Osakidetzako lan eskaintza berriaren proba praktikoa ere test bidez egingo dute

26 lanpostuko enplegu eskaintza «eredugarria» izatea nahi du Osakidetzak. Aldaketek ez dute eraginik izango irregulartasun zantzuengatik errepika litezkeen azterketetan

Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusia atzoko prentsaurrekoan, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Osakidetzak hamabi aldaketa egingo ditu hurrengo lan eskaintza publikoan, iruzur salaketengatik auzitegietara heldu denaren ostean lehena. Aldaketokin langileen aukeraketa prozesua «eredugarria» izatea bermatu nahi du Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak. Horietako bat azterketa ereduari dagokio: proba teorikoaz gain, praktikoa ere test bidez egingo da. Orain arte baliatutako ereduan garatzekoa zen. Diegok nabarmendu du aldaketa hori «behin-behinekoa» dela. Hain zuzen ere, aitortu du adituen artean ere ez dagoela adostasunik, ea proba praktikoa garatzekoa izatea komeni den, edo test modukoa.

Eskaintza 26 lanpostukoa izango da, iazko deialditik at geratu ziren espezialitatekoak, eta urrian egingo dituztela iragarri du Osakidetzako zuzendari nagusiak. Lan eskaintzan egingo dituzten aldaketen berri eman zuen atzo Diegok, Osakidetzako egoitza nagusian. Hamabi aldaketa dira guztira, Osakidetzarekin batera aurreko lan eskaintzako jarraipen batzordean dauden sindikatuekin adostuak: SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuarekin, Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin eta UGTrekin. Bi ardatzetan eragingo dute aldaketa horiek: enplegu eskaintzako epaimahaietan, eta, esan bezala, azterketaren diseinuan.

Aldaketek eragin mugatua

Diegok azaldu du urrian egin asmo duten lan eskaintzarako onartutako hamabi proposamenek eragin mugatua izango dutela. Alegia, aldaketa horiek urriko deialdian baino ez dute eraginik izango. Edonola ere, aipatu du horietako batzuk mantentzeko aukera egon daitekeela. Osakidetzako zuzendari nagusiak gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrean prozesu bat martxan dagoela enplegu eskaintza publikoetarako eredu berria onartzeko. Are, eredu berri hori modu «mailakatuan» ezarri beharko dela adierazi du, eta iragarri du epaimahaiak eta bertako idazkariak zozketaz aukeratzeko erabakia mantendu daitekeela. EAEko Arartekoak neurri hori proposatu zuen, besteak beste.

Aldaketa horiek ez dute atzerako eraginik izango. Hau da, ez dituzte baliatuko aurreko lan eskaintzen irregulartasun zantzuak direla-eta errepika litezkeen azterketetan. Diegok azaldu du irizpide horiek zehaztuta daudela deialdiaren oinarrietan. Beraz, iazko hautaproben oinarriak aldatu beharko lirateke edozein aldaketa egiteko. Epaileek oraingoz ez dute ebatzi azterketak errepikatu beharko diren ala ez. Edonola ere, neurri bakarra iragarri du Osasun Sailak, oraingoz, azterketak errepikatuz gero: epaimahaiak berrituko lituzkete, baina, betiere, aurreko deialdiaren oinarrien arabera. Alegia, ez zozketa bidez.

Aurreko eredua, agortuta

Atzo aurkeztutako aldaketak iazko enplegu eskaintzaren iruzur salaketen kariaz hartuta egon arren, Osakidetzako zuzendari nagusiak lehengo eredua defendatu du. «Aurreko hautaproba ereduak ahalbidetu digu egungo profesional handiak izatea, baina agortuta dago». Are, Diegok nabarmendu du Jon Darpon Osasun sailburu ohiak iragarri zuela eredu aldaketa, iruzurren ikerketa auzitegietara heldu aurretik. Horren harira, atzo aurkeztutako aldaketek Darponek esandakoari erantzuten diotela iradoki du.

Azkenik, Osakidetzako zuzendari nagusiak argudiatu du zergatik ari den saiatzen kaltetu gisa aurkezten iazko hautaprobetan iruzurrak ikertzeko auzibidera. «Lehen lerroan egon nahi dugu zer gertatzen den jakiteko; interes handia dugu, Osakidetzaren beraren enplegu eskaintza bati baitagokio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.