Enplegu sorrera handia izan da joan den hilean, Hego Euskal Herrian

Gizarte Segurantzan 21.000 lagun gehiagok kotizatu dute; urteko igoerarik handiena da, alde aldiz. Langabezia gutxi jaitsi da. Gora egin du kontratazio mugagabeak, baina %8 baizik ez da

Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Lehen itxura batean kontraesanezkoak diruditen bi datu eman ditu urrian Hego Euskal Herriko lan merkatuak: enplegu sorrera handi bat eta langabeziaren jaitsiera txiki bat. Hau da, langileen kopurua asko handitu da —21.128 langile gehiagok ordaindu dute Gizarte Segurantzaren kotizazioa—, baina enplegu bulegoetan langabe gisa agertzen direnen kopurua oso gutxi jaitsi da—559 langabe gutxiago—. Emaitza horien azalpenetako bat irakaskuntzaren egoera berezian bilatu behar da. Udako hilabeteetan behin-behineko milaka langile lanik gabe geratzen dira sektore horretan, baina enplegua berreskuratu ohi dute udazkena hasi ahala.

AFILIAZIOA

Galdutakoa aise berreskuratu du

Udan galdutako afiliazioak aise berreskuratu ditu Gizarte Segurantzak. Uztaila kaskarra izan zen, batez beste 5.437 afiliatu galdu zituelako, baina abuztua negargarri ere izan zen: 13.661 lanpostu galdu ziren, galerarik handiena 2008az geroztik. Bi hilabeteen artean, 19.098 galdu zituen sistemak. Bada, afiliazio horiek eta gehiago berreskuratu ditu urrian, 21.118 hain zuzen ere. Eta iraileko 4.638ak batuz gero, saldoa positiboa da: oporren hasieran baino 6.500 lagun ari dira lanean, legezko egoeran behintzat.

Urriko jauzi hori antzeman da urte arteko datuan. Afiliatuen kopurua 25.000 lagun handitzen aritu da urte batetik bestera, baina azken datua ia 30.000 lagunekoa da. Igoera handiena erregimen orokorrean gertatu da, eta horren barruan soldatapeko arruntetan, baina autonomoen kopuruak ere gorakada handia izan du (+1.912).

Enpleguaren sorrerari eta haren kalitateari erreparatu dio Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialetako lehendakariordeak. Onartu du Espainian barne produktu gordinaren gainetik hazi dela afiliazioa, eta BPGaren azpitik, berriz, Nafarroan. «Hazkundearen ereduan eta enpleguek sortzen duten balio erantsian alde oso esanguratsuak daudela» erakusten du diferentzia horrek, Laparraren arabera.

«Triunfalismoa» alde batera uzteko eskatu dio CCOOk Uxue Barkosen gobernuari, eta batez ere gazteen eta emakumeen enpleguaren kalitatea hobetzeko neurriak eskatu dizkio. Sindikatuekin eta CEN patronalarekin Enplegu Plana ez egin izana ere aurpegiratu dio Nafarroako Gobernuari. «Aukera garrantzitsu bat galdu du Enplegu Planari buruz ituna egiteko, osotasun bat emango liokeelako departamentu bakoitzak bere kasa hartzen dituen neurriei».

LANGABEZIA

Irailean pattal, eta urrian hala moduz

Langabe kopuruari dagokionez, irail pattal bati urri epel batek jarraitu dio Hego Euskal Herrian. Behera egin du langabeen kopuruak (-559), baina iazkoaren oso azpitik geratu da jaitsiera hori(—1.966). Gainera, ezohikoa bada ere, lurralde bakar bati zor zaio osorik: Bizkaian jaitsi egin da langabeen kopurua (-746), baina igo, berriz, Gipuzkoan (+93), Nafarroan (+63) eta Araban (+33).

Sektoreka alde handiak izan dira. Uzta bilketa askoren amaitzeak 388 langabe gehitu dituzte nekazaritzan, eta industriak, azkenaldiko joeraren aurka, ez du hilabete ona izan (-117), Nafarroaren eskutik batez ere. Beste sektoreetan, ordea, behera egin du: 250 langabe gutxiago eraikuntzan, 589 gutxiago zerbitzuetan eta 225 gutxiago aurretik enplegurik ez zutenen artean.

Azken urteko bilakaera, berriz, positiboa da:iazko urrian baino 9.782 langabe gutxiago daude erregistratuta Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Bizkaian jaitsi dira gehien (-4.375), eta haren atzetik Nafarroan(-2.141), Gipuzkoan (-2.082) eta Araban (-1.184). Langabezia tasa ere beherantz ari da: %12,4koa zen duela urtebete, eta %11,7ra jaitsi da orain. Biztanleria aktiboaren inkestaren datuek langabezia tasa txikiagoa eman berri dute, %9,3koa Euskal Herri osoan.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak epe luzeko langabeziari begiratu dio, bere eremuan egoera horretan zeuden 1.036 lagun langabezia zerrendetatik atera baitira azken hilean. «Berri ona da; ekonomiaren suspertzeak langabe kronifikatuenei ere aukerak ematen dizkiela erakusten du». Edonola ere, Artolazabalek onartu du adinak aurrera egin ahala zailagoa zaiela lana aurkitzea epe luzeko langabeei, eta hori dagoeneko «egiturazko langabezia poltsak» sortzen ari dela.

KONTRATUAK

Aste bateko kontratuak, jaun eta jabe

Urrian sinatutako kontratu kopurua %14 handitu da, baina horietako ia %92 izan dira aldi baterakoak. Are gehiago, LABek gogorarazi du behin-behineko kontratuetan %56 astebetekoak edo laburragoak direla. Hego Euskal Herrian, lau langiletik batek du aldi baterako kontratua, Europako Batasuneko tasarik handiena, Espainiakoaren ondoren». «Krisi handienaren hasieratik hamar urtera, itxi gabe dauden zauri sozial askorekin, eta atzeraldi berri baten arriskuarekin, beharrezkoa da aldi baterakotasun maila handiak salatzea», esan du LABek.

Behin-behineko kontratuak jaun eta jabe izan arren, azken urtean haien kopurua baino gehiago hazten ari da kontratu mugagabeena. Confebaskek aipatu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %3,6 handitu dira behin-behineko kontratuak azken urtean, baina %21,4, berriz, kontratu mugagabeak.

LANGABEZIA SARIA

Normala bezain kezkagarria

Azken datuek normaltasun kutsu bat eman diote langabezia sarien kopuruari. Normaltasun kezkagarri bat, esan nahi baita. Izan ere, abuztuan lanik gabekoen ia %30ek jaso zuten langabezia sari arrunta, kotizazioen arabera eskuratzen dena. Irailean —azken datuak hilabete horretakoak dira—, berriz, %23,7ra jaitsi da kopuru hori. Babesik gabeko langabeak, berriz, gehiago dira:%56,1 ziren lehen eta %61,6 dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.