Langabe saria lortzeko baldintzak zorroztu dituzte Iparraldean

Lan egin beharreko gutxieneko epea luzatu du Frantziako Gobernuak, eta saria apalagoa izanen da. Sindikatuek salatu dutenez, «prekarioenak prekarioago» eginen ditu

Miarritzeko Enplegu Zerbitzu Publikoa, artxiboko irudi batean. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Langabeziaren erreforma osoki indarrean da Ipar Euskal Herrian. Lege joan-jinkarian ibili ondotik, azkenean, gaurtik aplikatuko dira neurri guziak. Urriaren 1etik erreformaren parte bat indarrean da jadanik, baina, sindikatuek zenbait neurriri helegitea ezarri zieten Frantziako Estatu Kontseiluan, langabezia saria lortzeko baldintzak zorrotzegiak izanen direla argudiatuta. Kontseiluak ez du onartu helegitea, eta, onespena eman ondotik, dekretua Frantziako Agerkari Ofizialean agertu da, osotasunean.

Dena den, erreformak bide luzea egin du. Izan ere, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak 2020eko urtarrilean ezarri nahi zuen plantan, baina COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz gibelatzea erabaki zuen. Urtea pasatu ondotik, osasun egoerak eragin duen krisi ekonomikoaren kari, «lanaren balioa» indartzeko asmoa adierazi zuen Macronek, iragan azaroan, koronabirusari aurre egiteko neurriak iragartzeko egindako agerraldi batean. Langabeziaren erreforma bururaino eramanen zuela berretsi zuen orduan.

Sindikatuen ustetan, indarrean sartzeko gorabeherek «nahasmendua» eragin dute. «Zernahi epe eman dizkio Frantziako Gobernuak erreformaren plantan jartzeari; gibelatzen aritu dira etengabe. Jendearentzat zaila izan da ulertzea noiztik aitzina sartuko zen zinez indarrean. Galduak ibili gara, eta, nahasmendu horretan, neurriak ongi ulertzea zaila da», gaitzetsi du Stephane Blondel Ipar Euskal Herriko LABeko permanenteak.

Sariaren apaltzea

Frantziako Gobernuaren arabera, hiru helburu nagusi ditu erreformak: gehiegizko epe motzeko lan kontratuen kontra egitea; langabezia saria kalkulatzeko moldean lan egindako epeak lanik gabekoak baino gehiago kontuan hartzea, eta enplegu galdegileak are gehiago laguntzea lanerako bidean.

Sindikatuek, ordea, «prekarioenak prekarioago eginen» dituen erreformatzat jo dute. Izan ere, langabezia saria lortu ahal izateko baldintzen ingurukoa da hautsak harrotu dituen neurria. Orain arte, langabezia saria eskuratu ahal izateko lau hilabete lan egin behar ziren azken 28 hilabeteetan. Hemendik aitzina, azken 24 hilabeteetan sei hilabetekoa beharko du lan epeak.

Bestalde, langabezia saria kalkulatzeko metodoa aldatzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Aldaketak lan epeak eta lan etenak aldizkatzen dituztenei eraginen die gehienbat. Izan ere, sariaren zenbatekoak kontuan hartuko ditu lan egindako eta lanik gabe egondako epeak. Horren eraginez, egunkako sari erreferentziala apalduko da, lanik gabeko egunak ere kontabilizatuko baitira. Hilabeteko langabezia saria ere apalduko da, beraz.

Haatik, erreformak manera emanen du langabezia saria hilabete gehiagoz hunkitzeko, apalagoa izanik ere. Blondel: «Kalkulatzeko modua lausoa da; horretan aditua ez bazara, ulertezina da. Frantziako Gobernuak plantan jarri duen kalkulatzeko modu berriak eragiten du herritarrek beren eskubideetatik are urrunago sentitzen dutela beren burua». Izan ere, Blondelek azpimarratu du langabezia saria ukan dezaketen herritarren erdiek ez dutela baliatzen eskubide hori, «desmartxen zailtasunagatik».

Aldi berean, lan kontratu mugatu «gehiegi» egiten dituzten enplegatzaileentzako bonus-malus sistema bat ezarri du plantan erreformak. Hala, kontratu labur gehiegi egiten dituzten enplegatzaileek langabezia aseguru gehiago ordaindu beharko dute; lan kontratu luzeak hobesten dituztenek, berriz, gutxiago.

Sindikatuek salatu dute lan arlo gutxi batzuetan besterik ez dela aplikatuko neurri hori, eta, gainera, 11 langile baino gehiagoko enpresetan soilik izanen dela indarrean. Hala, sindikatuen ustez «enpresa gutxi batzuei» eraginen die neurriak, eta langabezia sariaren apaltzeak, haatik, «langabeen gehiengoari».

Erraterako, langabeziaren araubidea kudeatzen duen Unedic erakundeak egindako ikerketa batek hauxe dio: langabezian dauden herritarren %63k ez dute agortzen langabezia saria. Bestela erranda, erreformaren ondorioz saria hilabete gehiagoz hunki badezakete ere, epe hori amaitu aitzin lan bat atzematen dute. Ondorioz, Unedic erakundeak dio langabezian diren herritarren %63ri apalduko zaiela hunkitutako sariaren zenbatekoa erreformaren ondotik.

Erreforma «maltzurra»

Sindikatuek salatu dutenez, erreformak «ez du lanerako bidea errazten», eta pandemia betean burura eramatea «maltzurra» da. CGT sindikatua kexu agertu da: «Pandemiak pobreenak —batez ere langabeak— kolpatu ditu gogorrenik. Frantziako Gobernuak krisiaren ondorioak areagotuko ditu, eta pobrezian murgilduko ditu langabezia aseguruen sistema mantendu izan balitz estuasunik gabe egon zitezkeenak».

CGTk uste du langabezian dauden herritarrak «are gehiago estigmatizatuko» dituela erreformak. «Langabezia garaiak bizi izan dituen edonork estresa areagotzen sentitu du, eskaera anitzen erantzunik ezagatik, elkarrizketa etsigarriengatik, bilaketa antzu hori frogatu ez izanagatik, eta justifikatu ezinak eragindako zigorrengatik. Langabezia garaiak bizi izan dituenak larritasunez ikusten du langabe sariaren amaiera; gizarteak alfertzat jotzen ditu, gainera, eta iritzi publikoaren zati batek iruzur egiten dutela susmatzen du».

LABeko Blondelek ere langabeen egoeraren okertzea salatu du: «Frantziako Gobernuak dirua aurreztu nahi du jendearen biziaren bizkar, sistema sozial bat deseginez». Eta uste du gaur egungo gizartean langabezia garaiak «iraute» garaiak direla. «Prezioak etengabe igotzen ari dira. Iparraldean, adibidez, etxebizitza bat alokatzea geroz eta garestiagoa da. Langabezian izanik oso zaila da; saria apaltzen bada, are gehiago». Laburbiltzeko, Blondelen ustez, «gizartearen pobretzea» dakar erreformak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.