Koronabirusa

Erregulazioan daudenen soldatak %100 arte osatu nahi ditu ELAk

Erregulazioetan baliatzeko funts bat sortzea proposatu du, enpresen irabazien bitartez. LABek ohartarazi du ez dela egongo «egungo sistemari eusteko eztabaida guneetan»

Behargin bat Lanbideko bulego batera joaten, egunotan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
xabier martin
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Osasun krisia menderatzeko bidean jarrita dago Euskal Herrian, eta hark eragindako krisi ekonomikoa gero eta lehentasun handiagoarekin azaltzen hasi da eragile guztien agendan, baita sindikatuenean ere. ELAk aldi baterako erregulazioan dauden langileen egoeran jarri zuen lupa, atzo. Behargin horien lansariak euren ohiko soldataren parekora igotzeko funts bat sortzea eskatu zuen, ohar baten bidez. 1.200 eurotik beherako soldatak lirateke %100 arte osatu beharko liratekeenak, ELAren proposamenaren arabera; 1.500 eurotik beherakoak, berriz, %90 arte osatuko lirateke; eta hortik gorakoak, %80 arte baizik ez, 400 euroko gehienezko ekarpenarekin.

Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak gogoratu zuen azken hilabete eta erdian ekoizpen arazoen eraginezko erregulazioak askoz gehiago izan direla ezinbesteko arrazoiekin lotutakoak baino. «Egungo jokalekuan, jadanik osasun krisia krisi ekonomiko bihurtu den honetan, Euskal Herrian milaka lanposturi eusten lagunduko luke erregulazio arruntak osatzeko funts bat sortzeak». Edonola ere, ELAk argi dauka enpleguaren aldeko politikak behar direla, eta, horretarako, «ezinbestekotzat» jo zuen «sindikatu guztien, patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean akordio bat lortzea». Sindikatuak «berehala» jarri nahi du martxan itun hori: «Ezin gara hauteskunde politikoen zain egon, orain galtzen ditugun lanpostuak ez ditugu-eta erraz berreskuratuko gero».

Hala, ELAk uste du funts bat sortu behar dela erregulazioan daudenen lansariak osatzeko, eta hiru oinarri ere eman zituen hura egituratzeko. Lehena da soldaten zenbatekoen araberako osatzeak egiteko irizpidea, arestian aipatua. Proportzio horietan erregulazioan zehar enpresek ordaindu beharreko kotizazioak osatzea eskatzen du, era berean. Horrez gain, ELAren proposamenak dio enpresek bermatu beharko luketela enplegua mantenduko dela, kotizazioetan laguntzak jaso ahal izateko, «bereziki behin-behineko langileen lanpostuak». Eta funts hori finantzatzeko sozietate zergan «errekargu bat» egin dadila da hirugarren oinarria. «Hau da, enpresen irabazien bitartez bermatu dadila enpresen bideragarritasuna eta enpleguak aurrera egingo duela».

Patronalaren inplikazioa

Enpresen irabaziak eta erregulazioaren zakura eroritakoen soldaten osatzea lotzen ditu, beraz, ELAren eskaerak, eta sindikatuak berak badaki azken eskaera horretan dagoela akordioaren «gakoa», ahalezko itun hori ez baitu ulertzen «patronalaren inplikaziorik gabe». «Proposamen horrek lehen urratsa izan behar du enplegua ez suntsitzeko. Horrekin batera, produkzio eredua gidatzeko estrategia publiko sakona behar dugu. Bizitza erdigunean kokatuko duen sistema ekonomiko bat, pertsonen beharrei erantzungo diena, eta, horretarako, ezinbestekoa da lanpostuak suntsitu beharrean enpresak eraldatzea». ELAk uste du neurri horiekin batera langabezian izango direnentzako laguntzak aldatu behar direla, «pobrezia ekiditeko eta bidean inor ere ez gelditzeko».

Erabakiak hartzeko garaia dela azpimarratu zuen sindikatuak bere oharrean. «Alderdi politiko guztiei ausardia eskatzen diegu horrelako proposamen zehatzei buruz hitz egiteko helburuz elkarrizketak martxan jar daitezen eragile guztiekin».

Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren krisi mahaia izan da orain arte eragile sozial guztiak elkartzeko gunea, pandemiaren aroan, harik eta ELAk eta LABek utzi duten arte, «propagandarako» dela iritzita. Eta LABek ohartarazi zuen atzo, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren bidez, sindikatu abertzalea ez dela egongo «egungo sistemari eusteko eztabaida guneetan», dela krisi mahai hori, dela Elkarrizketa Sozialerako Mahaia. «Normaltasun berria eta beste eredu bat» erreibindikatzeko kanpaina plazaratu zuen LABek. Aranburuk azaldu zuen apustua ezin dela izan berreraikitze soziala eta ekonomikoa, «egungo ereduaren eraldaketa baizik». «Bizitza erdigunean jarriko duen beste eredu batek ordezkatu behar du egungoa».

Dogma liberalak, behera

LABeko idazkari nagusia ez zuen ezkutatu «garai oso zailak» datozela langileentzat, «baina baita aukera berriak ere», haren arabera, COVID-19aren pandemiak argi azaleratu baitu «sistemaren bideragarritasunik eza». Osasun krisiak «dogma liberal batzuk bota ditu». Hala ere, ohartarazi zuen EAJ eta patronala berreraikitzeaz ari direla eta elkarlana eskatzen ari direla, «baina joko zelaia finkatu dute, eta epailea erosi ere bai», Aranbururen arabera. «Baldintza horietan langileok ezin dugu irabazi». LABek «benetako eztabaida» nahi du beste eragileekin, baina «sistemari eusteko guneetan» ez da ariko.

ELAk eskatu bezala, LABek uste du erregulazioan dauden langileen soldatak bermatu behar direla, baina lansarien osagarri horiek benetako funtsa izan dezaten, «enplegu bermea» eduki behar dute alboan; «bestela, labur geratuko da soldatak osatzeko edozein itun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.