Martxoak 8: greba feminista

Mugak, «pribilegio iturri»

Espainiako Gobernuak Bilbon duen Atzerritarren Bulegoa zigilatu dute ehunka lagunek. Salatu dute Atzerritarren Legeak «zapaldu» egiten dituela emakumeak.

Arrazakeria salatzeko ekitaldia, arratsaldean. J. FONTANEDA / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Etorkin arrazializatua naiz, baina ez lapurra». «Dena da esfortzu bikoitza niretzat; leku guztietan baztertzen naute». «Saltzen dizueten gorrotoa larrutik ordaintzen dugu guk». Mezu horiek zituzten kartelekin zigilatu zuten atzo Espainiako Gobernuak Bilbon duen Atzerritarren Bulegoa. Andre etorkinen mezuak ziren. Baina haiekin batera beste batzuk ere irakur zitezkeen: «Aita zaintzen duen emakume langile barneko bat daukat asteko zazpi egunetan. Europarra naiz, eta zuria». «Europarra naiz, eta lan erreformaren kontra protesta egiten dut, baina ez Atzerritarren Legearen kontra». Izan ere, mugimendu feministak kolonialismoa eta arrazakeria salatu nahi izan zituen ekintza horrekin, eta horrek, andre migratzaileei ahotsa ematea eskatzen duen neurri berean, Mendebaldeko gizartearen pribilegioak auzitan jartzea ere eskatzen du, Josefina Roco militante feministak ohartarazi duenez.

Batez ere Espainiako Atzerritarren Legearen aurkako oihuak entzun ziren bulegoaren parean elkartu ziren ehunka manifestarien ahotan. Salatu zuten lege horrek egunero hiltzen duela jendea: «Ez daudenen oihua gara», jarri zuten pankarta handi batean. Atzerritarren zentroak ixteko eskatu zuten. «Inor ez da legez kanpokoa», izan zen aldarrikapen nagusia. Eta, bandera feministekin batera, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren bakarren batzuk ere haizatu zituzten.

«Gizartea errotik aldatu nahi badugu, ezinbestekoa da mugak ikusgarri egitea eta muga horiek sortzen dituzten pribilegioak ikusgarri egitea», ohartarazi zuen Rocok. «Europako gizartea arrazakeriaren gainean eraikia dago. Eta, gure kasuan, [Espainiako] Atzerritarren Legea da oinarri nagusietako bat: legez kanpoko bihurtzen ditu, eskubideak ukatzen dizkie, ezkutuko merkatuan esplotazioa sufritzera bultzatzen ditu...».

«Pribilegioen piramidea»

Zehaztu zuen migrazioak Europara ekarritako andre gehienek «Europako kolonialismoak haien sorterrietan eragindako kalteetatik ihesi» etortzen direla, eta horren erantzule egiteko eskatu zion gizarteari. Era berean, azpimarratu zuen migrazioa bera oso arriskutsua dela, eta bide osoan «ikusezinak» direla. «Ez dakigu zenbat andre hil diren Mediterraneoan itota, zenbat Melillako hesia igaro ezinik».

Europara iritsita, generoagatiko bazterketaz gain, jatorriak, azalaren koloreak, ohiturek, erlijioak eta egoera administratiboak eragindakoak ere sufritu behar izaten dituzte emakume horiek. Gainera, bizi duten bazterketak esplotazioaren biktima izatera bultzatzen ditu, Rocok gogorarazi duenez. «Babesik ez dutenez, sexu esplotazioan bukatzen dute, edo eskubiderik aitortzen ez duten ezkutuko merkatuko enpleguetan».

Rocoren esanetan, gizarteak berak emakume migratzaileak «zapaltzeko baimena» ematen dio sistemari. «Babesgabe» geratzen dira, gizarte «kapitalista eta patriarkalak» sortutako «pribilegioen piramidearen» azpian. Horri aurre egiteko, feminismo «toleranteago» baten beharra aldarrikatu zuten mobilizazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.