ohiturak aldatzeko aholku gisa. Hori baita Euskaraldiaren helburua: aldaketa praktikoak egitea, ez euskararen aldeko jarrera agertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.