EBko kideak elkarrekin zorpetuko dira

Gobernuburuek uste dute akordioak Batasuna indartuko duela. Plana azaltzeko, Sanchezek konferentzia bat egingo du erkidegoetako buruekin

Rutte Herbehereetako lehen ministroa Kontseiluko presidente MIchelekin; ondoan, Merkel kantzilerra. S. LECOCQ / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Negoziazioen garrantzia erakusten dute mahai gainean izan dituzten kopuruak — inoizko handienak: 1,8 milioi euro guztira—, goi bilerak iraun duen denborak —minutu batzuk gorabehera, Europako Batasunaren luzeena—, eta izan dituzten eztabaida sutsuek. Baina bereziki garrantzitsua da Batasuna lehen aldiz zorpetu egingo delako, estatu kideak laguntzeko. Eta hori hala izatea onartu dute ahobatez.

Aurreko krisi handiak Batasunaren joskurak behartu bazituen, oraingo goi bilerak balio izan du horiek berregiteko, nahiz eta mesfidantzak agerikoak diren oraindik ere. Horixe azpimarratu zuten atzo parte hartzaile guztiek. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: «Europarentzat egun historikoa da». Eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak: «Europak erakutsi du gai dela hain egoera berezian bidea egiteko». Bileretan jarrerarik irmoena agertu duen Herbehereetako lehen ministro Mark Ruttek ere txalotu zuen akordioa: «Ona izango da merkatu komunerako».

Parisen eta Berlinen bat egiteak eta, bereziki, Berlinek aurreko krisian izan zuen jarrerarekiko izan duen aldaketak baldintzatu dute negoziazio prozesua. Orduan, iparraldeko eta hegoaldeko estatuen arteko talka irudikatu zen. Orain, Alemania mahaiaren beste aldean eseri da, eta lehengoari eutsi diote Herbehereak buru zuen Xuhurren Taldeak —Frugal Four —: kontrol gehiago ezarri nahi zuten Europako laguntzak jasotzen dituzten herrialdeen gainean, dirua erreforma ekonomiko sakonetara bideratzeko: lan sisteman eta pentsioetan, adibidez.

Baina horri uko egin gabe, haiek ere joan dira beren diskurtsoa modulatzen. Hasieran, Batasunaren zorpetzearen aurka azaldu ziren; hori galduko zutela ikusi zutenean, diru laguntzak murrizteko borrokari ekin zioten. Azkenean, poltsa hori %22 gutxitzea lortu dute, eta estatuek kredituen bidez ordainaraztea laguntzen erdia. Beste onura batzuk ere jaso dituzte. Batetik, kontrola handiagoa izango da hasierako egitasmoan ezarritakoa baino, nahiz eta troikaren mamua uxatu duten. Eta iparraldeko herrialdeek Batasunaren aurrekontuetan egiten duten ekarpena apalagoa izango da, laguntza txeke handiagoak izango dituztelako.

Denak irabazle

Laguntzen behar gehien izango duten herrialdeek hasiera-hasieratik bat egin dute Frantziaren eta Alemaniaren proposamenarekin. Eta laguntzena murriztu bada ere, pozik azaldu dira akordioarekin. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak Bigarren Mundu Gerra osteko Marshall plana-rekin konparatu du, eta jakinarazi du 170.000 milioi espero dituztela, laguntzak eta kredituak erdibana. Horrekin lotuta, iragarri du konferentzia bat antolatuko duela autonomia erkidegoetako presidenteekin, planaren berri emateko. Jaurlaritzak atzo azaldu zuenez, hainbat proiektu lantzen ari da Madrili laguntzak eskatu ahal izateko. Oso kritiko azaldu dira, berriz, ELA eta LABk sindikatuak. Azpimarratu dute negoziazioetan baldintzak okertu direla eta «soilik kapitalaren interesak» hartu dituztela kontuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.