Berotzea moteltzeko, metano isuriak murrizteko aholkatu dute

Metanoak karbono dioxidoak baino berotze ahalmen handiagoa du, baina hamar urteko bizitza soilik du. IPCCk ohartarazi du azken urtean nabarmen ugaritu dela gas mota hori

Karatxiko adreilu lantegi bat, Pakistanen. SHAHZAIB AKBER / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak astelehenean argitaratuko du hurrengo balorazio txostena, baina jasoko dituen puntuetako batzuk aurreratu ditu Gobernantza eta Garapen Jasangarrirako Institutuko buru eta IPCCko aditu Durwood Zaelkek, The Guardian egunkariari emandako elkarrizketa batean. Zaelkeren arabera, karbono dioxidoa murriztea ez da nahikoa klima larrialdia eteteko: beharrezkoa da berotegi efektua eragiten duen beste gas bat ere gutxitzea, metanoa.

IPCCren seigarren txostena izango da astelehenekoa, eta horaztertu dute gizakiak zenbateko eragina duen klima larrialdian, baita zer tarte dagoen ere egungo bidea iraultzeko. Dokumentuak jasoko dituen oharretako bat hau izango da: metano gasa gutxitu beharra. Izan ere, azken urteetan nabarmen handitu dira metano isuriak, ez bakarrik abeltzaintza industrialaren ondorioz, baita gasa ustiatzeko baliatutako haustura hidraulikoaren eta neurri egokirik gabe egindako petrolio ustiaketen eraginez ere. Zaelkek azaldu duenez, karbono dioxidoak baino berotze ahalmen handiagoa du metanoak —karbono dioxidoak baino 80 aldiz handiagoa—, baina, hura ez bezala, hamar urte inguruko bizitza du, eta CO2 bihurtzen da gero.

Adituek nabarmendu dute metano gasak murriztea dela luze gabe tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko bidea. «Metano isuriak gutxitzea da 2040a bitartean tenperaturen gorakada moteltzeko aukerarik hoberena. Larrialdi honi aurre egin behar diogu», nabarmendu du Zaelkek. Haren esanetan, agintariek arretaz irakurri beharko luketeIPCCren txostena, azaroan Glasgown (Eskozia) egitekoa duten goi bilera baino lehen: «COP26 goi bileran aintzat hartu behar dute arazo hau, eta konpontzeko neurriak hartu».

Metanoa murrizteak bultzada bat emango lieke klima larrialdia arintzeko ahaleginei, erregai fosilen erabilera, ikatzarena batez ere, gutxituz doan bitartean —ikatza da erregai fosilik kutsagarriena, eta azken urteetan gora egin du haren ustiapenak—. Ikatzaren erabilerak, baina, badu epe motzeko onurarik; izan ere, hura erretzen denean sufre partikulak askatzen ditu, eta horiek ezkutu moduko bat sortzen dute, zeinak eguzki izpiak desbideratzen dituen. Hala, ikatzaren erabilera murrizteak, luze gabe eta luzera begira Lurra babestuko lukeen arren, epe motzera berotegi efektua handituko luke. «Erregai fosilak erabiltzeari utzita ere, etete horren eragina ez dugu nabarituko 2050era arte; aldiz, sufrea atmosferatik desagertzen denean, berotzearen ondorioak nabarituko ditugu», azaldu du. Alde horretatik, adituak nabarmendu du metano isuriak gutxituaz denbora irabaziko litzakeela, Parisen ezarritako helburuetara iritsi ahal izateko.

Zalantza gutxi

Mundu osoko 200 zientzialari inguruk hartu dute parte IPCCren azken txosten horretan, eta 195 herrialdeetako gobernuburuek berretsi dituzte haren ondorioak. Bertan jasoko dute zein ondorio dituen gizakien esku hartzeak klima larrialdian, eta zenbateraino oker daitezkeen horiek, goi agintariek neurriak hartu ezean. Txostena Glasgowko goi bileraren atarian argitaratu izanak presio egitea du helburu. Izan ere, espero da batzar horretan estatuek klima larrialdia arintzeko konpromiso berriak hartzea, edo aurrez zituztenak handitzea.

Adituek dagoeneko iragarri dute, gaur egungo politikekin jarraituz gero, ez direla beteko Parisko Akordioan jarritako helburuak, hau da, tenperaturak gehienez ere 1,5 igotzea 2040rako, industria aurrekoekin alderatuta. «Txosten honek erabat argi utziko du zein den zientzialarien jarrera, eta baloia berriz ere gobernuen teilatuan geratuko da», nabarmendu du Corinne Le Querek, East Angliako Unibertsitateko (Erresuma Batua) zientzialariak.

Tenperaturaren gorakadak itsasoaren maila igotzea eragingo du. Adituen aurreikuspenen arabera, mende amaierarako 0,3 eta 1,1 metro bitartean igoko litzateke. Baina aurreikuspen okerrenek ohartarazten dute ezin dela baztertu igoera bi metrokoa izatea ere. Halako igoera batek milaka milioi desplazatu eragingo lituzke. Horrez gain, uholdeen maiztasuna ere handitu egingo luke, baita haien arrisku maila ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.