Poloniaren bidea berresteko

PiSek gehiengo osoa lortu nahi du berriro biharko bozetan, EBrentzat gatazkatsuak izan diren neurrietan sakontzeko. Oposizioa bi bloke nagusitan aurkeztuko da: KO eta Lewica

ander perez zala
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Azken legealdian Poloniarentzat finkaturiko bideari zilegitasuna emateko helburuarekin aurkeztuko da biharko hauteskundeetara Legea eta Justizia (PiS) alderdia. 2015ean lorturiko gehiengo osoak bidea ireki zion nahi adina erreforma egiteko, eta, tartean Europako Batasunarekin (EB) gatazka handiak izan dituen arren, etxean herritarrek ez diote bizkarra eman alderdiari; are, inkesten arabera, babes handiagoa lortuko luke biharko bozetan, botoen %39 eta %47 artean jasota.

PiSen laguntza ekonomikoek ospe handia dute herritarren artean, batez ere familia bakoitzak jasotzen duen soldatak: hilean 125 euro ume bakoitzeko —haiek 18 urte betetzen dituzten arte—. Alderdiak bide beretik jarraitzeko asmoa du datorren agintaldian, eta horregatik proposatu du gutxiengo soldata progresiboki igotzea 2023ra arte: egungo 520 euroetatik 925 eurora. Erabaki horien eta beste hainbaten atzean dago Jaroslaw Kaczynski, teorianDietako (behe ganbera) diputatu soila eta PiSeko presidentea dena, baina praktikan Poloniako agintari garrantzitsuena dena; hark agintzen du, Mateusz Morawiecki lehen ministroaren eta Andrzej Duda presidentearen gainetik.

Hauteskunde kanpainan, Kaczynskik egonkortasunaren argudioa erabili du 2015eko botoei eusteko: langabezia tasa %5en inguruan dago, Polonia ekonomikoki hazi besterik ez da egiten, EBko seigarren potentzia da, eta esportazioek bizimodu duina izateko modua eman diete herritarrei, argudiatu duenez.

PiSek datu ekonomikoetan jarri du arreta herritarrak konbentzitzeko, baina oposizioko alderdiek gobernabidea izan dute hizpide, uste baitute gobernua geroz eta autoritarioagoa bilakatzen ari dela. Auzitegi Gorenaren erreforma litzateke adibide bat: uste dute botere banaketa urratu duela, gobernuari auzitegia kontrolatzeko ahalmena eman diolakoan; erreformaren arabera, Goreneko 72 epaileetatik 27k erretiroa hartu beharko dute espero aurretik.

Brusela oposizioaren iritzi berekoa da, eta, erantzun gisa, Europako Batzordeak Lisboako Ituneko 7. artikulua indarrean jarri zuen duela bi urte, justizia erreformak egitean EBk ezarritako balioei ez jarraitzeagatik —prozesua osatuko balitz, Poloniak boto eskubidea galduko luke Europako Kontseiluan—. Batzordeak beste pauso bat eman zuen herenegun: Polonia salatu zuen Europako Justizia Auzitegian, argudiatuta epaileak kontrolatzen dituela arrazoi politikoengatik.

PiSek kanpainan egin duen beste proposamen batek ere gatazka handia sortu du: kazetarien estatusa aldatzeko asmoa. Ofizialki, agintean dagoen alderdiak batzorde bat sortu nahi du kazetarien «arauak eta lan etikoa bermatzeko», baina oposizioak salatu du «askatasun demokratikoei eraso» egingo liekeela.

Ezkerra, ordezkari bila

Testuinguru horretan, oposizioko indarrak batu egin dira, iragan maiatzeko Europako bozetan egin bezala, eta bi bloke nagusitan antolatu dira: zentro-eskuineko Koalizio Hiritarrean (KO) eta ezkerreko Lewican, horiek 2015ean galduriko diputatuak berreskuratzeko helburuarekin.

Pisu gutxiago duen Poloniar Koalizio (PSL) liberalarekin gehiengora iristen badira, hiru indarrek jakinarazi dute ados jarriko direla PiS boteretik botatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.