Koronabirusa munduan

Jatea dagoenean jokoan

Osasun alertan dago Mexiko, funtsezkoak ez diren jarduerak etenda. Presidenteak ekonomia informala izan du hizpide, jakinik kalean saltzen dutenetik bizi direla asko.

Hainbat herritar Mexiko Hiriko hornidura azoka zentralean, joan den astelehean, gobernuak osasun alerta ezarri zuen egunean. JOSE PAZOS / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Osasun-alerta egoeran dago Mexiko martxoaren 31tik. Koronabirusaren pandemiak eragindakoen berri emateko, orduz geroztik egunero, goizero, herritarrei mintzatzen zaie Andres Manuel Lopez Obrador presidentea. Gobernuak agindu du apirilaren 30era bitartean funtsezkoak ez diren jarduerak eteteko, eta herritarrei etxean gelditzeko eskatu die, prebentzio neurrien garrantzia azpimarratzeaz batera.

Munduko herrialderik populatuenetan hamargarrena den horretan pisu nabarmena duen kolektibo bati mintzatu zitzaion presidentea joan den astearteko hitzaldian. «Egunerokoan» ateratzen dituzten sosetatik «bizi direnak» izan zituen gogoan. INEGI Estatistikako eta Geografiako Institutu Nazionalak iazko abuztuan kaleratutako datuak kontuan hartuta, biztanleria landunaren %56 bizi da ekonomia informalak emandako etekinetatik. «Egunero ateratzen duten horretatik bizi dira asko, eta ezin diote lan egiteari utzi, bestela ezingo baitute jan», nabarmendu du Daiset Sarquis kultur kudeatzaileak (Mexiko Hiria, 1978). Edgar Benitez arkitektoarentzat (Toluca, Mexiko,1979), jarduera ekonomikoa eteteak «ondorio zailak» eragin diezazkieke horiei. Haietako asko kalean saltzen dutenetik bizi dira.

AEBen, hots, iparraldeko bizilagunaren zenbakiekin konparatuta, Mexikon apal antzean ari da hedatzen izurritea, batez ere herrialdearen hedadura eta biztanle kopurua (130 milioi pertsona) aintzat hartuz gero. Atzoko datu ofizialen arabera, 1.510 pertsona kutsatu ditu gaitzak, eta 50 hil. Gobernua gradualki ari da ezartzen neurriak. Martxoaren 20an agindu zuen eskolak ixteko; hain zuzen, birusaren ondorioz pertsona bat zendu zela jakin eta bi egun geroago. Gobernuko iturriek Mexikoko hedabide bati adierazi diotenez, agintariek herritarrei egindakoa etxean gelditzeko «gonbidapen enfatikoa» da. Lopez Obradorrek jakinarazi du armadari eta Poliziari ez diola ahalmen berezirik emango osasun-alerta egoeran. Marcelo Ebrard Atzerri ministroak iragarri du isunak jarriko dizkietela itxialdia saihesten ahalegintzen diren enpresei eta norbanakoei, are «erantzukizun penalei» aurre egin beharko dietela. Ez dago argi, ordea, nor arduratuko den hartutako neurriak errespetatzen direla egiaztatzeaz.

Sarquis jada ez da lantoki zuen kulturgunera joaten, eta apenas ateratzen den etxetik. Mexiko Hirian bizi da, «hipsterren» leku batean. Gobernuaren agindua gorabehera, badaki, lagunek esanda, enpresa askok irekita jarraitzen dutela. Eta kontatu diote hiriburuaren eremu txiroenetan, herrikoienetan, jendeak bizimodu «normala» egiten jarraitzen duela. «Portzentaje txiki bat da etxean geratzen ari dena; batez ere, erdiko klasea eta goi klasea». Benitez etxetik ari da lan egiten, eta nabarmendu du dirua aurreztua ez duen jendearen portzentajea «oso handia» dela. «Jarduera formaletan lan egin arren, herritar askok diru sarrera oso txikiak dituzte». Lopez Obrador bihar da «ekonomia berpizteko» neurriak iragartzekoa. Sarquisen esanetan, gobernuak zergak kobratzen jarraitzen du, eta herritarrak «kexu» dira horregatik.

«Harrituta» dago, bestalde, bidali dioten bideo batek agertzen duenarekin. Hiriburuko alde zaharrean grabatu dute. «Han inor ez da etxean geratu. Era askotariko negozio informalak dira nagusi». Bideoan ikusten dira poliziak, bozgorailu baten bidez herritarrei etxean geratzeko «gonbidapena» helarazten. «Harrituta nago, agintariek behin eta berriro esan dutelako segurtasun indarrak ez direla kalera aterako». Dena den, Mexiko Hirian nahiko ohikoa da militarrek maniobrak egitea espazio publikoan, eta Poliziaren presentzia konstante bat da.

Osasun sisteman gastu urria

Herrialdean badute osasun sistema publikoa. «Espezialista oso onak ditu, baita prestigioa ere, baina ez da egokia arreta arruntari dagokionez», zehaztu du Benitezek. Sarquisen aburuz, «oso-oso merkea» da, baina badu arazo bat, eta hori da «medikuek eta ospitaleek gainezka» egiten dutela. Adibide oso grafiko bat jarri du hori azaltzeko: «Sartzen zara, eta ikusten duzu Chipaseko familia batek lau egun daramatzala lurrean botata, beren txanda noiz iritsiko zain». Hori saihesteko, klase ertainek eta altuek, «horretarako gaitasuna dutenek» arkitektoaren hitzetan, aseguru pribatuak ordaintzen dituzte eta beste klinika batzuetara jotzen dute. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen 2017ko datuen arabera, Mexiko da —Latinoamerikako bigarren ekonomia— osasunean diru gutxien inbertitzen duten herrialdeetako bat: bere BGP barne produktu gordinaren %2,7 izan zen 2017an.

Felipe Calderon herrialdeko presidentea izan zenean (2006-2012), nolabaiteko erdibideko sistema bat ezarri zuen: aseguru herrikoia deitutakoa. «Ohikoa baino pixka bat garestiagoa zen. Funtzionatzen zuen. Calderonek egin zuen gauza on bakarrenetakoa izan zen», azaldu du kultur kudeatzaileak. Enrique Peña Nieto presidenteak (2012-2018) eutsi egin zion sistema horri, baina Lopez Obradorrek bertan behera utzi du. «Osasun sektorean murrizketa asko egin ditu. Kritikak jasotzen ari da ospitaleak hornidurarik gabe utzi dituelako». Sendagaiak, medikuak... Gobernua 40.000 mediku kontratatzekotan da.

Hori dela eta, osasun sistemak gainezka egiteak arduratzen ditu Sarquis eta Benitez. «Mexikon gertatzen bada Espainian eta Italian gertatzen ari dena, egoera, ziurrenik, askoz ere okerragoa izango da», esan du bigarrenak. Aurrenekoaren esanetan, «beldur hori» du gobernuak. «Epidemiaren aurretik ere bazen hornidura falta. Hugo Lopez-Gatell horregatik ari da esaten kutsatuen kurba lautu behar dela, kolapsoaren beldur delako».

Nolanahi ere, baikor daude gobernuak ezarritako neurriei dagokienez. Sarquis: «Datuak benetakoak badira, iruditzen zait kutsatuen kurba ez doala hain gaizki. Argentinan 40 milioi dira, eta okerrago daude. Mexikon bizi den jende kopurua aintzat hartuta, harrituta nago». Benitez: «Iritzi subjektibo bat da, baina esango nuke Mexikok aukerak dituela: populazioa ez delako Espainian eta Italian bezain zaharra, eta beste klima bat duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.