Industria asetzeko azoka(k)

+Industry azoka handia inauguratuko dute gaur BEC erakustazokan; industria arloko zazpi adar biltzen ditu. 1.200 erakusle daude, eta 20.000 bisitari espero dituzte

Duela bi urte egin zuten azkeneko aldiz industriari lotutako azoken +Industry-ren azken ekitaldia. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Industriak gaur egun dituen erronkak zein diren jakin nahi duenak nahikoa luke Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokara joatea eta gaurtik ostegunera arte ikusgai egongo diren azokak bisitatzea. +Industry plataformaren barruan zazpi azoka jarriko dira, eta industriaren sektorean zeresana duten aldagaien inguruko azken berritasunak ezagutuko dira bertan: azpikontratazioa, lanerako tresnak, hiru dimentsioko piezen ekoizpena, enpresen digitalizazioa, makinen mantentze lanak eta balbulak. Denetara, 1.200 enpresa inguruk erakutsiko dituzte euren ekarpenak BECeko hiru pabiloietan.

«Erabiltzaile industrialentzako edo profesionalentzako bisita praktikoa izango da», azaldu du Mari Carmen Gorostiza BECeko industria eta energia arloko arduradunak. Industriarekin zerikusia zuten hainbat azoka batu, eta eskaintza osoagoa prestatzen hasi ziren 2015ean, eta Makina-Erremintaren Biurtekoa egiten ez den urteetan egiten da. Azken ekitaldia 2017koa izan zen. BECeko arduradunek aurreikusten dute zazpi azokek iraungo duten hiru egunetan denera 20.000 pertsona inguru bertaratuko direla. Hala ere, azoka bakoitzak bere bereizgarriak izango ditu.

AZPIKONTRATAZIOA

Azpikontratazioari eskainitako azoka hau historikoa da. 1981. urtean sortu zen, enpresa txiki eta ertainak ekoizle handiekin harremanetan jarri eta negozio aukerak bultzatzeko. «Zerbitzu bat bilatzen duen ekoizleak eskain ditzakeen horiekin harremanetan jartzen ditugu, eta azoka honek gune bat dauka elkarrekin egon daitezen». Gorostizak azaldu duenez, azoka ez da produktuetan oinarritzen, prozesuetan baizik. «Enpresa txikientzako topagune garrantzitsu bat da». Erakusmahaietan 27 herrialdetako 543 enpresa egongo dira.

INDUSTRY TOOLS

Ferroformaren errautsetatik sortu duten azoka berria izango da Industry Tools izena eramango duena: «Ferroformak bi atal zituen lehen: etxeko brikolajea, batetik, eta industriari lotutakoa, bestetik». Azoka hartatik kanpora atera dute industriari lotutako lan tresnen azoka, eta +Industry-ren baitan txertatzea erabaki. «Enpresa batek bere lantegirako behar dituen lan tresna denak topatu ahal izango dira bertan». 22 herrialdetako 343enpresek erakutsiko dituzte azken berritasunak BECeko pabiloietan.

ADDIT3D

Hiru dimentsioko piezak inprimatzen dituzten gailuek gero eta sona handiagoa daukate industria sektorean, eta «galderak ere gero eta gehiago sortzen dira», Gorostizaren arabera. «Ekoizpen prozesuan sistema horrek nola eragin dezakeen jakin nahi dute gehienek». Aurrez aurre galdetu ahal izango dute bertaratzen direnek, eta unean uneko erakustaldiak egingo dituzte azokan egongo diren 102 enpresetariko batzuek. «Metalaren alorrean urrats handiak eman dituzte azken urteetan, eta autogintza eta aeronautika sektoreetan interes berezia daukate».

BEDIGITAL

Izenean bertan dakarren bezala, enpresen digitalizazioan eta 4.0 industrian oinarrituta dago azoka hau. «Formatu oso praktikoa da, enpresa bakoitzak dituen beharrei erantzuteko proposamenak jaso ahalko baitituzte; izan ere, lantegi denek ez dute digitalizazioa eremu berean egin behar, eta enpresa bakoitzean erabaki behar da zer digitalizatu eta zer ez». Bigarren aldiz antolatu dute azoka hau, eta arrakastatsua izango dela uste du Gorostizak. 47 erakusmahai egongo dira.

MAINTENANCE

Makinen mantentze lanak ere gero eta digitalizatuagoak daude, eta prebentzioan aritzen dira horietako asko. Azoka honetan arlo horretan sakonduko da: lantegietako makinen mantentze sistemetan izandako azken aurrerapausoak erakutsiko dituzte bertan egongo diren 86 enpresek.

PUMP & VALVES

Gorostizak garrantzi berezia eman nahi izan dio balbulei eta bonbei bideratutako azokari. Hala egin du, azken batean nazioartetik bezero «garrantzitsuak» joango direlako BECera. «Egiptoko eta Xarjako [Arabiar Emirerri Batuak] erosle batzuk etorriko dira, eta arlo horretako hornitzaile bila iritsiko dira, gainera». Haren arabera, erosle potentzial horiek elkarrizketa eta datu truke interesgarriak eskainiko dituzte, eta horregatik garrantzia hartuko du, dioenez.

FITMAQ

Azkenik, bigarren eskuko makinen azoka egongo da. «Azoka hau oso interesgarria izan daiteke lan zehatz batzuetarako makina behar duten baina inbertsio alturik egin nahi ez duten enpresentzat». Gainera, makina horiek prezio oso lehiakorrak izango dituzte, Gorostizaren ustez. «Eta azoka horretarako eskaintza bereziak egongo direnez, salerosketak egongo direla aurreikusten dugu». Hamalau enpresatatik joango dira bigarren eskuko makinak erakustera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.