Urtearen hasieran 11.000 lagunek utzi diote lan egiteari Hego Euskal Herrian

Gabonen amaierak ekarri du 2.974 emakume gehiago langabezian geratzea. Industriak eta eraikuntzak enplegua gehitu dute, eta haien eskutik jaitsi da gizonen langabezia

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Lehengo lepotik burua izan du lan merkatuak urtarrilean. Berri txarra da hori, urteko lehenengoa izan ohi delako hilabeterik txarrena enpleguarentzat. Gizarte Segurantzako afiliazioan atzeman da batez ere lan merkatuaren okertzea, batez beste 11.089 lagun gutxiago izan direlako kotizatzen eta, hortaz, lege barruan lan egiten. Beste modu batera esanda, abenduan lanean ari ziren ehun lagunetik batek lan egiteari utzi diola. Kopuru handia da hori, baina normaltzat ere jo daiteke: iaz 10.831 lagun jaitsi zen kotizatzaileen kopurua, eta 12.499 lagun, berriz, 2017an.

Lana galdu duten horietako asko ez dira Lanbidetik edo Nafar Lansaretik igaro izena ematera, langabe erregistratuen kopurua askoz gutxiago hazi baita: 1.813. Datu txarra da, baina ez da okerrena. Izan ere, 2008az geroztik soilik iaz handitu zen gutxiago langabe kopurua (+1.704). 2008-2016 epean 8.000 eta 10.000 langabe gehitu zituen urtarrilak, eta, 2017an, ekonomia %3 hazten ari zen arren, 4.101 batu ziren langabeen zerrendara.

LANGABEZIA
Gabon osteko betekada

Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan 317.008 langile ageri dira lan bilatzaile gisa. Horietatik 154.329k ez dute gaur egun inolako enplegurik. Abenduan baino 1.813 gehiago dira, baina iazko urtarrilean baino 10.654 gutxiago(-%6,4).

Langabe berri horiek zerbitzu sektorekoak dira, eta Gabonetako erosketa kanpaina amaitu ondoren galdu dute enplegua. Ohiko jokabidea izan ohi da hori lan merkatuan: azaroan eta abenduan langileak hartzen dituzte saltokietan eta ostatuetan, eta kalera doaz oporrak bukatzean. Gainontzeko sektoretan langabezia jaitsi egin da: 658 langabe gutxiago daude industrian, eta 443 gutxiago eraikuntzan. Azken bi sektore horietan gizonezkoak nagusi direnez, haien artean 1.161 langabe gutxiago zenbatu dituzte abendutik urtarrilera; zerbitzuetan enplegatzen direnez emakume gehienak, haien artean 2.974 langabe gehiago daude, LABek gogorarazi duenez.

Langabeen artean askoz gehiago dira emakumeak (88.502) gizonak baino (65.827), nahiz eta lan merkatuari buruzko azken inkestak esan duen iaz enplegua aurkitu zutenak, oro har, emakumeak izan zirela. ELAk nabarmendu du emakumeak direla langabeen %57,3, nahiz eta biztanleria aktiboaren %48 soilik osatzen duten.

Emakumeen langabezia tasa %13,7 da, eta %9,1, berriz, gizonena. Bien artean, %11,45 egiten dute. Tasa horretatik gora daude Bizkaia (%12,6) eta Araba (%12,7), eta behera, aldiz, Nafarroa (%10,6) eta Gipuzkoa (%9,7).

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak, berriz, aipatu du bere eremuko lurraldeetan azken urtean %9,8 gutxitu direla epe luzeko langabeak, eta %1,6, berriz, epe laburrekoak. «Horrek erakusten du ekonomiaren suspertzea lan egiteko aukerak ematen dizkiela langabe kronifikatuenei ere».

AFILIAZIOA
Krisi aurreko kopurutik hurbil, baina heldu gabe

2008ko afiliazio maila berreskuratu ezinik dabil Hegoaldeko lan merkatua. Abenduan 5.154 kotizatzaile falta ziren, eta orain beste 11.089 faltako zaizkio krisi aurreko kopuruetara iristeko. Lehen sektorea izan da urtarrilean kotizatzaileak berreskuratu dituen arlo bakarra (+139). Nafarroako Gobernuak azpimarratu du lurralde horretan Gizarte Segurantzako afiliazioaren txikitzea(-2.509) azken hamalau urteetako apalena izan dela.

KONTRATUAK
Mugagabeak gora, baina %8,6 baizik ez dira

Kontratu mugagabeek gehiago hazten jarraitzen dute aldi baterakoek baino, baina oraindik ez dira hamarretik bat. Urtarrilean %8,6 izan dira —%8,4 izan ziren 2018an, eta %7,8 2017an—. «Datuak oso kezkagarriak dira, eta ezin ditugu normaltzat hartu. Ekoizpen ereduak dituen egiturazko arazoak erakusten ditu, eta prekarizazioa hobesten duen lan eredua indartzen du», salatu du Euskadiko CCOOk.

LANGABEZIA SARIAK
Hamarretik seik, zero

Hobekuntza oso txikia ikusi da langabeen babesean ere. Duela urtebete langabeen %61,6k ez zuten inolako saririk jasotzen, eta %59,5 izan ziren abenduan (ordukoa da azken datua). Langabezia sari arruntak dutenak %22,5etik %25,1era igaro dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.